INFO

Udalerrien I. topaketa egin du Lakuako Gobernuak pertsona migratzailearen nazioarteko egunean

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Zarauzko Modelo Aretoan Lakuako Gobernuak antolatutako Udalerrien I. topaketa Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Egunean. Beatriz Artolazabal sailburuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, besteak beste, hartu dute parte.

Zarautzen egin da Udalerrien I. topaketa. (IREKIA)

Zarauzko Modelo Aretoak dozenaka pertsona bildu ditu igande honetan Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Egunean. Lakuako Gobernuak antolatutako jaia Migrazioaren aldeko Euskal Foro Sozialari atxikitako euskal udalek sinatutako konpromisoen barruan kokatzen da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak parte hartu dute.

«Gaur Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna denez, ospakizun-jardunaldi bat ospatuko dugu. Euskal herritarrak baino hoberik ez, etorkizun hobe baten bila zure jendea uztea zer gogorra den jakiteko», azaldu du Beatriz Artolazabalek hitzaldian.

Sailburuak Eustaten azken txostena aipatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren atzerritarrak 186.000 direla aitortzen duena. «Edozein dela ere zuen herrialdea uzteko arrazoia, bihotzez espero dut Euskadin zuen etxe berria aurkitu izana», esan die.

Pandemian bizi izandako une «zailak» eta Ukrainako gatazka eta horren ondorio sozial eta ekonomikoak aipatu ditu sailburuak bere hitzaldian. «Indarberritzen hasi ginenean, Ukrainaren inbasioa etorri zen berriro gerren errealitate gogorra erakusteko. Egoera gogor hori, egunero ikusten dugu Irungo mugan muga gurutzatzen saiatzen diren Saharaz hegoaldeko pertsonekin», azaldu du.

Puntu horretan, Beatriz Artolazabalek balioa eman dio EAEko udalek egindako lanari; horietatik 130 inguru dagoeneko Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikita daude: «Haiek dira gaurko ekitaldietako protagonistak. Gure udalek dedikazioa, konpromisoa, elkartasuna erakutsi dute, eta irudimena ere bai, herritar berriei bidea egiteko. Eta tokiko jardunbide egokiak saritu nahi ditugu».

Bere aldetik, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman ditu topaketa honen lehen edizioa Zarautzen egiteko aukeragatik. Alkateak gogorarazi du, «Zarautz jatorri ezberdinetako pertsonek osaturiko herria» dela, eta «aniztasun hori, beharrezkoa eta saihestezina izateaz gain, ahalik eta ondoen kudeatzen jakin behar dugun aberastasuna» dela.

Bestalde, Txurrukak defendatu duenez, «pertsona guztiok bizitza hobea bilatzeko eskubidea dugu, bai guretzat, bai gure familientzat».

EH Bilduk eskumen guztiak bereganetzea eskatu du

EH Bilduk bat egin du Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Egunarekin. «Pertsona orok bide seguruak eta legalak erabiliz migratzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi dugu, baina baita bere jatorrizko lekuetan duintasunez eta askatasunez bizitzeko duen eskubidea ere, inork nahitaez lekualdatu beharrik izan gabe», azpimarratu du koalizioak.

Gainera, «beharrezkotzat» jo du egungo esparru autonomikoetatik eskumen guztiak bereganatzea, «migrazioen ondorioei gure tresnekin erantzun ahal izateko eta Espainiako atzerritasunari eta nazionalitateari buruzko legediek gure herritarren zati bati ezartzen dizkieten eskubide urraketak gainditzen saiatzeko».

Zentzu honetan, kritikatu dute inmigrazioaren eta babesarren arloko autogobernu eskumenen garapena hain urrua izatea Gasteizen zein Iruñean, «funtzekoak baitira diskriminaziorik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko».