INFO
Entrevue
Mikel Larunbe
Pilotaria

«Egin dudan bakarra nire langile eskubideak defendatzea izan da eta horregatik zigortu naute»

Bere lan hitzarmena amaituta izan arte itxaron nahi izan du Mikel Larunbek azken hilabete luzeetan bizi izandakoaz hitz egiteko. Behin aske sentitu denean, aho bizarrik gabe mintzatu da galdakoztarra, barruan zuena botatzeko ia galderarik egin beharrik izan gabe.

Mikel Larunbe (Monika DEL VALLE/FOKU)

Lehen egunak pasa dira pilotari izateari utzi zenionetik, nola sentitzen zara?

Alde batetik penarekin, nahi baino lehenago amaitu delako bide hau, baina egia esan gustura orokorrean egindako bidearekin. Hamar urte izan dira, hamar urte gehien gustatu zaidana egiten, hortaz bizitzen, jende asko ezagutu dut, esperientzia asko bizi izan ditut. Momentu txarrak egon dira baita ere, baina saiatu naiz horretaz ikasten eta alde onekin geratzen, asko izan direla.

Kirol aldetik arantzaren bat geratu zaizu? Galdutako finala agian?

Bai, pare bat arantza bai, Binakako txapelketako final hori Oinatzekin [Bengoetxea] galdutakoa, azkenean ez nuelako nire maila eman finalean. Eta bestetik, justu final hori jokatu eta hurrengo urtean ere lehen mailako txapelketa jokatu nuen; ematen zuen erdi egonkortua nengoela lehen maila horretan, estelarrak jokatzen eta lesio handi bat, fibrosi bat, izan nuen eta urtebete eman nuen oso gaizki pasatzen, errekuperatu ezinda. Gero, gainera, enpresak ez zidan batere lagundu hor eta kosta zitzaidan buelta ematea, gero hainbat gauza pasa dira, enpresak oztopo asko ipini dizkit eta ezin izan dut nire onena eman.

Debuta egin eta berehala ere izan zenuen bihotzeko arazo bat.

Debuta egin eta eskuetatik justu ibili nintzen, gero eskafoidea apurtu nuen sei hilera, gero egia da bihotzekoa ere hor egon zela baina pare bat asteko kontua izan zen, hasieran kostatu zitzaidan erritmoa hartzea. Asegarcen egon nintzen bitartean, sei urte horietan, nahiko pozik egon nintzen, nire gora-beherekin, garapen bat izaten eta garai horretako oroitzapen onak ditut.

«Azkenean jendeak uste du azken urteko kontua izan dela hau guztia, grebatik aurrerako kontua dela, baina aurretik zetorren zerbait zen» 

Banatu egiten dituzu Asegarce eta Baiko garaiak?

Bai, Asegarceko garaia oso ondo egon zen. Baiko sortu zenean Joserra Garai kudeatzaile moduan sartu zen eta justu urte horretan lesioa izan nuen. Orduan batu ziren lesioko urte zail hori, hainbat bidaia egin behar izan nituen masajistarengana, tratamenduak, astero astero berriak eta probak egiten... hasieran bitik bira ere ezin nuen piloteatu. Eta hori gutxi balitz, enpresaren aldetik oso babes gutxi jaso nuen, dena zen presioa. Binakako finala jokatu eta gero, nik uste merezita, kontratu on bat sinatua nuen eta Garairekin izandako bileretan dena zen presioa. "Begira ze maila ematen ari zaren eta nolako kontratua duzun"; asteburu batean gaizki jokatu eta jarrita nuen beste partidaren bat edo bi kendu; errieta egitea txarto nengoelako edo ez nuelako espero zen maila ematen... Nik uste dut hori ez dela egokia, ez dela kirolari bati eman beharreko tratua. Nik beti eman dut ahal izan dudan guztia. Nire akatsak izan ditut, baina entrenamendu eta partidetan beti saiatu naiz ahalik eta ondoen egiten, nire onena ematen.

