INFO

Azken jokaldian irabazi du Ordiziak eta Gernikak punturik pilatu gabe jarraitzen du

Garaipen gogoangarria lortu du Ordiziak Altamiran El Salvador taldearen aurka (32-30). Gernikak, berriz, galdu egin du Universidad de Burgosen kontra (5-27). Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Eibarrek denboraldiko lehen partida irabazi du (29-24).

Valentin Cruzek sartutako azken jaurtiketarekin lortu du garaipena Ordiziak. (Jon URBE | FOKU)

Ordiziak Ohorezko Mailako talde indartsuenetakoa den El Salvador menderatu du etxean. Partida zirraragarria izan da, goierritarrak 10 eta 0 aurreratu dira lehen minutuetan. Imanol Aldonondok egindako entsegu bati esker eta Valentin Cruzek lortutako puntuekin. Valladolideko taldeak ordea, neurria hartu dio norgehiagokari eta berdinduta heldu dira atsedenaldira (13-13).

Bigarren zatiaren hasieran tartea ireki du markagailuan kanpoko taldeak bi entsegurekin. Ordu erdi bat geratzen zen amaierarako eta gipuzkoarrek ez dute amorerik eman. Luzapenean iritsi da azken entsegua eta Valentin Cruzek sinatu du garaipena azken jaurtiketarekin. Denboraldiko bigarren garaipena izan da Ordiziarentzat bost partidetan eta 10 puntu dituzte sailkapenean. Oraindik lehen postuetatik urruti daude. Izan ere, 24 puntu dituzte sailkapenaren buruan dauden Ciencias eta Quesos Entrepinares taldeek.

Bestalde, Gernikak beste porrot bat jaso du etxean Universidad de Burgos taldearen aurka. 5 eta 27 galdu dute eta oraindik punturik gabe daude sailkapenean.

Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Eibarrek Complutense Cisneros taldearen aurka denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Unben (29-24).

Ipar Euskal Herriko taldeei dagokionez, Biarritzek irabazi egin zion La Provence taldeari Agileran (20-8) eta Pro D2 ligako bigarren postuan kokatu da. Avironek 35-14 galdu zuen Montpellier taldearen zelaian.