INFO

ELAk eta LABek greba egun gehiago deitu dituzte Bizkaiko zahar etxeetan, bakoitzak bere aldetik

ELA eta LAB sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, greba egun gehiago deitu dituzte asteazkenetik aurrera Bizkaiko zahar etxeetan. LABek hiru egun deitu ditu, asteazkenetik ostiralera, biak barne eta ELAk zazpi eguneko lanuztea deitu du, hilak 17tik 23ra bitartean.

Bizkaiko zahar etxeen greben testuinguruan ELAk egindako manifestazioa, azaroaren 22an. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Abenduaren 17tik 23ra deitu du greba ELA sindikatuak Bizkaiko zaharren egoitzetan. Aurretik, 14tik 16ra bitartean, LABek. ELAK langile gehiago kontratatzeko eta plantillak bikoizteko «premia larria» aldarrikatzeko eginen du, GUFEren egoitza zentroetan dauden langile kopuruak berdintzea nahi dute eta.

Orain arte egindako greba egunen ondoren, ELA sindikatuak beste zazpi eguneko greba deitu du Bizkaiko zahar etxeetan, abenduaren 17tik 23ra, biak barne. Bestalde, LABek 14tik 16ra bitartean deitu ditu lanuzteak. ELAk plantillak Foru Aldundiko egoitzekin berdintzea aldarrikatuko du eta LABek langileak sektore publikoekin parekatzea eta ratio «duinak» eskatuko ditu.

ELAk ohar batean jakinarazi duenez, langile kopurua handitzea eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko egoitzekin berdintzea eskatuko dute, salatzen dutenez, gaur egun Bizkaian egoiliar bat artatzeko eta zaintzeko batez beste 60 minutu baliatzen dira.

Horretarako, ‘Zaindu nazazu 2 orduz gutxienez’ izeneko kanpainaren baitan kokatu dituzte greba egunak. Gainera, GUFEko lankideekiko %40ko soldata arrakalaren aurka aterako dira kalera, baita bi urteko soldata izoztearen kontra ere.

Abenduak 17an, 18an, 19an, 20an, 21ean, 22an eta 23an, greba egun guztietan, mobilizazioak egingo dituzte. Manifestazioa Arriagatik, autoen karabana, EITBtik Foru Aldundira manifestazioa, ekitaldia Ezkerraldean, kalejira Bilboko zazpi kaleetan zehar, ekitaldia Ibaizabalen eta manifestazioa Bilbon, hurrenez hurren.

LABek, aldiz, abenduaren 14, 15 eta 16an deitu du greba langileak sektore publikokoekin parekatzeko eta ratio «duinak» eskatzeko, langile «funtsezkoak» direla aldarrikatzeko. Lanuzteaz gain, langileek hiru eguneko itxialdia egingo dute Bilboko Atxuri auzoko Gizakundearen elizan, asteazken honetan hasita.