INFO

Lan-deialdi publikoetako probak euskaraz egiteko oztopoak salatu ditu Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du lan-deialdi publikoetako prozesuetan euskaraz parte hartzeko oztopoak jartzen diren oztopoak eta euskaraz parte hartu nahi duten pertsonak diskriminatzeari uzteko eskatu diete erakundeei.

Proba psikotekniko baten artxiboko irudia. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Lanpostu publikoetarako hautagaiak probak gazteleraz egitera behartuta daudela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta, horrekin batera, erakundeei eskatu die azterketak euskaraz egin nahi dutenekiko «diskriminazioa» bukatzeko eta aukera berdintasuna bermatzeko.

Behatokiak ohar bidez azaldu duenez, euskara zein gaztelania jakitea beharrezkoa da hainbat lanpostu publikotan, «administrazioak bermatzeko betebeharra duen herritarren eskubide kontu bat» delako. Hala ere, hautaketa prozesuetan euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka dagoela diote.

Zehazki, azterketen kasuan, bi hizkuntzetan egin ahal diren arren «errealitatea oso bestelakoa» dela uste dute. Esate baterako, proba psikoteknikoetan azterketa euskaraz egitea eskatu arren, gaztelaniaz pasatu behar izaten dituzte hautagaiek. Honen aurrean administrazio publikoek erantzuten dutena da proba hauek ez daudela homologatuta euskaraz egin ahal izateko, «baina urteak joan ahala ez zaio konponbiderik eman», salatu dute Behatokitik.

Bestalde, azterketak prestatzeko liburuak, ikasgaiak eta materialak gehienetan gaztelaniaz izaten direnez, probak euskaraz egin nahi dituztenek «ahalegin berezia» egin behar dute, «berdintasun falta» agerian utziz.

Gainera, azterketak euskaraz direnean, askotan modu ulergaitzean idatzita daudela diote Hizkuntz Eskubideen Behatokikoek, eta, zalantzak sortzen dituztenez, hautagai euskaldunek probak gaztelaniaz egin behar dituztela.

Titulartasun publikoko enpresen kasuan, diotenez, hautaketa prozesua enpresa pribatuei esleitzen zaienez, ez dira behar bezalako neurriak hartzen zerbitzua euskaraz eman ahal izateko.

Euskotrenen kasua, «onartezina»

Irailean Euskotren enpresa publikoak atera zituen 15 barne deialdietatik soilik lauk izan zuten nahitaezko hizkuntza-eskakizuna, Behatokiaren aburuz, «enpresa honen izaera dela eta, kalitatezko zerbitzu bat emate aldera euskararen ezagutzak berebiziko garrantzia duen arren».

Hala ere, eta deialdiaren esleipenaren oinarrietan prozesua euskaraz egin ahal izateko gutxieneko batzuk bete behar direla zehazten den arren, honakoa salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: izen-ematea eta argibideak gaztelania hutsean zeudela; fase psikoteknikoa ingelesez ala gaztelaniaz egin behar izan zutela, soilik gaztelaniazko ortografiari buruzko galderekin; nortasun-testa gaztelaniaz egin behar izan zutela, eta zalantzak eta argibideak gaztelaniaz baino ez zirela eman.

«Onartezina da 400 hautagai baino gehiagok parte hartzen duten enpresa publiko bateko hautaketa prozesuan euskarari tratamendu hori ematea. Gainera, alor publikoko beste hainbat enpresatan antzerako kasuan eman dira, Behatokiak jaso dituen kexen arabera», adierazi dute.

Behatokiak eskatu du «behingoz» euskarazko proba psikoteknikoak homologatzea, azpikontratatutako enpresek egiten dituzten hautaketa prozesuak euskaraz egin ahal izateko klausulak txertatzea eta betetzen direla gainbegiratzea, ikasgaien materiala euskaraz eskaintzea gaztelaniazkoen kopuru berean, eta euskarazko probetako galderen hizkuntza-zuzentasuna zaintzeko neurriak jartzea.