Eta lesio horretatik urtebetera hasi nintzen errekuperatzen, jarraikortasun normal batekin entrenatzen eta jokatzen, maila on bat hartzen eta hor heldu zen, 2020 hasieran edo, enpresak kontratua aldatzeko ahalegina Asegarce Baiko izatera pasa zenean. Lehen Asegarceko eta Baineteko –irudi eskubideak– kontratuak genituen eta enpresak egin nahi izan zuen kontratu bakarra. Eta nire kasuan, nik niregatik egin dezaket berba, baldintzak okerragoak ziren eta legez enpresa behartuta zegoen lehengo baldintzak mantentzera. Nik ezetz esan nuen, beste gehienak uste dut aldatu zutela euren kontratua eta hor ia bigarren liskarra izan nuen enpresarekin, gero greba etorri zen, greba batzordeko kide izan nintzen Ibai Zabalarekin batera, hauteskunde sindikalak izan behar genituen eta ordezkari moduan ere aurkeztu nuen nire burua. Greba amaitu zen eta greba ostean, gero hitz egingo dugu nahi baduzu, baina elkarte bat sortu zen. Greba ezerezean geratu zen elkarte hori sortu zelako eta ni ez nintzen sartu elkarte horretan. Ez nuen akordioa sinatu ez nintzen elkartearen kide egin.

Elkarte horrekin lortu zen greba akordioko puntuetako bat zen soldataren %20ko jaitsiera, baina ni ez nengoen elkartean eta ez nuen ezer sinatu. Hala ere enpresak murrizketa hori aplikatu zidan inolako justifikazio ekonomikorik egin gabe, inolako dokumenturik erakutsi gabe, orduan ere legea ez zebilen betetzen eta salaketa bat sartu nuen. Hilabete batzuk ibili ginen hor eta azkenean, epaiketa baino bi egun lehenago, enpresak erabaki zuen erretiratzea, itzuli zidaten zor zidaten diru guztia, eta hortik aurrera ez dut kirol aukerarik izan. Nahiz eta ondo ibili, beti hirugarren partidak jokatu ditut, edo itzaleko partidak. Urte bat telebistan agertu gabe, partida pila bat Salamancan, Avilan... tratua ere ez da ona izan. Azkenean jendeak uste du azken urteko kontua izan dela hau guztia, grebatik aurrerako kontua dela, baina aurretik zetorren zerbait zen. Gauzak pilatuz joan dira, baina egin dudan bakarra nire langile eskubideak defendatzea izan da eta horregatik zigorra jaso dut.

Elkartean ez zinen sartu, zergatik?

Gustatuko litzaidake testuingurua esplikatzea. Greban ginen eta enpresarekin bi bilera izan genituen greba batzordearen bitartez; berez, greba batean hori da negoziaketa legezko bakarra eta enpresak, negoziatzekotan, greba batzordearekin egin behar du. Lehen bileran argi geratu zen enpresaren negoziatzeko gogo eza, ez zuen dokumentu bakarra ekarri, aurrez eskatutako txosten ekonomiko bakarra ere ez. Hitzarmen kolektiboa ere ez zen ikusi, guk hitzarmen kolektibo hori negoziatzen hasi nahi genuen. Bigarren bileraren ostean atera zuten komunikatu bat, saiatuko zirela lau pilotari horiek hartzeko negoziazioak hasten, baina gero esan zuten negoziazioa talde osoarekin egin nahi zutela, eta horrek ez zuen zentzurik, batzuk grebatik kanpo zeudelako. Argi geratu zen ez zutela errespetatu gure langileon estatutua, harreman indibidualak nahi zituzten, antolatutako langilerik gabe...

Eta bigarren bilera hori baino egun bat edo bi lehenago irten zen elkartearen komunikatua. Eta hori sinatu zuten grebalariokin elkartasunik adierazi ez zuten Baikoko bi pilotarik –Olaizola II.a eta Urrutikoetxea– eta Aspeko beste bik –Altuna eta Ezkurdia–, aurretik gurekin kontaktuan ipini gabe ez ezer. Nik uste enpresak atzetik egon zirela, greba batzordeko negoziaketa gainetik pasatu eta elkartearen bidez greba amaitzeko. Eta bestalde, hauteskunde sindikalak hor zeuden, datarekin ipinita eta azkenean nik uste enpresaren jokaldia hori izan zela, elkarte hori bultzatu, greba batzordearekin genituen negoziaketak eta hauteskunde sindikalak bertan behera uzteko.

