INFO
Entrevue
Maialen Lujanbio Zugasti
Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna

«Hemendik edo handik gure inguruari buruz kantatu nahi nuen»

Nekea eta poza lehian ari dira, nork hartuko agintea txapeldunaren gorputzean. Finalaren biharamunean poza nagusitzen ari zen. Azalean daukan finalaren sentipena garbia da: lana, lana eta lana. Hirugarren txapelarekin pozik, egin nahi zuenetik gertu ibili izanaren sentsazio gozoa dauka.

Maialen Lujanbio, hirugarren txapelaren biharamunean. (Jon URBE | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976), hirugarrenez Euskal Herriko bertsolari txapelduna. Aurreko txapelak 2009an eta 2017an jantzi zituen. Hirugarrena, pasatu den igandean, Iruñean, final nagusiaren plaza estreinatu berrian.

Zorionak, Maialen. Pozik?

Pozik, bai. Oraintxe ari zait pixka bat burrundara jaisten. Eta hori jaitsi ahala ari zait poza etortzen gehiago. Igandean ere pozik nengoen, baina gaur gehiago. Egia esan seko lo egin dut, eta esnatzean sekulako sustoa hartu dut, finalaz gogoratuta. Oso nekatuta nago, mina daukat espero gabeko gorputzeko tokietan... finaleko gorputz jarreragatik izango da. Ajearen hasieran nago; jende gutxirekin hitz egin dut oraindik, ez dut ezer entzun eta ez dut entzungo bolada batean... Zurrunbilo batean nago.

Guztira hamabi ofizio osatu zenituen eta horietatik seitan puntuazio onena lortu zenuen. Lana, lana eta lana egun osoan.

Zalantzarik gabe, lanaren sentsazioa badaukat. Finalaz gogoratu eta lehen sentsazioa hori datorkit, lantsua izan zela eguna, eta luzea. Ariketa asko zeudela eta bakoitza zela lan saio gogor bat. Ariketa bakoitzaren aurrean nire buruari esaten nion: «Beste bat, goazen». Alde horretatik gogorra eta luzea egin zitzaidan, goizean batez ere.

Goizean, nahiz eta jarreraz ondo eta lasai egon, argitasuna falta zitzaidala sentitzen nuen; segur aski estuasunak ematen duen lanbro hori izango zen. Hala ere joan nintzen gutxi ikusten nuen tokian ere ahal zena ateratzen. Olaturik gabe surfeatzen sentitu nintzen.

«Finalaz gogoratu eta lanaren sentsazioa datorkit, eguna lantsua eta luzea izan zela. Ariketa asko zeudela eta bakoitza zela lan saio gogor bat»

Arratsaldeko saioan bazirudien eskailera bat gehiago igo zenutela oholtzara igotzean. Zer pasa zen eguerdian?

Giro ona izan genuen. Izan ere, finaleko bazkari horietan batzuetan nahiko estanpa patetikoak izaten dira; ez jan, ez hitz egin... Baina igandean nahiko giro onean egon ginen, kontuak kontatzen, batzuk paseatzen...

Zer gertatu zen arratsaldean? Ardoa eta sagardoa ez genituen probatu; horren eragina, beraz, ez zen izan. Nik uste dut arratsaldean gertatzen dela finalaren puska handi bat kenduta dagoela, erdia emanda edo kenduta dagoela. Suerte pixka bat izan baduzu, dagoeneko eman duzu zerbait goizean, eta batez ere nire kasuan –txapelketan lehen saioa nuen–, lehen kontaktua egin duzu plazarekin. Arratsaldean dagoeneko plaza ezagun batera zoaz, lan erdiak eginda, bazkalosteko berotxo horrekin eta normalean beste aldarte batekin. Nire kasuan, behintzat, horrela izan zen.

Arratsaldean lanbro gutxiago, orduan.

Bai, lasaiago. Lan erdiak eginda, plazan egonda, txapelketaren molde horretan lehen probak eginda... arratsaldean bigarren saio bat bageneuka bezala. Aldarte hobean joan nintzen arratsaldean, lehen hamarreko txikian ondo sentitu nintzen eta errematatu asmoz jarraitu nuen lanean.

