INFO

Lau partida segidan etxean jokatuko ditu Saski Baskoniak, igandean Gironaren aurka hasita

ACB Ligara igo berritan, talde katalanak oihartzun handiko izenak ditu, Marc Gasol –taldeko presidentea ere badena– Aito Garcia Reneses edo Pato Garino talde gasteiztarreko jokalari ohia kasu, baina Buesa Arena bisitatu behar dutenen artean arerio xamurrena dirudi.

Ikusi egin behar Sedekerskisek igandean jokatzerik duen edo ez. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxetik kanpo oraindik erren handi xamarra egiten du Saski Baskoniak, nahiz eta ACB Ligan bi garaipen badituen Gasteiztik kanpo –Zaragozan eta Miribillan– eta Euroligan ere, Valentziako garaipenaz gain, gero eta hurbilago duen etxean bezain arriskutsu izatea. Ostiral hontan 96-84 galdu arren Palau Blaugranan, azken emaitzak dioena baino ondotxo gertuago izan zuen talde arabarrak garaipena.

«Gure jokoa egin dugu 35 minututan, baina kontzentrazioa galdu dugu bi minutuz eta Barçak hanka egin digu. Halako kantxa baten irabazteko 40 minutu egin behar dituzu kontzentraturik». Penatan zen partida ostean Joan Peñarroya eta ez zuen arrazoi faltarik.

Etxean, bestalde, kontuak ondo ezberdinak dira. Egia da Saski Baskonia ez dela garaiezina, Olympiacosek eta Lenovo Tenerifek erakutsi duten moduan, baina etxean askoz sendoago dabiltza Joan Peñarroyarenak. Hori horrela, albiste onak Tarrasako entrenatzailea eta bere gizonentzat, hurrengo lau norgehiagokak etxean jokatu behar baititu Saski Baskoniak: ACB Ligako bi –Girona eta UCAM Murtziaren kontra (abenduaren 4a)– eta Euroligako beste bi –Armani Milano (abenduaren 1a) eta Munitxeko Bayernen aurka (abenduaren 9a)–.

Izenak ez dakar izana

Etorri bitez, baina, banan-banan arerioak eta lehenengoa ACB Ligara igo berria den Basquet Girona izango da, Buesa Arenatik igande honetan 17.00etatik aurrera pasako dena. Teorian bederen, hurrengo lau aurkarietatik xamurrena honek behar luke.

Sailkapen nagusian jaitsiera postuetatik gertuegi dago, 2-6 balantzearekin. Aurreneko lau demak galdu zituen Aito Garcia Reneses handiak zuzentzen duen taldeak, baina Betisi eta UCAM Murtziari irabazi ostean, Barça eta Kanaria Handiaren aurka galtzetik dator, lehiakor izanagatik.

Bistan denez, izenek izana ez dute egiten, edo oraindik ez bederen. Izan ere, izenei so eginez gero, errespetua sartzen du talde katalanak. Hasteko eta bat, Marc Gasolen bitartez. Baina klubeko presidentea ere baden honek 2019an NBAko eraztuna eraman zuen haren antz gutxi dauka; urteak ez dira alperrik pasatzen eta 37 urterekin, Gasol anaietan bigarrena bere kirol bizitzaren azken urratsak egiten ari da –nahiz eta oraindik ia 14 puntu sartzen ari den batez beste–, neurri baten profesionaletan lekua egin zion klubari mesedea itzultzeko intentzioz: klubeko akziodun nagusi bilakatu eta ACB Ligara itzuliarazi du, eta ez da gutxi, baina maila mantentzeko lanak izango ditu.

Gainontzeko aurpegi ezagunenek ere onenak aspaldi eman dituzte, tartean iraganean Saski Baskonian jokaturiko Pato Garino edo Quino Colom, edo Bartzelonatik Gironara joan beharra izan duen Pierre Oriola esaterako, Colomen kasuan 35 urte dituelako eta beste biei dagokienez, lesioek beren maila erasan dutelako.

Saski Baskoniarekin lotura duen Ondrej Hanzlik eskolta txekiarra ere Gironan dabil, azken bi denboraldietan Iraurgin lan txukuna egin eta gero klub gasteiztarrak utzita. Ez dauka, ordea, nahiko lukeen oihartzunik 20 urteko jokalari gazteak. Zortzi jardunalditik bost partidatan baino ez ditu minutuak izan Hanzlikek eta batez beste 2,2 puntu eta 0,4 errebote baino ez ditu pilatu orain arte. Azken jardunaldian, esaterako, Aito Garcia Renesesek deialditik at laga zuen.

Hala hain ezagunak ez diren izenak, dela Kameron Taylor hegaleko estatubatuarra –13,5 puntu eta 4,9 errebote lortzen ditu batez beste–, dela Dusan Miletic pibot serbiarra edo dela Maximo Fjellerup hegaleko argentinarra –2019ko Munduko Txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen honek ere, Garinok bezala– ari dira, nola edo hala, Gironaren gurditik tiraka.

Saski Baskoniari dagokionez, ikusi egin behar zein jokalari uzten duen kanpoan Joan Peñarroyak. Ostiralean ez zuen Tadas Sedekerskisek jokatu, eskuin hankako abduktoreetan arazoak zituela-eta. Arabarrek ez dute ezer berririk esan eta ondorioz, zorioneko kupoak betetzeko Kurucs, Raieste, Dani Diezekin, akaso Joan Peñarroyak beste jokalariren bat deialditik at laga beharko du.