INFO

Urkulluk «autoritariotzat» jo du Nikaraguako Gobernua, preso den Téllez saritzeko ekitaldian

Iñigo Urkullu EAEkok lehendakariak Nikaraguakoa «erregimen autoritarioa» dela adierazi du, René Cassin sarien banaketa ekitaldian. Dora María Téllez Argüello historialari eta ikertzaile nikaraguarrak eskuratu du saria.

Murguialdayk saria jaso duen unea. (IREKIA)

Giza eskubideen René Cassin 2022 saria Dora María Téllez Argüello historialari eta ikertzaile nikaraguarrari emateko ekitaldian egin ditu adierazpenok Iñigo Urkulluk, asteazken honetan. Téllezi 8 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Nikaraguan, «osotasun nazionalaren aurka egiteagatik», lehendakariak nabarmendu duenez.

René Cassin Giza Eskubideen Adierazpenaren inspiratzaile nagusietako bat izateagatik jaso zuen saria, eta Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an. Haren omenez izendatu zuten saria. Lakuako Gobernuak sortu zuen 2003an eta urtero banatzen du, giza eskubideen defentsan nabarmentzen diren pertsonak eta erakundeak sarituz. Epaimahaiak bereziki baloratu du «Dora María Tellezek giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta demokraziaren defentsan Nikaraguan egindako ibilbide luze eta saiatua».

Dora María Téllez, 2008. urteko irudi batean. (Wikipedia Commons)

Téllez preso dagoenez, Clara Murguialday ekonomialari feministak jaso du saria bere izenean. Ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan egin dute, eta bertan izan dira Lakuako gobernuko sailburuak eta arduradun instituzionalak, baita Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligako ordezkaritza bat ere. Izan ere, azken hauek proposatu zuten saritutako hautagaitza.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Téllez «Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako gerrillari eta buruzagi gisa konprometitutako borrokalaria izan da» eta «Estatu Kontseiluko presidenteorde eta Osasun ministro izatera iritsi zen». Urkulluk gaineratu du «politika feministak sustatzeko borrokalari konprometitua eta aitzindaria» dela.

Lehendakariak, 1995ean Daniel Ortega errepublikako presidentearekin hautsi zuela aipatu ondoren, «egungo erregimen nikaraguarrak giza eskubideak sistematikoki urratzen dituela eta disidentea kriminalizatzen duela» kritikatu du. Azken hitzak Téllezi berari zuzendu dizkio Urkulluk: «Zure gizalegezko eta indarkeriarik gabeko errebeldia bidezko kausa da, askatasunaren eta giza eskubideen aldekoa».

Ildo berean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak berretsi du Daniel Ortegaren eta Rosario Murilloren Nikaragua giza eskubideen urraketa sistematikoan oinarrituta dagoela. Dora Maria Téllez 2021eko ekainetik dago kartzelan, beste ehunka kontzientzia presorekin batera.