Txori txiki batek esan digu bezperan Nafarroa Arenako plaza ikustera joan zinela.

Bai. Plaza ikusita genuen aurkezpenean, eta berez aski da. Ni ez naiz oso maniatikoa eta mistikoa gauza hauekin, eta ez naiz inoiz joan bezperan plaza ikustera. Aurten joan naiz, plaza ikusteagatik, txapelketan ez naizenez aurretik aritu, pixka bat aklimatatzeagatik. Eta baita ere larunbat arratsaldea nolabait pasatzeagatik. Zerbait egin behar da finalaren bezperako larunbat arratsalde horretan. Ni berez pixka bat ibiltzera joango nintzateke, baina goiz iluntzen du eta B plana izan zen Iruñera plaza ikustera joatea. Eta? Zer iruditu plaza?

Aurkezpenean bertan asko gustatu zitzaidan; BECekoaren antza handia hartu nion, eta BECen oso oroitzapen onak dauzkat. Gero, finalerako jarrita ikusi nuenean, oso dotore zegoela iruditu zitzaidan. Ondo dago dimentsio horiekin pixka bat ohitzea. Azkenean, bertsoaren performancea aldatu egiten da; aulkiak urrutiago daude, mikroak elkarren artean urrutiago daude, denak beste dimentsio bat dauka, beste tempo bat... Eta horrek eragin egiten du gorputzean.

Finalaren aurretik esan zenuen egin aurretik ezin zenuela azaldu zer egin nahi zenuen. Lortu al duzu egin nahi zenuen hori egitea?

Ez da sekula erabat lortzen, eta eskerrak, ezta? Sekula ez duzu nahi bezain ondo egiten. Nik nahi nuena uste dut neurri batean egin nuela: bertsoa lurrera ekartzea. Txapelketan askotan gertatzen da, parametro propioak dituenez eta bertso genero apartekoa denez, gaiak ere askotan modu oso neutroan jarritakoak direla, denak elkarren parekoak izateko. Ez dira pertsonalizatuak, noski, askotan ez daukate lekuarekin eta momentuarekin zerikusi handirik, eta askotan burbuila batean geratzen dira. Eta burbuila horrek ez dauka errorik. Eta nik nahi nuena zen gure inguruari buruz hitz egin, niri interesatzen zaizkidan gaiei buruz, guri inporta zaizkigunak, nire ustez gaur egun inporta dutenei buruz... gauzei buruz hitz egin nahi nuen. Badago zeresana gure munduan.

Batzuetan frustragarria zait saioak joaten zaizkigula kasik ezertaz hitz egin gabe, bai txapelketan eta bai txapelketatik kanpo ere. Txapelketak alde horretatik frustrazio pixka bat sor dezake ginkana bat bihurtzeko arriskua daukalako, ginkana tekniko artistiko bat, ea zeinek egiten duen hobeto ez dakit zein itzulipurdi tekniko. Niri hori ez zait interesatzen eta uste dut beste bertsolariei ere ezetz. Honekin ez dut gai-jartzaileen lana kritikatu nahi; badakit zaila dela eta mundu guztiak ez ditugula interes berak, baina nik uste dut bertsogintzak bere inguruari erantzun behar diola. Hori zen nire helburua. Gaiek uzten ez bazidaten ere, nik hemendik edo handik gure inguruari buruz kantatu nahi nuen. Nahiago nuen gaiek horretarako bide ematea, baina ematen ez bazuten ere ez nuen itzulipurdi tekniko batean bakarrik geratu nahi. Hori zen nire helburua edukiari dagokionez, eta hori neurri batean lortu dudala uste dut.

Hernaniarrak hirugarren txapel nagusia jantzi du. (Jon URBE | FOKU)

Baina...

Eskatzen hasita, nire helburu tekniko edo artistikoari begira –nahiz eta bereizezinak diren forma eta edukia–, gauza batzuk finago egin nahi nituzke. Goizean burua nahiko lanbro neukan eta gauzak ez nituen garbi ikusten. Hainbeste landutako errimak eta beste gauza batzuk ez nituen garbi ikusten. Adibidez, duela bost urteko finalean gogoratzen dut zein garbi ikusten nuen dena eta zein garbi neukan burua. Igande goizean ez nuen hain garbi ikusten, eta borroka gehiago egin behar nuen errimen eta beste zenbait gauza teknikoen bila. Eskatzen hasita, nahi izango nukeen alde horretatik finago aritu izana.

