INFO

Bizkaiko eta Gipuzkoako Merkataritzako langileek greba egin dute Black Friday egunean

Black Friday delako ospatzen den egun berean, Gipuzkoako eta Bizkaiko arropa-denden saltzaileek beste greba egun bat egin dute ostiral honetan pairatzen ari diren prekarietatea salatzeko.

Ehungintzako langileen protesta, Donostiako saltoki handi baten aurrean. (@ELAsindikatua)

Merkataritzako langileek greba eguna dute gaurkoa, ELAk deituta Gipuzkoan (Ehungintza), eta ELAk eta LABek Bizkaian (Orokorra, Ehungintza, Zapata eta larrugintza). Goizean goizetik aritu dira langileak piketeak egiten merkataritza zentro nagusietan eta, sindikatuen arabera, «arrakastatsua» izan da lanuztea, batez ere kate handienetan, eta Bilboko Cortefiel, Springfield, Woman Secret, Oysho, Ikks, Merkalcalzado edo Bobolik ateak itxi dituzte, besteak beste.

Hainbat hilabete daramatzate grebak egiten eta, hainbat bilera egin ostean, patronalak «bere horretan» jarraitzen duela eta langileek «soldatak izoztuta» dituztela salatu dute sindikatuek.

«Hain zuzen, enpresen mozkinek gora egiten jarraitzen dutenean, online salmentek inoiz baino gorakada handiagoa dutenean, eta lan kargak eta funtzioak biderkatzen ari direnean, lan baldintzak, ordea, gero eta okerragoak dira eta patronalaren asmoa da bajen osagarri gisa lortutako eskubideak ezabatzea, besteak beste», azaldu dute langileen ordezkariek.

Adierazi dutenez, langileak ez daude prest egoera hori onartzeko eta soldatak KPIaren igoeraren arabera igotzea aldarrikatzen dute. Bestalde, lan kargak arintzea eta online salmentaren ondorioz garatzen dituzten beste funtzioak aitortzea eta ordaintzea eskatzen dute.

«Gainera, azaroaren 25a den honetan, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea aldarrikatzen den egunean, azpimarratu behar da kolektibo feminizatuek sufritzen duten prekarietatea ere indarkeria dela. Bigarren mailako langiletzat hartzen dituzte eta prekaritatera kondenatu», gaineratu du ELAk