Gero bozkatu genuen eta egia da gehiengoak aukeratu zuela elkarte hori eratzea eta hauteskunde sindikalak bertan behera uztea, horregatik nik ez nuen sinatu ez greba osteko akordio hori eta ez nintzen elkarteko kide egin. Errespetatu nuen lankideen erabakia baina erabaki nuen elkarte horrek ni ez ninduela ordezkatzen eta langile garen heinean, gure elkarte naturala sindikatu bat dela.

Elkarte bat ez da negoziatzaile legal bat enpresekin berba egiteko, ezin du hitzarmen kolektibo bat negoziatu enpresarekin, ez dauka babes legalik enpresaren aurka... borondate oneko akordioak dira baina ordura arte enpresak ez zuen inolako borondaterik erakutsi eta lortzen diren akordio horiek, legez, enpresa ez dago behartuta betetzera. Hauteskunde sindikalak eginez gero, delegatu bat izanda, langileak antolatua egonda, atzean sindikatu bat egonda, benetako indarra izango genukeen, hitzarmen kolektibo bat izateko ahalegina egin ahal genuen, enpresa langileei zenbait informazio ematera behartuta legoke, tarteka negoziatzera... eta elkarte batek ez dauka hori. Eta nik penarekin amaitu nuen gatazka, hori guztia eskura izan eta jendeak beste bide hori hartzea erabaki zuelako. Nik, oraintxe bertan, egoera lehengoaren antzera ikusten dut, pilotariek inolako babesik izan gabe jarraitzen dute.

«Nik, oraintxe bertan, egoera lehengoaren antzera ikusten dut, pilotariek inolako babesik izan gabe jarraitzen dute»

Zu izan zinen baita ere, Eskirozen kasuarekin ahotsa altxatzen lehena.

Egoera hau bizitzen ari nintzen baina ez nuen hitz egin erreta nengoelako edo haserre nengoelako. Eskiroz kanpoan utzi baino bi-hiru aste lehenago txapeldun izan zen bigarren mailan, nik aste horretan jokatu nituen, uste dut, 8 egunetan 6 partida. Argi zegoen pilotariak ez zeudela soberan eta are gutxiago halako mailako pilotariak edo gero etxera joan ziren beste hirurak bezalakoak. Momentuan irten zitzaidan, natural, nik ez nekien elkarrizketa izango nuenik ere. Niretzat ez zen justua eta salatu nuen.

Eta zure kasuan babes falta sentitu izan duzu?

Tira, bakoitzak ikusiko du zenbaterainoko inplikazioa erakutsi nahi izan duen. Ondo egongo zen lankideek salaketa egin edo babes hori agertu izana; bai egia da aldagelan eta esaten zidatela, batez ere aurten. Ondo egongo zen, baina horregatik ez dut lagunik galdu eta benetan familiaren eta lagunen babesa bai jaso dut eta hori da garrantzitsuena.

Jendeak hori eskertu zizun, Galdakaoko agurra polita izan zen.

Bai oso polita. Frontoia bete zen, bertako jendea hurbildu zen, lagunak familia... Azkenean igarri nuen jendea ez zela joan pilotari handi bat izan naizelako, ze ez naiz izan, baina joan zen estimua didatelako, errespetatzen nautelako, pankartan ipintzen zuen "harro zutaz". Eta nik uste hori kirol mailaz harago doala eta nik garrantzi handia ematen diot, txapel batek baino gehiago balio du eta hor geratuko da beti niretzat. Jendea oso ondo portatu zen, detaile pila bat, klubak, Udalak, lagunek... Oso hunkigarria izan zen eta beti gogoratuko dut egun hori.

Pilota utzi beharrak ez zintuen, orduan, ezustean harrapatuko?

Ikusten zen tendentzia zein zen. Nik horren aurrean ezin dut ezer egin, kontratua amaitzen bada amaitzen da. Baina kontratuak iraun duen bitartean bai saiatu naiz nire lan eskubideak defendatzen eta horregatik zigortu nau enpresak. Pilota halako enpresen esku egoteak ere pena ematen dit, baina horixe dago.

Azkenaldian gainera emaitza onekin aritu zara, norbaitek esango du hirugarren partidak zirela, baina partida asko irabazi dituz.

