INFO

Gazteen bizitzen «berehalako duintzea» exijitu du Ernaik zortzi ekimenekin

«Belaunaldi krisiaren erantzuleak markatuz» zortzi ekimen egin ditu Ernaik ostegun honetan gazteen bizitzen duintzea eskatuz. Ekintzok Mercadona supermerkatu batean, errepide bat moztuz, gasolindegi batean eta Kutxabanken bulego batean egin dituzte, besteak beste.

Debagoienan errepide bat moztu du Ernaik garraio publiko «duina» exijitzeko. (Ernai)

Ernai antolakundeak zortzi ekimen egin ditu Hego Euskal Herriko hainbat tokitan gazteen bizitzen «berehalako» duintzea eskatzeko, «neurri zehatzak eta erroko aldaketa» aldarrikatuz. Besteak beste, Leioako campusean dagoen errektoretzaren blokeoa eta Debagoienako San Prudentzio biribilguneko errepidearen mozketa nabarmendu dituzte.

Gazteen bizi baldintzen «erabateko prekarizazioa», hezkuntzaren «merkantikizazioa», jarrera matxista eta autoritarioen gorakada eta bizi eredu kapitalista eta patriarkalaren indartzea salatu dituzte ‘Orain dugu aukera dena aldatzeko’ dinamikaren baitan.

Horren aurrean, «lan duina gazte guztiontzat», emantzipaziorako eskubidea, osasun mentalerako baliabide publikoak, hezkuntza sistema publikoa eta energiaren eta oinarrizko produktuen prezioak mugatzea aldarrikatu dute.

Gasteizko Kutxabankeko sukurtsal batean aberastasunaren banaketa «erradikala» exijitu dute. (Ernai)

Beraz, EHUko errektoretza blokeatu dute Leioako campusean, Lanbideren egoitzan prekarietatearen aurkako ekimena egin dute; Gasteizko Kutxabankeko bulego batean aberastasunaren banaketa «erradikala» exijitu dute; Nafarroako hiru argindar egoitzatan eskuorri eta kartelen bidez elektrizitatea publikoki nola lortu zabaldu dute; San Prudentzio biribilguneko errepidea moztu dute Debagoienan garraio publikoaren alde; Arabako gasolindegi batean energiaren prezioaren igoera salatu dute; etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Sakanan eta Bizkaiko Mercadona batean produktuak lapurtu dituzte bizitzaren garestitzearen aurka.

«Mundua hankaz gora badago ere, orain dugu dena aldatzeko aukera. Orain egiten ez badugu, agian, bihar, beranduegi izango baita. Orain egingo diogu aurre bizitzen uzten ez gaituen krisi eta kapitalismo zisheteropatriarkalari», defendatu dute.