Baina, tira, balantzan bata eta bestea jarrita, pozik nago nire ahalegina, edukizkoa behintzat, neurri batean eman ahal izan nuelako finaleko saioan.

Txirritak Norteko Ferrokarrilari jarri zizkion bertsoak. Zuk Abandoko metroko bagoiari.

Bertsolaritzaren funts nagusia hori dela uste dut, bere inguruari kantatzea. Honekin ez naiz esaten ari gai guztiek sakonak eta astunak izan behar dutenik. Hori egin daiteke umoretik, ironiatik, fikzioaren bidez... mila modutara egin daiteke. Niri interesatzen zait gaiek gaur egungo testuinguruan leku bat izatea; bide ematea guri buruari barre egiteko, gure egoeraz hitz egiteko, gure jarrerak kritikatzeko... Niretzat bertsogintzaren zentzua hori da, eta bere jolas partea izan behar du beti. Denak ez du sakona izan behar, baina izan behar du testuinguruan erro bat, lur-hargune bat.

Amets Arzallusekin pasa zen Maialen Lujanbio buruz burukora. (Iñigo URIZ | FOKU)

Atzo erakutsi zenuen zirtolaria ere bazarela. Buruz burukoan plazak gustura barre egin zuen zure eta Amets Arzallusen ateraldiekin.

Bai, dena ez da sakona eta dramatikoa egin beharrik, umorea da bertsoaren parte garrantzitsuenetako bat; umorea, jolasa, dialektika, zirtoa... hori da gure izatearen parte funtsezko bat. Gaiarekin parean datorrenean edo ondo ateratzen denean, ederra da. Niretzat buruz burukoan, ofizioetan, txispa hori ateratzea sekulako gozamena izan zen. Azkenean txapelketan bakarkakoak sekulako pisua hartzen du, eta bertsolariaren jarduna gehiago dago dialektikan eta hori da benetako funtsa. Garrantzitsua eta polita izan zen Ametsekin jolas hori umoretik egin izana, eta gainera bi saioak oso ondo atera ziren. Biok oso gustura aritu ginen eta momentu gailur bat izan zen.

«Dena ez da sakona eta dramatikoa egin beharrik, umorea da bertsoaren parte garrantzitsu bat; umorea, jolasa, dialektika, zirtoa... hori da gure izatearen parte funtsezko bat»

Buruz burukoa, berriz, Amets Arzallusekin. Sekulako poza eman zizun.

Bai. Beste bat izanda ere poza emango zidan, baina Ametsengatik poz handia sentitu nuen. Zetorren txapelketatik zetorren, historia partekatu bat daukagu txapelketan eta, aparte, elkarri miresmena eta maitasuna. Buruz burukoa elkarrekin eraikitzeko sekulako ilusioa sentitu nuen.

Buruz buruko ganbarakoan, pandemiari eta pandemia osteari abestu zenion. Beharrezkoa zen, ezta?

Bai, baten batek aipatu dit hori. Ez dakit, igual ezin genuen pasatu txapelketa honi buruz hitz egin gabe, ezta? Pandemian eta pandemia ondoren geratu diren asmoen eta asmo zapuztuen inguruan aritu nintzen; nire ustez gaur egungo erretratu baten zirriborro bat egiten saiatu nintzen. Ez dakit asko aipatu den bertso munduan, baina lehen aipatu dudan garaiari lotze horrekin, hemendik urte batzuetara norbaitek aurtengo txapelketa entzun eta horrelako gai handi bat entzungo ez balu, pixka bat garaiz kanpoko txapelketa bat bezala geratzeko arriskua izango luke, ezta?

Une hartan ez nuen intentzio horrekin egin. Gaia entzun eta hori etorri zitzaidan.

Ez dakit dakizun, baina Lionel Messik ere irabazi egin zuen igandean.

Bai, baina kostatu zitzaidan jakitea [barreak]. Finala bukatu eta prentsaurrekora bidean akordatu nintzen Ametsi galdetu behar niola ea zer egin zuen Argentinak.