INFO

76 urte dituen Joseba Arregi espetxeratu dute berriz, hirugarren graduaren kontrako erasoaldian

Joseba Arregi Erostarbe preso dago berriz Martutenen, hirugarren graduaren aurka Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak abiatutako erasoaldiaren baitan. Bertan behera utzi dute Lakuak onartutako hirugarren gradua, baldintza guztiak betetzen eta 76 urte dituen arren.

Joseba Arregi. (ETXERAT)

Hilabete eskasean lau euskal preso espetxeratu dituzte berriro, hirugarren gradua bertan behera utzi izanaren ondorioz. Azkena astelehen honetan jakin da; Joseba Arregi Erostarbe oñatiarra da, jada 30 urte preso egin dituena eta egun 76 urte dituelarik.

Xabier Atristain, Mikel San Argimiro eta Aitor Esnaolarekin egin berri duten bezala (eta aurretik Unai Fano, Iñigo Gutierrez, Jon Crespo..), Fiskaltzak aurkezturiko helegitea ontzat jo du Auzitegi Nazionalak. Eta horrekin batera, Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak egindako txostenak zein Lakuako Justizia Sailak hartutako erabakiak baliogabetu egin ditu. Erasoaldi honetan sakondu zuen Onintza Ostolaza abokatuak GARAk igandean argitaratutako elkarrizketan.

Nabarmentzekoa da kasu honetan hilabete asko luzatu dela Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren erabakia. Izan ere, otsailean onartu zuen Lakuak kalifikazio hau, beste zazpi presorenarekin batera. AVTk azkar jo zuen horren kontra, eta hedabide espainiar askotan Arregi izan zen zortzi kasuen artean bereziki azpimarratutakoa. Jarraian, helegite bakarra aurkeztu zuen Fiskaltzak; bere kontrakoa, alegia.

Berriro espetxeratze honek baditu ezaugarri bereziki larriak: izan ere, Joseba Arregik 76 urte ditu gaur egun, zenbait arazo fisiko pilatu ditu preso emandako 30 urteotan (1992. urtean atxilotu zuten), eta zigorraren hiru laurdenak 2020. urtean gainditu zituen. Europak agindu zuen legez Estatu frantsesean betetako urteak (hamar) espainolean kendu izan balizkiote, aspaldi egongo zela kalean salatu zuen Etxeratek.

Honetaz gain, hirugarren gradua eskuratzeko proposamena jada aurretik egina zuten Martuteneko kartzelako profesionalek, baina espainiar Gobernuaren menpeko Espetxe Zuzendaritzak ez zion kasurik egin. Eskumena Lakuak jaso zuenean, hori ontzat hartu eta kalifikazioa onartu zion Arregiri. Ondorioz, azkeneko bederatzi hilabeteak –hirugarren graduak dakartzan murrizketak tarteko– kalean egoteko aukera izan du, orain arte.