Irulegiko eskuen babesean, ospatzeko garaia iritsi zaio Azokari
Pandemiaren itzala luzea da, Azokaren 57. edizioaren hasiera ofizialean islatu den bezala. Baina asteazken honetan iraganeko hodei beltzak uxatu nahi izan ditu Nerea Mujikak, Gerediagako lehendakariak, esaldi batekin: «Ospatzeko garaia iritsi da!». Azokak bere ohiko formatua berreskuratu du.
San Agustin Kulturguneak hartu du 57. Azokaren inaugurazio ekitaldia, normaltasunaren itzuleraren edizioa izango denaren hasiera. Igandera arte euskal kulturaren hiriburua bihurtuko da, berriz, Durango. Musukurik gabe, pandemiaren aurreko normaltasunera itzulita.
Inma Garrastatxuk, Durangoko alkateak, ongietorria eman nahi izan die Bizkaiko herrira gerturatuko direnei. Gogoan izan du, pandemia garaian, Durango «kulturaren aterpe eta babeslekua» izan zela; aurten, are eta gehiago.
«Udalean oso pozik gaude, gainera, Plateruena berriz zabaltzera goazelako –aipatu du–. Horrelako arnasguneak behar ditugu, gainera kudeaketa publikokoak, guk kultur zerbitzu publikoetan sinesten dugulako»
Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, gehitu duen legez, bi urteko etenaldiaren ostean, Azokak ohiko argazkia berreskuratuko du. Gai ilunei agur, eta, aldarrikatu du, «Azokak eztanda egingo du, ospatzeko garaia iritsi da!».
Irulegiko eskuak
Irulegiko eskuaren aurkikuntza, denok espero genuen bezala, aurtengo edizioaren protagonista bihurtuko da. Eskuaren irudia eta ‘sorioneku’ hitza han hemen azaldu dira Azokaren lehen egunean. Inaugurazio ofizialean Barrexerka taldeak gidatuko ‘DrunDA!’ izeneko ekitaldian –lapurreta baten protagonista izan da Irulegiko eskua– agertu da; baita ere Landakotik gertu, Eskuahaldunak izeneko euskal eskultoreen elkarteko kideek harrapatu ditugulako margotzen hainbat esku, horien artean bi tamaina handikoak.
Madalenoste kaleko beheko solairu batean, atondu duten ‘Gaurko Euskal Eskultura’ izeneko erakusketa ibiltarirako bidea erakutsiko diete eskuok Durangora gerturatzen direnei. Nolabait aurkikuntza arkeologiko honen bitartez, beraiek lantzen duten diziplina erreibindikatu nahi izan dute.
Guillermo Olmo, eskultoreen elkarteko lehendakariaren hitzetan, «Irulegiko eskuan Kristo aurreko I. mendean idatzi zen esaldia ez zen dekorazioko osagai batean jarri, eskultura batean baizik. Mikeldi eskultura ere erreibindikatu nahiko genuke, eskulturak euskal gizartean mendeetan zehar izan duen garrantzia azaleratu nahiko genukeelako. Diziplina hau da, gogoan izan dezagun, kanpoan ikusgarritasuna eman diguna».
Urtean zehar egin duen ibilbide luzearen lekuko (hilabete bakoitzean Euskal Herriko txoko batean egon da ikusgai), ‘Gaurko Euskal Eskultura’ honen hamabigarren erakusketa berezia da, Azokako egunetan burutzen baita. 2021ean Aralarren egin zen Azken Muga jaialdian jaio zen eta ordutik gure geografiatik egindako ibilbidean 25.000 lagun ikusi ahal izan dute, antolatzaileen datuen arabera. Durangoko plazak, egun hauetan, dena den, ikusgarritasun handia ematen du.
Aurkezpen ofiziala ostegunean egingo da, gunea asteazkenetik zabalik dagoen arren. Eskuahaldunak elkarteak 150 bat eskultore biltzen ditu eta Euskal Herriko lehen eskultoreen elkartea dela aipatzen du Olmok. Elkartu egin dira ibilbide profesional handiko eskultoreak, artista emergente batzuekin batera. Emakumeen ordezkaritza handia dago. Erakusgai dauden lanak salgai daude, era berean, 300 eta 3.000 euro arteko prezioan.
Eta zerk bultzatuta sortu dute elkartea? «Eskulturak behea jo du, krisia areagotu da erabat: erakundeek eskultura gutxi erosten dute eta, osasun larritasunaren ostean, kontsumo ohiturak aldatu dira. Lehen artelanak erosten zituzten enpresariek, esaterako, ez dute batere erosten. Ez da artelanetan inbertsiorik egiten eta egungo eskultoreek beste gauza batzuetatik bizi dira, ezin dira beraien lanetik bizi. Krisi existentzial antzeko batean gaude, irtenbideak berrasmatzen», dio elkarteko lehendakariak.
Artisauak ere krisialdiarekin borrokan
Betiko itxura hartzen ari da Durango, betiko Azokaren usaina. Liburu eta Disko azokak urteetan hartu duen eraikin berean, baserritarren merkatu plazan, Euskal Denda itzuli da. 26. edizioa da. Egun osoko ordutegiarekin (goizez 11.00etatik 14.30etara, eta arratsaldez, 16.30etatik 21.00etara. Igandean, 20.00etan itxiko ditu ateak), Euskal Herriko artisauen erakusleihorik handienetarikoa bihurtuko da.
Guztira 50 artisau batu dira, horietatik %28 berriak dira eta Euskal Herriko herrialde guztietako presentzia dago, hori bai, Bizkaia dago buruan, 30 artisau bizkaitar bildu direlako. Ekitaldi honen sustatzaileek, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, Arbasok, adierazi dutenez, «gizartea eraldatu egin dela eta artisautzaren kontzeptua eta balioa ulertu duela ikusi dugu azkenaldian. Zentzu horretan aldaketa bat egon dela dirudi, eskuz egindakoari balioa ematen hasi zaio. Hori guztia gure profesionalek bermatzen dute, bizitza eta ekoizpen ibilbide luzeekin, eta objektu paregabeak sortzen dituzte».
Hala ere, elkarteko bozeramaileek uste dute «krisia gurekin gogortu dela. Sektore txikia gara, eta batzuetan ez da premia handikoa; horregatik, tailerrak biziki ari dira nozitzen egungo egoera. Izan ere, krisialdiak pertsiana jaistera behartu gaitu». Hala ere, itxaropenez begiratzen diote, Azokak pandemiarekin galdutako normaltasuna berreskuratzen baitu. «Covidaren itzala oraindik atzetik dugu, eta guk, artisauok, ezin dugu ahaztu horrek egin digun kaltea, merkatuen jarduera oro bertan behera utzita, batzuetan kalte konponezina izan dela. Horregatik, Durangoko topaketa hain garrantzitsua da, alde batetik, diren datengatik, Euskal Liburu eta Disko Azokarekin batera ospatzen delako eta, bestetik, artisauak azoka eta merkatuetan duelako bere merkaturatze-iturri nagusia. Gero eta gehiago dira online espazioa dutenak, baina ikusleek ikusi, sentitu, usaindu eta jo nahi dute», onartu dute.