INFO

Mikel Urdangarin: «‘Badena eta ez dena’ opari bat da, sari bat, fereka bat»

Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin lan egitea «zure esanetara dagoen plaka tektoniko batekin» aritzea bezalakoa dela aitortu du Mikel Urdangarinek. Magma, zure oinen azpian, etengabe mugitzen ari da, «baina sumendiaren ordez, magia sortzen da». Horren emaitza, ‘Badena eta ez dena’ diska sinfonikoa.

 

Mikel Urdangarinen unibertsoa sinfonikora eraman du BOS-ek. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren sorreraren mendeurrena eta Mikel Urdangarinen 25. urteurrena batzen dituen proiektu zabal baten bigarren emaitza, disko sinfoniko formatua duena, aurkeztu dute asteazken goizean Bilboko Euskalduna jauregian. ‘Badena eta ez dena’ izeneko lan hau berezia da oso, nolabait Euskal Herriko kulturaren bi erreferente hauek Aste Nagusian eskaini zuten kontzertua islatzeaz aparte, osagarri gehiagorekin janzten delako.

‘Badena eta ez dena’ «lan talde baten» emaitza dela azpimarratu nahi izan du Zornotzako musikoak. Lan honetan, Urdangarinen kantutegi propioa eta bere ‘unibertso’ musikalez gain, parte hartu duten beste kideen oinatzak ere argi aurkitu daitezke, profesional ezagun eta beteranoak lagun izan baititu: Bilboko Orkestra Sinfonikoa –«oso naturala izan da lan guztia, erraza oso; esaterako, aurreikusitako data baino lehenago bukatu genuen grabazioa», aipatu du Ibon Aranbarrik, BOSeko zuzendari nagusiak–; Iker Sanchez Silva, orkestrako zuzendaria; Koldo Uriarte ekoizle eta moldatzailea; eta, batez ere, Bingen Mendizabal konpositorea, berak egin ditu egokitzapen gehienak.

Lan talde baten lana, grabazio berezi batean

Aste Nagusiko kontzertuaren ostean grabatua, BOS-eko egoitza nagusian, ‘Badena eta ez dena’-k 15 kantu biltzen ditu, horietatik 13 Urdangarinen errepertorioko enblematikoak, orkestrarako egokiak. Obertura kanta berri batekin osatzen da. Urdangarinen zigiluan argitatua, datozen egunetan denda fisikoetan eta plataforma digitaletan egongo da salgai. Era berean, otsailaren 25ean, Mikel Urdangarinek eta BOSek kontzertua eskainiko dute Muxikebarrin, Getxon.

«Hemen akaso lan gutxien egin duena ni izan naiz. Lan hau opari bat da, sari bat, fereka bat», aitortu du Urdangarinek. «Amets baten gailurra da. Egia bihurtu den ametsa. Uste dut orain mende laurden amestu nuela noizbat orkestra sinfoniko batekin zerbait sortuko nuela. Ez nekien hartara oraintsu ehun urte bete dituen BOS bikaina izango nuenik bidaide. Eta amets hori bete da. Hainbeste urte dituzten abesti propioak BOSek interpretatuta entzutea ohore handia da. 80 musikariko orkestrarekin jo ahal izatea aprobetxatu nahi nuen, eta horrela, gainera, kantak ‘berraurkitu’ egin ditut, beste modu batera moldatuta daudelako. Nik ere gozatu egiten dut diska entzutean, ehun aldiz entzun ditudan kantak izanik nekatuta egon nintekeelako, baina niretzat argitasun berezia duten kanta hauei argi berria eman diete».

Ez da ohiko lan sinfonikoa, gainera. «Klaketarik gabe grabatu dugu, arrisku guztiak hartuta, baina ez dugu atalka grabatu. Normalean horrela grabatzen da, soinu indartsuagoa lortzeko eta editatzeko eta, ekoizterako orduan, nolabaiteko maniobra-maila ematen dizu. Guk orkestraren soinu purua jasotzea hautatu dugu. Hori da klaketarik gabe grabatzeak duen bertutea, orkestrak nola hartzen duen arnasa, nola azeleratzen den, nola atseden hartzen duen, nola zabaltzen den eta nola ustiatzen den sentitzen duzulako».

Koldo Uriarte Urdangarinen bandako kidea da eta berak egin ditu ekoizle lanak. Era berean, kanta bat moldatu du, ‘Munduari begiratzeko modu bat’: «Lan honetan Mikelen ibilbidean dagoen zerbait islatzen da, Mikel, bere diskoetan, beti egiaren bila ari delako. Ez baita soilik perfekzio teorikoaren bila ibiltzen, baizik eta egiaren bila abiatzen da. Bestalde, Bingen Mendizabalek ez da orkestrak dakiena edo orkestrak eman dezakeen ikusgarritasunaren bila ari. Agian ‘gutxiago gehiago da’ horren bila joan da, sakontasun bat azalaratzeko».
Zornotzako musikariaren 19. disko honetan bere ibilbide luzea laburbiltzen duten abestiak bildu dira. Orkestrarako moldaketa lagun handi baten esku utzi du, «hainbeste miresten dudan lagun baten eskuetan», aipatu duen bezala. Bingen Mendizabal gasteiztarra filme askoren soinu-banda egilea da –‘Secretos del corazón’, ‘La madre muerta’, ‘Alas de mariposa’...–, eta «erronka konplexu eta ilusionagarri» honi aurre egin dio.

 «Hauxe da nik idatzi dudan gauzarik onena», aitortu zion behin, lan hau gauzatzen ari zirenenean, Mendizabalek Mikel lagunari. Eta egin duen zailena ere izan daiteke, aurkezpenean aitortu duenez, BOS-en neurriko orkestra batekin lan egitea ez baitzaio erraza suertatu: «Pribilegio bat izan da, zineman ohituta bainago lana lehen bai lehen bukatu nahi duten orkestrekin». Zer lortu nahi izan du? «Kanta originalak bezalakoak izan ez daitezen lortu nahi nuen, beste bira bat eman nahi nien, beste toki batera eramatea nahi nuen».