INFO

Zamudio, Olaberria eta Ajangiz ziren 2020an per capita BPGrik handiena zuten udalerriak

Covid-19aren krisiak eragina izan duen arren eta, beraz, udalerri guztien BPGak behera egin duen arren, industria-jarduerek garrantzia dutenek dute BPGrik handiena, orohar. Hori da podiumean dauden hiruen kasua. Eustaten datuak dira.

Olaberriako industriagunea.

Bizkaiko Zamudio izan zen berriro EAEn per capita barne produktu gordinik (BPG) handiena zuen udalerria 2020an, eta ondoren, Gipuzkoan Olaberria eta Bizkaian Ajangiz, Eustat euskal estatistika erakundeak emandako datuen arabera.

2000. urtean ez bezala, 2020an Ajangiz eta Loiu per capita BPG handiena zuten lehen bost udalerrien artean zeuden, eta Izurtza eta Legutio, berriz, ez.

Emaitza horiek covid-19ak 2020an eragindako pandemiaren ondoriozko testuinguru sozial eta ekonomikoaren barruan aztertu behar dira, ia udalerri guztien BPGren bilakaera negatiboan baitu eragina.

Zamudio industria eta zerbitzu enpresetan oinarritzen den egitura ekonomiko sendoko udalerria da. Olaberria eta Ajangiz bigarren eta hirugarren postuetan daude, hurrenez hurren, eta Arabako Berantevilla bederatzigarrenean. Udalerri horiek guztiek industria izaera nabarmena dute.

Araba

Gasteizek bildu zuen 2020an Arabako BPGren %73,4. Era berean, Araban biztanle kontzentraziorik handiena duen udalerria izanik, BPG hori sortzen duten zerbitzuen bolumen handia ere biltzen du. Higiezinen jarduerak eta administrazio publikoenak dira nabarmenenak.

Oro har, 2020an BPG gehien sortu zuten Arabako lurraldeko sei udalerriek lurraldeko guztizkoaren %87 bildu zuten. Laudio izan zen Araban BPGrik gehien zuen bigarren udalerria, beiraren industria edo industria horrekin lotutako handizkako merkataritza jarduerei esker, besteak beste. Hirugarren eta laugarren postuan Amurrio eta Legutio zeuden; haien enpresa egitura industrian oinarritzen da.

Bosgarren postuan Oion kokatu zen; industria izaera nabarmena du, hala nola edariak edo ingeniaritza mekanikoa jarduerengatik. Seigarren postuan Iruña Oka zegoen; bere egitura ekonomikoa, nagusiki, administrazio publikoen jarduerak edo salgaietarako lurreko beste garraio batzuk zerbitzuetan oinarritzen da.

Bizkaia

2020an BPGrik gehien sortu zuten Bizkaiko udalerrien artean, Bilbo Handia eskualdeko udalerrien kontzentrazio handia izan zen, bertan baitzeuden lurraldean BPGrik gehien zuten sei udalerri, Bizkaiko guztizkoaren %54,2 bilduz. Zerrenda horren buru Bilbo zegoen, 2020an Bizkaiko BPGren %31,9 sortuta.

Bilbo, Barakaldo, Leioa, Getxo eta Basauri Bilbo Handiko udalerriak ziren sailkapenaren buru: 30.000 biztanle baino gehiago dituzte eta zerbitzuen sektoreak presentzia handia du. Nabarmentzekoak dira higiezinen jarduerak eta administrazio publikoenak, bai osasun arlokoak bai hezkuntzakoak, eta merkataritza, besteak beste.

Zamudio BPG bolumen handiena izan zuten gainerako udalerrietatik bereizten da, biztanle gutxiko udalerria delako (3.400 biztanle baino gutxiago), eta haren ekoizpen egitura industrian (%45,5) eta zerbitzuetan (%50,4) oinarritzen delako. Garrantzia berezia dute udalerrian garraio materialaren ekoizpenari lotutako enpresek, bai eta industriari lotutako zerbitzu profesionalak eta teknikoak eskaintzen dituztenek ere.

Gipuzkoa

Gipuzkoan 2020an sortutako BPGren %50,4 sei udalerrik sortu zuten, eta %29,6 Donostiak baino ez. BPGrik handiena duten udalerrien egitura sektoriala kontuan hartuta, oro har, zerbitzuen sektorearen pisu handiena nagusitzen da, batik bat biztanle kopuru handiko udalerrietan (50.000 biztanle baino gehiago), besteak beste, Donostian eta Irunen.

Esanguratsuak dira higiezinen jarduerak bi udalerrietan, bai eta administrazio publikoak Donostian edo salgaietarako lurreko beste garraio batzuk eta garraioari lotutako jarduerak Irunen.

Hernanin eta Beasainen industria-jardueren presentzia handiagoa da, %50,6koa eta %66,6koa, hurrenez hurren, eta nabarmentzekoak dira trenbide materialaren fabrikazioarekin lotutako jarduerak Beasainen edo erabilera orokorreko makinekin edo paperaren industriarekin lotutakoak Hernanin.