Bera Beraren estreinaldia Europan, derbia Atarrabian, Endesa Ligako liderra Gasteizera...
Liga F: Realak Bartzelona indartsua bisitatuko du
Liga F txapelketako 11. jardunaldia abiatzen lehena Reala izango da, Bartzelonaren zelaia bisitatuko baitu larunbat honetan 12.00etan. Oraindik partidarik galdu gabe dago talde katalana, azken urteetan hain ohikoa bilakatu den nagusitasuna beste behin ere berretsiz. Natalia Arroyoren taldeak bolada onari jarraipena eman nahiko dio –San Mamesen eta Levante Las Planasen aurka irabazi zuen– Johan Cruyff estadiotik zerbait positiboa ateraz.
Athleticek, bestalde, Madril CFF jasoko du, larunbatean, 16.00etan. Partida orotan indartsu lehiatzen den taldea da madrildarra, nahiz eta pasa den astean Huelvako Sporting-en aurka porrota jaso zuen (2-3). Bizkaitarrak, Vila-realen aurka garaipen erosoa eskuratuta, etxean pilatu dituzten emaitza onekin segitzeko helburua izango dute (sei partidatik bakarra galdu dute).
Alavesek, azkenik, igandean jokatuko du, 12.00etan, Huelvan. Iñigo Juaristik ezin hobeto hasi du ibilbidea aulki babazorroan, Betis garaituta (3-1), eta oraingo honetan berdina lortu nahiko du etxetik kanpo, arerio zuzena izan daitekeen Huelvako Sportingen aurka. Irabaziz gero, are oxigeno gehiago hartuko luke talde gasteiztarrak.
Bigarren maila: Eibarrek Huesca jasoko du (igandean, 18.30ean)
Alavesek ostiralean Granadan jokatuko duen bitartean (21.30ean), Eibarrek Huesca jasoko du igande honetan, 18.30ean, berriro ere garaipenaren bidera itzultzea helburu duela. Pasa den jardunaldian Cartagenaren aurka galdu ostean, sentsazioak berreskuratu nahi ditu Garitanoren taldeak. Aragoiko taldea, sailkapeneko 10.ena, erregulartasuna ezin bilatuta dabil eta armaginek hori probestu nahiko dute hiru jardunaldiren ostean hiru puntua batzeko.
EHF European League: Bera Berak multzoen fasea du amets
Aurten ohi baino beranduago abiatuko du Bera Berak Europako ibilbidea eta hori, nola ez, albiste zinez pozgarria da. EHF European League txapelketako hirugarren kanporaketa jokatzera sailkatu da zuzenean eta beraz, hau gaindituz gero multzoen fasera sailkatuko da, historian bigarren aldiz. Larunbat honetan, 20.00etan, joaneko partida jokatuko du Besançonen, Frantziako ligako 9. sailkatuaren aurka. Giuliana "Shula" Gavilan pibote argentinarrak, NAIZeko elkarrizketan adierazi legez, tentuz begiratzen dio partidari baina baita ilusio handiarekin ere. Joko paretsua daukan taldea da frantziarra, abiadura handiz jokatzen duena. Itzulera hilaren 11an jokatuko da, Donostiako Gaska kiroldegian, 11.45ean.
Ohorezko Maila: euskal derbia Atarrabian, 18.00etan
Eskubaloiko Ohorezko Mailan euskal derbia jokatuko da. Atarrabiako Indurain anaiak kiroldegian jokatuko da Zuazo eta Beti Onaken arteko derbia. Bi talde hauek lehen aldiz lehiatuko dira txapelketa ofizial baten eta biek ala biek, garaipena dute helburua, azken jardunaldian porrota jasotzetik baitatoz. Nafarrek estu hartu zuten Rocasa baina azkenerako, kanariarren potentzialaren aurrean amore eman zuten; bizkaitarrek, aldiz, partida hasiera kaskar baten ondorioz, ezin izan zuten Motive.co Gijon taldearen aurka zerbait positiboa atera eta beraz, 10. sailkatu bezala iristen da derbi honetara, Beti Onak baino postu bat beherago eta bi puntu gutxiagorekin.
Asobal Liga: Beherantz begiratzeari laga nahi diote
Europan belarrondoko mingarri askoa hartu du asteon Bidasoa-Irunek, baina atzera begiratuta egin litekeen gauza bakarra etorkizunerako prestatzea denez, hurrengo partidari begiratu behar dio talde gipuzkoarrak. Asobal Ligan bertan ere azken hiru norgehiagokak galdu ditu Jacobo Cuetararen taldeak. Bada, larunbat arratsaldeko 18.30ean hutsik ezin du egin Bada Huesca taldearen kontra. «Dinamika txarrean murgilduta gaude, baina hortik ateratzeko bide bakarra irabaztea da», adierazi du partida bezperan Bidasoa-Irunen entrenatzaileak berak.
Danimarkan Rodrigo Salinas, Iñaki Cavero eta Jon Azkue gabe jokatu zuen talde gipuzkoarrak. Ikusi egin behar gutxienez Txileko jokalaria berreskuratzeko moduan den Cuetara, berak esan bezala, dinamika txar horretatik ihes egin eta egun Asobal Ligan duen zazpigarren postu horretatik goranzko bidea berrekiteko.
