INFO

Koronabirusak hamar hildako eragin ditu azken astean EAEn eta 223 gaixo ospitalean dira

Covid-19 gaitzak eragindako hamar hildako izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Lakuako Gobernuak jakitera eman duenez. Aurrekoan baino bi gehiago dira. Honekin batera, 223 gaixo ospitalean dira, joan den astean baino 17 gehiago. Horietatik hiru ZIUn dira.

Koronabirusarengatik gaixo den pertsona bat ospitalerako bidean anbulantzian, artxiboko irudi batean. (Gorka Rubio | Foku)

Covid-19 gaitzak eragindako hamar hildako izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azaroaren 21etik 27ra bitarteko astean, aurrekoan baino bi gehiago, eta 223 gaixo daude erietxeetan, joan den astean baino 17 gehiago, horietatik hiru ZIUn, Lakuako Gobernuko Osasun Sailak astelehen honetan argitaratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.

Guztira, covid-19 koronabirusaren 1.556 kasu positibo aurkitu dira EAEn azken astean, aurrekoan baino 90 gutxiago, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 146,00 kasukoa da, aurreko astean 140,80 kasukoa zen bitartean.

Lurraldeka, Arabako 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 133,56 kasukoa da (aurreko astean 134,47), Bizkaikoa 155,75 kasukoa (147,97) eta Gipuzkoakoa 131,17 kasukoa (127,70). Hiriburuetan, Gasteizko intzidentzia metatua 152,52 kasukoa da (duela astebete 150,50), Bilbokoa 195,82 kasukoa (190,57) eta Donostiakoa 135,65 kasukoa (136,75).

Bestalde, covid-19arekin infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko ugalketa tasa 0,98 da erkidego mailan (aurreko astean 1,03), eta lurraldeka, 0,94 Araban (1,05), 1,03 Bizkaian (1,01) eta 0,92 Gipuzkoan (1,07).

Azkenik, ospitaleen egoerari dagokionez, orotara 223 gaixo daude Osakidetzako zentroetan erietxeratuta covid-19aren ondorioz, joan den astean baino 17 gehiago, horietatik 220 ohe arruntetan (18 gehiago) eta hiru ZIUn (bat gutxiago).