INFO

Maddi Barber eta David Pérez Sañudo, Zinemaldiko Ikusmira Berriak programan

Donostiako Zinemaldiak iragarri ditu Ikusmira Berriak programan parte hartuko duten sei zinemagileen izenak: Sameh Alaa, María Alché, Naomi Pacifique eta Maddi Barber (‘592 metroz goiti’, ‘Urpean lurra’) eta David Pérez Sañudo (‘Ane’) euskaldunak dira hautatuak.

Maddi Barber lakabearra da sei hautatuetako bat. (Gorka Rubio | FOKU)

Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa egileen proiektu zinematografikoak aukeratu dituzte hurrengo urteko Donostiako Zimenaldiko Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko. Guztira 348 proiektu aurkeztu dira programara.

Euskal kategorian aukeratua, David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) zinemagileak Ikusmira Berriak programan parte hartuko du ‘La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome’ (‘Erasmus baten azken gaua Erroman’) filmarekin. Egilearen bigarren film luzea da ‘Ane’ (2020) lanaren ostean; azken hori New Directors sailean lehiatu zen eta Irizar Saria eskuratu zuen Donostia Zinemaldian.

Bestalde, Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafar zuzendaria Estatuko kategorian hautatu dute, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean ‘592 metroz goiti’ (2018) eta ‘Urpean lurra’ (2019) lanak aurkeztu ondoren, fikziora egingo du jauzi ‘Claros de bosque / Florest Clearing’ (‘Basoko argiak’) proiektuarekin. Lan horrek Noka Mentoring programaren laguntza ere jaso zuen.

Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa (Hiroshima, 1996) japoniar zuzendaria aukeratu dute. Sorkuntzako graduondokoa egin zuen zentro horretan, eta, zenbait film labur zuzendu ondoren, egoitza aprobetxatuko du ‘Ulysses’ filmean lanean jarraitzeko. Iraupen luzeko filma da, eta dagoeneko zenbait zati filmatu ditu.

Naomi Pacifique (San Jose, Costa Rica, 1994) suitzar-holandar zuzendariak ‘After the night, the night’ film luzearen bere proiektua garatuko du ‘After the room’ (2021) filmarekin hasitako film laburren triptiko baten barnean. ‘After the room’ Zinemaldiko Nest sailean eman zen eta Zilarrezko Pardino saria irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian.

Sameh Alaa (Kairo, 1987) egiptoar egileak film labur onenaren Urrezko Palma irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian, ‘I Am Afraid To Forget Your Face’ (2020) lanarekin, eta bere lehen film luzea egingo du ‘I Can Hear Your Voice… Still’ izenburupean.

Azkenik, María Alché (Buenos Aires, 1983) argentinar zinemagile eta aktoreak bere bigarren lana izango den ‘Te amo y hoy todo es hermoso / I Love You and Everything is Beautiful’ filmarekin parte hartuko du. Aurrez, ‘Familia sumergida’ (2018) filmarekin egin zuen debuta. Lan hori Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen eta Zinemaldian Horizontes Saria irabazi zuen Zinema Eraikitzen ekimenean egon eta gero.

Zortzi asteko egonaldia

Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 6an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara eta, bertan –Artisten Gunean–, apirilaren 16ra arte lan egin ahalko dute euren proiektuen garapenean. Epe horretan, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte.

Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak eta euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi postprodukzio-enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.