Igandean 17.30etan Balonmano Logroñoren kantxan jokatuko du Helvetia Anaitasunak. Iruindarrekpasa den jardunaldian sei partidako lehortea amaitu zuten halakoren baten, Guadalajarari 38-30 irabazi eta gero. Ez du lan errazik izango Quique Dominguezen taldeak garaipen horri beste batekin jarripenik emateko, Errioxako taldea sailkapen nagusian seigarrena baita, Anaitasunak baino lau puntu gehiagorekin.
Endesa Liga: Liderra Mendizorrotzara dator
Osteguneko balentria atzean utzi behar dute Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak olatuaren aparretan jarraitzeko. Gaasteiztarrek bereziki lan oso zailak dituzte igande arratsaldeko 19.00ak alderako, Basket Zaragoza baitatorkie bisitan Mendizorrotzara. Hau da, Ligako liderra.
Baina Kutxabank Araski ere Gironan irabaztetik dator, nahiz eta Anika Holopainenek ezin jokatu eta «erretiroa behin behinean atzean utzi duen Laura Pardo pibot gasteiztarra erabili behar. Madelen Urietak talde izaera azpimarratu zuen Fontajaun 62-64 nagusitu ostean, baina Amurrioko entrenatzaileak badaki aurten Kutxabank Araskik etxean egiten duela errenik handiena, eta Zaragozaren aurka lan zaila izango duela garaipena bermatu eta Top 8an are eta sendoago finkatzeko bere burua.
Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, eskuak igurtziz hartuko du Clarimnoas Tenerife Malosten igande eguerdian, 12.00etatik aurrera. Nola ez dio ba talde bizkaitarrak Emakumeen Ligako azkenari irabaziko Perfumerias Avenidari irabazi berritan? Galdera hori askoren buruan ibiliko da, baina hobe lukete Anna Montañanaren emakumeek halako kontuetan denborarik ez galtzea.
Ezusteko estrapozua IDK Euskotrenek egin zuen ostegunean Ensinoren aurka Donostian eta ondorioz, Top 8tik at dago uneotan Azu Muguruzaren taldea. Igande arratsaldean 17.45ean Bartzelonaren kantxan jokatu behar dute gipuzkoarrek. Ez da toki txarra osteguneko belarrondokoari buelta emateko, talde katalana bera ere ez baitabil katolikoegi, nahiz eta sailkapen nagusian zazpigarren postuan dabilen; Valentziaren aurka egundoko muturrekoa jaso zuen: 91-34.
Binakako txapelketa: bigarren jardunaldia
Asteazkenean bukatu zen Binakako txapelketako lehen jardunaldia eta apenas egun bateko deskantsua izan ostean, Elordi eta Zabaleta ostiral honetan itzuliko dira pilotalekura, Ezkurdia-Martija bikotearen aurka bigarren jardunaldiko lehen partida jokatzeko, Zornotzan (22.15ean). Bi bikoteek garaipena erdietsi zuten lehen jardunaldian.
Larunbatean, Lizarran, 18.15 aldera, pasa den asteburuan lehen puntua erdietsi zuten Peña-Mariezkurrena bikoteak Jaka-Arangurenen aurka jokatuko du, estreinako partidan, gutxigatik (22-21) galdu zuten bikotearen kontra, alegia.
Laso eta Imaz izan ziren partida estu hura irabazi zutenak eta igande honetan, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka neurtuko dituzte indarrak (Bilbon, 18.00ak aldera). Hauek, lehen jardunaldian porrota jaso zuten.
Bigarren jardunaldia Tolosan bukatuko da, asteartean, hilak 6, 18.00etan. Altuna III.a –errekuperatuz gero– eta Tolosak osatzen duten bikotea Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka arituko dira; biek ala biek lehen garaipena izango dute helburu.
Lau eta Erdiko finalerako txartelak banatuko dira
Astebeteko atsedenaldiaren ostean, bi finalerdiak jokatuko dira igande honetan (12.00etatik aurrera) Abadiñoko Matienako pilotalekuan eta gaur egun ikus daitezkeen bi partidarik onenez gozatzeko aukera izango dute pilotalekura hurbildu edo jaialdia ETB-1n bidez ikusten duten pilotazaleek.
Hasteko, aurtengo Binakako txapela elkarrekin irabazi zuten Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminderi elkarren aurka jokatzea egokitu zaie finalerako lehen txartelaren bila. Estilo desberdineko pilotariak izan arren, Laukizko atzelariak tantoak amaitzen abilezia handia erakutsi du txapelketan zehar eta partida orekatua espero da bi bizkaitarren artean.
Bigarren finalerdian, berriz, egungo txapelduna, Amaia Aldai, Biarritzen zilarrezko domina kolkoratu zuen Miriam Arrillaga izango du parean. Dimakoak mimoz prestatu du bere txapelaren defentsa eta azkeneko emaitzei erreparatuta, jokatzen dituen ia partida guztietan faborito irteten da, baina ederki daki horretarako bere onena eman behar duela eta gorriz janztearen presioak historiako txapeldun handienei, emakume zein gizon, ere eragiten diela.