INFO

Aurkariak xehatuta lortu dute finalerako txartela Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldaik

Gernikarrak 22-2 irabazi dio Enara Gaminderi sekulako erakustaldia emanda eta egungo txapeldunak ere ez dio inolako aukerarik eman Miriam Arrillagari (22-7).

Aldai eta Agirrezabalak jokatuko dute kaiolako finala. (Iñigo URIZ/FOKU)

Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldaik, entrenamenduetako hamaika orduetan elkar ondu duten bi pilotari eta adiskidek jokatu dute datorren larunbatean Zornotzan Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala, Matienan jokatutako finalerdietan Enara Gaminde eta Miriam Arrillaga txikitu ostean. Hotzari aurre eginaz Matienako pilotalekua bete duten pilotazaleek agian emozio gehiagoko partidak merezi zituzten, baina egunero ikusten ez diren bi erakustaldiz gozatu ahal izan dute eta gustura joan dira etxera. Gizonezkoen esku pilotaren historia baldintzatu duten bi pilotarien arteko lehia handienek bezala, Arrizabalaga eta Aldairen arteko neurketek kapitulu berezi bat mereziko dute emakumeen esku pilotaren historiaren liburuan eta dagoeneko klasiko bihurtu den demaren edizio berri batez gozatzeko aukera izango dugu larunbatean Zornotzako pilotaleku ederrean.

Lehengo partidan Olatz Arrizabalagak xehatu egin du (22-2) aurreko kanporaketan horren itxura ona eman zuen Enara Gaminde. Partida orekatuagoa espero zuten pilotazaleek eta baita pilotariek eurek ere, baina gernikarrak emandako erakustaldia ohikoaz kanpo egon da. Hasieratik argi zuen Arrizabalagak piloteoa ekidin nahi zuela eta horretarako joko oldarkorra jarri behar zuela kantxan. Pentsatu eta egin, baina ausardiaz harago eraginkortasun txundigarria erakutsi du aurrelariak.

Saketik hasi da gernikarra aurkariari min egiten, zorrotz aritu da lehen pilotakadarekin –zabalera aterata ere alerik egin dio–, zuzenean tantorik egin ez duenetan ere aske-errematean ikaragarrizko mina eginaz. 1-2koan airez akats larri bat egin badu ere, Arrizabalagak sekulako erakustaldia eman du aireko jokoarekin, ikusgarria da hain denbora gutxian pilotari hauek euren jokoan izan duten garapena, eta bere aurkaria txikitu egin du. Pilota eskoletan ikasten ari diren gazte horien bideotekarentzat ale ederrak utzi ditu Arrizabalagak, behin eta berriz ikusteko horietakoak.

Iazko kaiolako hirugarren posturako lehian Gamindek Arrizabalagari irabaztea lortu bazuen ere, gaurkoan inpotentzia ariketa bat izan da Laukizko atzelariarentzat, partidako uneren batean negarrak irteteraino. Izan ere, kolore bakarreko partida bat izan da eta halakoetan gertatu ohi den bezala, bati dena irten zaion bitartean, galtzailea erabat jan du bere ezinak eta ez da bere joko mailara gerturatu ere egin.

Aldairen erantzuna

Bere lagun min eta entrenamenduetako kideak egindakoari erantzun nahian edo, Amaia Aldaik beste erakustaldi bat eman du, Miriam Arrillagari 22-7 gailenduta. Kaiolako azken bi txapeldunak eta iazko finalisten arteko partida ere orekatuagoa espero zen, baina bizkaitarrak koxka bat gorago dagoela berretsi du. Arrizabalagari bezala, pilota mistorako jauziak on egin dio dimoztarrari eta gaur ere pilotari eman dion abiadura izan da bere garaipenaren giltza. Parean jotzaile handi bat izan badu ere, Aldairi beste abiadura batekin irten zaio pilota eskutik eta uste baino errazago lortu du finalerako txartela. Tantoak amaitzen ere, beste trebetasun bat erakutsi du aurrelariak atzelariaren aurrean.

Gauzak horrela, partida erosoa izan du Aldaik, hasierako 8-0ekotik hasita. Hori bai, esperientzia gehiagorekin, Miriam Arrillagak partidari eusten jakin izan du eta tantoak Gamindek baino askoz gehiago borrokatu ditu, tarteka piloteo dotoreak eskaini eta tanto bikainen bat lortuz. Hori bai, sekula ez da garaipena borrokatzeko moduan izan eta bi bizkaitarrek ondo baino hobeto merezita lortu dute finalerako txartela.