INFO

Vandana Shiva ekintzaile ekofeministak Ignacio Ellacuria Saria jaso du

Lakuako Gobernuak astearte honetan Gasteizen eman dio Ignacio Ellacuria Saria Vandana Shiva mundu mailan erreferentea den aktibista ekofeministari.

Vandana Shiva Indiako aktibistari eman diote aurtengo Ignacio Ellacuria Saria. (Irekia)

Vandana Shiva doktore indiarrak garapenerako lankidetzako Lakuaren Ignacio Ellacuria Saria jaso du astearte honetan. Mugimendu ekofeministan eta biodibertsitatea babesteko eta krisi klimatikoaren aurrean nekazaitza aukera jasangarriak eraikitzeko borrokan mundu mailako erreferentea da sariduna.

Lakuako egoitzan egindako ekitaldian, Iñigo Urkullurekin eta sarituarekin batera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega izan dira, besteak beste.

Ignacio Ellacuria Sariaren epaimahaiak Indiako ekintzailearen lana aitortu nahi izan du, «bizitza eman duelako besteena salbatzen, lurraren eta gizakiaren bizitza babestuko duen indarkeriarik gabeko nekazaritzaren bidez».

«Larrialdi klimatikoaren arazo handiari buruzko ahots zuzena eta gertukoa izan da, eta, batez ere, ingurumenarekin oreka lortzeko alternatiba eskuragarriak, zientifikoki kontrastatuak eta eraginkorrak eskaini ditu, emakumeen balioa protagonista gisa jarriz», esan du epaimahaiak.

Vandana Shiva Navdanya Ikerketa Zientifiko, Teknologiko eta Ekologikorako Fundazioaren ordezkari moduan aritu da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak babesten duen erakundea. Fundazioak biodibertsitatearen eta hazien kontserbazioa eta nekazarien eskubideak sustatzen ditu, bereziki, emakumeenak.

Nazioartean, ekofeminismotik nekazarien eta naturaren eskubideen aldeko mundu osoko ekimenetan parte hartu du. 1998an, ‘Diverse Women for Diversity’ mugimendua sortu zuen, hamar milioi emakume baino gehiagorekin batera horien segurtasuna eta elikadura burujabetza ziurtatzeko.

Tokiko ekonomien aldarrikapena

Bere hitzaldian, Vandana Shivak Ignacio Ellacuria Saria eman izana eskertu du, eta tokiko ekonomiak aldarrikatu ditu egungo krisiei aurre egiteko alternatiba gisa.

Right Livehood Award saria ere jaso du, Nobel Sari alternatiboa izateagatik ezaguna, eta liburu ugari idatzi ditu, horien artean ‘Staying Alive’, Hegoaldeko herrialdeetako emakumeen pertzepzioak aldatzen lagundu zuena.

Lakuako Gobernuak ematen du Ignacio Ellacuria Saria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. El Salvadorren 1989an militarrek eraildako euskal filosofo eta teologoaren izena darama, eta bere xedea da herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonak, antolakundeak, taldeak edo ekimenak publikoki aitortzea.