INFO

Asteasuko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du: 95. herria izango da

Asteasuko Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du, aho batez, Asteasu Batuz taldearen eta jeltzaleen aldeko botoekin. Beraz, datorren abenduaren 17an UEMAren batzar nagusiak herri berrien eskaerak onartzen dituenean, UEMAko  95. herria izango da, eta Tolosaldeko 22.a.

Asteasuko Udalak asteazken iluntzeko osoko bilkuran hartu zuen erabakia. (UEMA)

Asteasu UEMAko kide izango da. Asteazken iluntzeko udal osoko bilkuran hartu zuen erabakia Udalak, mankomunitatearen estatutuak onartu ondoren, aho batez, Asteasu Batuz taldearen eta EAJko zinegotzien aldeko bozkekin, bilkuran denek parte hartzeko aukerarik izan ez bazuten ere.

Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta UEMAk joan den astean ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean euskaldunen indizea %86,75ekoa da Tolosaldeko herri honetan. 1.549 biztanle ditu eta oro har euskaraz bizi dira, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, hauskortasunarekiko kezka ere badu Udalak, euskararen arnasguneetan ohikoa den bezala, edozein aldaketarekin egoera iraultzeko arriskua handia delako.

Gazteak akuilu, eragiteko asmoa

Euskararen kale erabilerari dagokionez, esaterako, 2021eko datuen arabera %73,30 euskaraz aritzen dira kalean Asteasun, baina lau urteotan nabarmen egin du behera kopuruak, 2017an %86,40 aritzen baitziren euskaraz. Haurren eta gazteen artean datuak askoz hobeak dira, eta horiek akuilutzat hartuta zein UEMAko kide bihurtuta, Asteasuko Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika aurreratu eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta UEMArekin batera.

UEMAk abenduaren 17an egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Asteasu mankomunitateko partaide izatea onartzen dutenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 22 izango dira kideak.

Hernani

Baliteke Asteasukoaz gain UEMAko kide izateko eskaera gehiago ere izatea. Hernaniko Udalak, esaterako, datorren asteartean du azaroko udal osoko bilkura, eta aztergaien artean du mankomunitatean sartzea.

Oraintsu arte, Hernanik ez zituen betetzen UEMAko kide izateko baldintza soziolinguistikoak, baina Eustatek urriaren amaieran zabaldutako eta UEMAk azaroaren 16an ezagutarazitako erroldaren datuak kontuan hartuta, gaur egun %70koa da Hernaniko euskaldunen indizea. Datu horrekin, UEMAko kide izateko modua du Hernanik, lehen aldiz, eta erabakia datorren astearteko udal osoko bilkuran aztergaien artean izango dute zinegotziek.