INFO

Zalgirisi irabazi ostean, Bartzelonan etxetik kanpo ere garaipena bilatuko du Baskoniak

Valentzia Basketi Euroligako aurreneko jardunaldian irabazi zionez geroztik, Gasteiztik urrun ezinean dabiltza Joan Peñarroyarenak. ACB Ligan urriaren 2an jokatu zuen Baskoniak Palau Blaugranak eta aurreneko erdian ederki aritu bazen ere, 89-74 galdu zuen azkenean.

Zalgirisen aurkako intentsitate berbera beharko dute gasteiztarrek Palau Blaugranan ere. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Saski Baskoniak etxeko berotasunean garaipenaren arrastoa berreskuratu zuen Zalgiris Kaunasen aurka, eta ez da gutxi. Are gehiago, atsedenaldian 42-44 galtzen izatetik azkenean 93-73 irabaztea egundoko aurrerapausoa da. Hori gutxi balitz, Daulton Hommes eta Steven Enoch ere kantxetara itzuli ziren asteazkenean –Enochek jokatu ez bazuen ere– eta hala, denboraldia hasi zenez geroztik aurrenekoz, Joan Peñarroyak lantalde osoa erabili ahal izan zuen.

«Oreka handiagoa izan dugu atsedenalditik aurrera. Erasoa ahaztu gabe, defentsan askoz ere sendoago moldatu gara. Horrek behar du gure bidea», azpimarratu zuen.

Pozarren zen, bestalde, Daulton Hommes ere. Susto galanta hartu zuen hegal-pibotak, Pierria Henryk baloi bat ohostu nahian aurretik eraman baitzuen, baina azkenean sentsazio onekin itzuli ahal izan zuen, esan zuenez.

«Gauzak bikain atera dira, astean zehar ederki entrenatzen jardun eta gero. Indartsu sentitu dut nire burua eta defentsan arin mugitzeko gauza naizela ikusi dut ere. Egunotan egiten ari garen lanaz fio naiz eta horrek guztiak inongo beldurrik gabe jokatzen lagatzen dit», adierazi zuen.

Ondorioz, 5-4 balantzea dutela, Euroligako sailkapenean seigarren postuan dira gasteiztarrak, Maccabi eta Zalgirisekin berdinduta, eta bigarren lekuan berdinean dauden Olympiacos, Real Madril, AS Monako eta Bartzelonarengandik garaipen bakarrera. Bada, ostiral gau honetan, 20.30etan hasita, Palau Blaugranan etxetik kanpo ere irabazteko kapaz dela erakusten saiatuko dira Peñarroyarenak.

Valentzia Basketen aurka aurreneko jardunaldian irabazi zutenez geroztik, ez dute zorterik izan gasteiztarrek, nahiz eta porrot guztiak ez diren berdinak izan. Hala, Asvel Villeurbanen kontra sekulako adarkada jaso zuten, lau laurdenak galdu baizituzten; Panathinaikosen aurka, aldiz, aurreneko erdian arabarrak hobeak izan ziren, baina atsedenalditik aurrera behera egin eta alde nabarmenaz galdu zuten; AS Monakoren etxean, berriz, garaipena eskuan izan zuten, baina azken minutuetan egindako akatsak larrutik ordaindu zituzten.

«Galdu arren, hauxe da bidea», esan zuen ziur Joan Peñarroyak partida haren ostean, eta asteazken gauean ere, Zalgirisekikoak egin eta gero, «atsedenaldian, joan zen astean Monakon egin genituen gauza on horiek gogoratzeko» eskatu ziela adierazi zuen Tarrasakoak.

Partida fisikoa

Ez da, bestalde, Palau Blaugranatik Joan Peñarroyaren taldea pasatzen den aurreneko aldia. Urriaren 2an, ACB Ligako bigarren jardunaldian pasa ziren gasteiztarrak eta 89-74 galdu zuten. Huraxe izan zen, hain justu orkatilan min hartu aurretik Steven Enochek jokatu zuen azkenengo partida.

Neurketa hartan ere bi zati oso ezberdin nabarmendu ziren. Atsedenaldian 39-51 aurretik ziren gasteiztarrak, baina bigarren erdian Saras Jasikeviciusenek maila fisikoa nabarmen igo zuten eta Saski Baskonia ez zen erantzuteko gai izan. Hala, bigarren erdiko partziala 50-23koa izan zen katalanen alde.

Partida hartako zenbakiei so eginez gero, azpimarragarria da Bartzelonak 35 jaurtiketa libre izan zituela alde eta 13 baino ez Baskoniak. Batez ere aurreneko erdian, katalanek makina bat bider joan ahal izan zuten 4,60 metroko marrara, eta neurri handi baten partidan bizirik jarraitzeko aukera izan zuten jaurtiketa libre horiei esker.

Bigarren erdian, bestalde, gasteiztarren ezin fisikoa Joan Peñarroyak ordaindu zuen. Bartzelonaren maila fisikoak Baskonia aurretik eraman bazuen, Tarrasako entrenatzailea egotzi egin zuten epaileek, bi falta tekniko adierazi eta gero.

Duskoren azkenego partida

Batez beste 88,3 puntu sartzen ditu Euroligan talde gasteiztarrak, eta hargatik, defentsa gogorra eta faltaren muga-mugan jokatzea hain gustoko duen Saras Jasikevicius Bartzelonako entrenatzaileak Baskoniari loreak bidali dizkio neurketa bezperan.

«Baskonia talde handia da. Ez da kasualitatea azken 20 urte hauetan Europako goiko muturrean aritzea. Akaso salbuespena iaz egin zuten denboraldi txarra izango zen», gaineratu du entrenatzaile lituaniarrak.

Gogoan izan behar da iazko azaroan Baskoniak sekulako egurra jaso zuela Palau Blaugranan. «Nik ez dut amorerik ematen sekula, baina taldeak bai», adierazi zuen partida amaieran Dusko Ivanovicek. «Ni ezagutzen nuen Baskoniak azkenera arte borrokatzen zuen beti eta azkenean saskibaloiak zegokigun tokian jartzen gintuen, baina talde honek borroka egiteari uko egin dio», adierazi zuen Montenegroko entrenatzaileak neurketa 93-67 amaitu ostean.

Hura izan zen Dusko Ivanovicen azkena Saski Baskoniako entrenatzaile postuan. Egia da 48 orduren buruan Kanaria Handiaren aurka ere Bijelo Poljekoak jarraitu zuela gasteiztarren aulkian, baina irabazita ere, kargutik botatzeko erabakia hartua zeukan klubak eta, hori gutxi ez eta, galdu egin zuen Baskoniak.

Kasualitatea edo ez, handik hilabete eskaera, abenduko aurreneko asteburuan, Neven Spahijaren aginduetara 78-91 nagusitu ziren gasteiztarrak Bartzelonara itzuli ziren hurrengo aldian.