INFO

Berdelaren kuota %20 igoko da 2023an eta txitxarroarena %4ra murriztu

Akordioa lortu dute astearte goiz honetan Europar Batasuneko Arrantza ministroek. Hegoaldeko legatzaren kuota bikoiztu eginen da 2023an, berdelaren kuotak ere %20ko igoera izanen du eta txitxarroarena mantentzea erdietsi dute, baina 3.000 tona inguruan geratuko da.

Berdelaren kuota %20 igoko da Kantauriko arrantzaleentzat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Europako Batasuneko (EB) Arrantza ministroek akordioa lortu dute astearte honetan Harrapaketen Guztizko Onargarrietarako eta 2023rako kuotetarako. Akordio horrek, besteak beste, bikoiztu egiten du hegoaldeko legatzaren kuota 2022arekiko, eta 9.953 tonako zenbateko globala izango du 2023rako. Bileraren bigarren egunean 22 orduz negoziatzen aritu ostean lortu dute ados jartzea.

Kopuru horrek Europako Batzordearen hasierako proposamenak planteatzen zuen %10arekiko igoera nabarmena suposatzen du eta Kantauriko 1.200 itsasontziri eragingo die. 

Berdelaren kuotak ere %20ko igoera izanen du; Kantauri itsasoan 900 ontzik arrantzatutako espezie horren 29.439 tona aurreikusten dira itsasontzientzako, eta horrek iaz arte ezarria zegoen 5.500 tonako isuna atzean uztea ere badakar.

Abadirari, mihi-arrainari eta zigalako unitate funtzionalei dagokienez, esleitutako arrantza kuotei eustea lortu dute, Batzordeak planteatzen zituen murrizketen aldean: %11 mihi-arrainari dagokionez, % 10 abadirari dagokionez eta %36 zigalari dagokionez.

Bien bitartean, txitxarroaren kuota Bruselak proposatzen zuen debekutik 3.271 tonara igaro da (2022ko 70.000 tonetatik %4), «espeziearen egoera txarragatik». Hala ere, arrantzaleek «hondar-kopuru bat» izateko egindako eskaerari erantzuten dio, «sarean harrapaketa osagarri gisa sartzen den espezie bat delako».

Arrazoia euskal arrantzaleei

Eugenio Elduayen Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien presidentearen ustez, legatzaren kuota handitzea «albiste ona» da, eta arrazoia eman die euskal arrantzaleei. Hala ere, txitxarroaren kuota %4ra jaisteak Kantauriko arrantzaleentzat «kalte larria» ekar dezakeela ohartarazi du, batez ere mendebaldeko muturrean.

Gipuzkoa eta Bizkaiko kofradiek «gertatuko zela» uste zutela ziurtatu du, izan ere, aurtengo azken seihilekoan «urte askoan behera egin ondoren, igoera egon da, eta gu beti aurka geunden, ez baikenuen ikusten itsasoan hori gertatzen zenik». «Hala ere, aurten biologoek arrazoia genuela ikusi dute eta igoera bat egon da, nire ustez itsasoak esaten zigunarekin bat datorrena», gaineratu du.

Txitxarroaren kuotaren jaitsierari dagokionez, «aurtengo negoziazioen handicap handia» dela uste du. Ildo horretan, «biologoek zero kuota bat eskatu zuten stockaren egoera ikusita», gaineratu du.

Bestalde, Luis Planas espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak honakoa adierazi du: «Oraindik lana dago egiteko, baina emaitza positiboa da testuinguruaren barruan».

Planasek «historikotzat» jo du legatzaren kuotaren igoera. Inplikatutako estatu kideen kopurua dela-eta, era berean, «konplexutzat» jo duen beste gai bat aingiraren arrantza izan da. Horretarako, sei hilabeteko debekualdi jarraitua adostu da, edo ondoz ondoko 3 hilabeteko bi alditan.