Zulotik irten ezinda jarraitzen du IDK Gipuzkoak eta Gernikak Malosteko gotorlekua galdu du
Donostiarrek ezer gutxi egin ahal izan dute Girona liderraren aurka (53-68) eta seigarren porrota jaso dute jarraian ligan, gernikarrek lehen partida galdu dute etxean Zaragozaren aurka (59-63).
Parean Emakumeen saskibaloi ligako bi talderik indartsuenetakoak jaso dituzte gaur goizean IDK Gipuzkoa eta Gernikak eta bata zein besteak esku hutsik amaitu dute, hurrenez hurren Gironaren (53-68) eta Zaragozaren (59-63) aurka galduta. Dagoen egoera larriagatik, seigarren partida galdu dute jarraian, Azu Muguruzaren nesken egoera da larriena, baina Malosteko gotorlekua galtzeak ere ez zien graziarik egingo bizkaitarrei.
Krisialdi betean, parean egokitu ziezaiokeen talderik gatzenetako bat zen Spar Girona Ibaetako neskentzat eta arerioen mailaz harago, aitortu beharra dago Azu Muguruzaren neskak ere ez dutela euren mailarik onena eman. Perfekziotik gertu aritu beharra zuten garaipenerako aukerak izateko eta aukera urri horiek hasiera tamalgarri batean xahutu dituzte. Konturatzerako, donostiarrak 0-10 ziren markagailuan atzetik eta Muguruzak hutsartekoak eskatuta ere, erreakzio txikia izan dute etxekoek (5-16). Yurena Diaz eta Maria Españak erasoan asmatuta, lehen laurdena zertxobait itxuratzea baino ez dute lortu (20-25).
Hala ere, gutxi iraun du IDKko nesken erreakzioak Rebekah Gardenerrek berak bakarrik 0-11ko beste partzial bat sartu baitie (20-36). Iazko MVPak kantxaren bi aldeetan erabat dominatu du eta gipuzkoarren aukera urriekin amaitu du. Gironarrek ez diete defentsan inolako aukerarik eman Muguruzarenei eta bigarren zati osoa soberan izan da, Ibaetako neskek ez dute garaipenagatik borrokatzeko aukerarik txikiena ere izan.
Gernika, gertuago
Askoz orekatuagoak izan dira gauzak Malosten, baina Lointek Gernikak ere ezin izan dio garaipenari eutsi. Lehia estua espero zen eta halaxe izan da sailkapenaren goikaldean dauden bi talderen artean eta Anna Montañanarenek 10 puntuko alde bat ere izan badute ere hirugarren laurdenean, azkenerako etxeko lehen porrota jaso dute etxean denboraldi honetan.
Espero bezala, Gernika eta Zaragozaren arteko lehia oso estua izan da eta lehen bi laurdenetan puntu bakarreko aldea baino ez da egon bi taldeen artean (29-30). Cvitkovicek oso partida hasiera ona izan du gernikarren aldetik eta Zaragozakoek barrutik erantzun diete, euren garaierari etekina ateraz.
Aragoarrek behin eta berriro bilatu dute Gatling barrutik jokatzeko eta defentsan zonan jarrita izan dituzte bizkaitarren euren minuturik onenak. Kanpotik asmatu ezinda, erasoko errekurtsorik gabe geratu dira Zaragozakoak eta hortxe lortu dute gernikarrek 10 tantotako aldea, nahiz eta hirugarren laurdenaren amaierarako seira murriztu duten kanpotarren (47-41).
Unerik zailenean ondo heldu diote partidari Zaragozakoek eta pixkanaka etxekoen artean zalantzak piztu dituzte, markagailuan aurrea hartzeraino. Jaurtiketa libreetan ere ez dira finegi aritu Malostekoak eta azkenerako amore eman behar izan dute amaiera estu batean.