Hori da, bitxia da ze aurten izan da garaipen bataz besteko handiena izan dudan urtea. Egia da bataz bestekoa eta maila izan behar direla kontuan, eta jendeak esan ahal du hirugarren partidak zirela, hemendik kanpo jokatutakoak... Baina irabazten bazabiltza eta besteek aukerak badituzte, zuk zergatik ez? Nik badakit nire mugak ditudala, baina behintzat beste partida batzuetan jarri nautenetan maila eman dut. Argi dago enpresak itzalean eduki nahi izan nauela eta lortu du. Nik topera entrenatu dut, jokatu ahalik eta ondoen, nire onena ematen saiatu naiz beti.

Ez du erraza izan behar helbururik gabe entrenatzeak.

Bai, zaila da egunero egunero entrenatzea, zuk ordaintzen duzun prestatzaile batekin, nutrizionista bat zuk ordaindutakoa, masajista berdin... Astea joan eta astea etorri partidarik ez izateko. Eta nahiz eta ondo egin, aukerarik ez izateko. Hori gogorra da, kirolariak helburuak behar ditu, motor hori funtsezkoa da eta falta izan zait, baina nik nire esku egon den guztia egin dut. Hau nire lana da eta nik nire onena eman nahi izan dut. Amore eman ahal nuen, baina nire garaipen portzentaia handiena lortu dut azken urtean eta horrekin ere geratzen naiz.

Hemendik aurrera pilotarekin harremanik izango duzu edo nazkatu zara?

Ez naiz nazkatu, orokorrean 10 urteak hartuta gauza onekin geratzen naiz eta pozik nago egindakoarekin, eta berriro errepikatuko nuke. Orain denbora apur bat behar dut niretzat, atseden hartu eta gero hemendik bi-hiru astera ikusiko dut, gorputzak eskatzen didana egingo dut. Entrenatu eta takoak ipintzea eskatzen badit, hasiko naiz berriro, izan ditut eskaintzak partidetarako-eta, baina ikusiko dut.

Grebako denak ez badira, ia denak joan zarete. Ikusten duzu aldagelan zuen bidea jarraituko duen norbait?

Ez dut ikusten aldaketa handirik izango denik, bere garaian izan genuen aukera muturren aurrean, bozkatu egin zen eta beste bide bat hartzea erabaki zen. Ez dut ikusten langile kontzientzia garbirik benetan egoerari buelta emateko behar den moduan eta hori da geratzen zaidan pena.

«Ez dut ikusten langile kontzientzia garbirik benetan egoerari buelta emateko behar den moduan eta hori da geratzen zidan pena».

Gogorra behar zuen orduan egoerak grebarako urratsa emateko...

Bai, ez zen izan lau hauek kanpoan geratzea bakarrik. Atzetik zetorren, ikusten zen enpresaren tratua, pilotariekin jarrera, isunen kontua, jendea ez zegoen gustura entrenamenduekin... Baiko hasi zenetik, Garai sartu zenetik, gero eta tentsio handiagoa izan zen eta gero lau hauen kontuarekin are gehiago. Gainera enpresak beti esan izan du "ekonomikoki txarto gaude", arrazoia beti zen ekonomikoa eta greba garaian nik ikusi ahal izan nuen sindikatuarekin batera, eta gero langileei esplikatu nien, kontuak aztertuta, bai %20ko jaitsiera aplikatzeko, bai lau pilotariak ez berritzeko ez zegoela inolako arrazoi ekonomikorik, are gutxiago, kontuan izanda pandemia garaia hiru hilabetetako kontua izan zela eta Asegarce-Baikoren ibilbidea urteetakoa. Argi ikusi ahal izan zuten zifratan ez zegoela inolako arrazoi ekonomikorik hori guztia justifikatzeko eta froga da 200 aldiz eskatu ditugula justifikazio ekonomikoak eta inoiz ez digutela ezer ere erakutsi, ezta ABEEE (Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente) garaian ere. Une horretan enpresa behartuta dago legez informazioa ematera, eskatu genuen eta enpresak orduan ere ez zuen legea bete.

Zer diren gauzak, orain Mariezkurrena eta Laso dira enpesaren zutabeak.

Bai, eta pozten naiz hor daudelako. Jendeak esango du enpresari mesede bat egin geniola, baina nik pentsatu nahi dut pilotari egin geniola mesede handia eta pilotazaleek merezi duela halako pilotariak hor egotea eta horrekin geratzen naiz eta pozten naiz haiengatik. Alde horretatik behintzat merezi izan zuen eta ea urte askorako dauden hor.