INFO

Arbonako laborantza lurren salmenta baliogabetzeko auzitegira jo du Safer-ek

Arbonako Berroetako bidean kokatzen den etxaldeko hamaika hektareako lur eremua salbu jartzeko urrats berria egin du laborantza lurren defentsan jarduten duen Safer egiturak. Lurzaindia elkarteak begi onez ikusten du Euskal Elkargoarekin elkarlanean ari den egiturak eginiko hautua.

Arbonako Berroeta bidean kokatzen den etxaldean okupazioa burutu zuten, joan zen udaran, laborariek. (Patxi BELTZAIZ)

Arbonako Berroetako bidean kokatzen den etxaldearen lurrak salbu jartzeko urrats berria egin du laborantza lurrak espekulazioarengandik babesteko xedea duen Safer egiturak.

Egiturak hamaika hektarea lurren salmenta baliogabetzeko egin duen hautua begi onez ikusten du Arbonako lurrak defendatzeko borroka luzea daraman Lurzaindia elkarteak.

Oroitzearren, etxaldeko lurrak lote ezberdinetan jarri zituen salgai etxaldearen jabe den Yves Borotrak.

Lur eremurik handiena bere burua ardi hazle gisara aurkezten duen Pauline Desurmontek erosi zuen.

Lehen unetik «prezio zinez altuan» gauzaturiko salmenta zalantzan eman zuen Lurzaindiak. Hala, ekarteak eta ELB sindikatuak joan zen irailean ohartarazi zutenez, «pertsona batek lur horiek 200.000 euroren truke erosi nahi ditu, guretzat prezio arrunt espekulatiboan».

«Muntaia bat izan da gure kontrola saihesteko»

Bere susmoak baieztatzera etorri dira horrez geroztik Safer egiturak eginiko peskizak.

«Muntaia hau egina da Saferrek lehentasunez erosteko duen eskubidea saihesteko», azaldu dio Mediabask hedabideari Eric Penacq Saferreko departamenduko zuzendariak.

Penacquek argitu nahi izan duenez, auzitegira joaz Saferrek ez du «Desurmont andereari eraso bat egiteko asmorik, baizik eta jabetza berria saltzeko prozedura salatu».

Lurrak eskuratzeko hautaturiko prozedurak eragotzi dio, finean, Saferrari lehentasunez erosteko eskubidea aldarrikatzea. Hori izanen da auzitegietan egiturak defendatuko duen ildoa.

«Laborari batek erosi du lur eremua, Saferrek finkaturiko prezioaren goiti, jabetza hutsa izeneko sistemaren bidez» azaldu du, bere aldetik, Jean-Claude Saint-Jean Safer egiturak Euskal Herrian duen batzorde teknikoko lehendakariak.

«Kontua ez da laborariak garelako eskubide guziak ditugula» gehitu du. Aldiz, Safer maila juridikora igaroko da «salmenta hori gauzatzeko plantan eman berri den sistemari dagokion arriskuaz ohartarazteko» eta, bistan da, «horrelako praktikak gaitzesteko».

Euskal Elkargoa eta Safer egitura, elkarlanean

Kasualitatea izan edo ez Berroetako hamaika hektarea lur horiek jabetza hutseko moldea baliatuz Saferrek gomendaturiko preziotik goiti saldu ostean, Bidarrain ere egituraren kontrola saihestea ahalbidetzen duen sistema bera baliatuz salmenta bat salatua izan da.

«Luzaz iraun dezakeen afera da, baina uste dut irabaziko dugula eta horrek jurisprudentzia ekarriko duela», adierazi du Arbonako auziaren harira Jean-Claude Saint-Jeanek.

Berroetako bidean kokatzen den etxaldearen lurrak babesteko borroka luzea eraman duen Lurzaindia elkarteak begi onez ikusten du Saferrek auzitegietara jotzeko hartu duen erabakia.

Arbonako auziak, bestalde, Euskal Elkargoaren baitan kontzientzia pizte bat ekarri du, afera horren ostean elkarlanerako hitzarmena plantan eman baitu erakundeak laborantza lurrak babesteko sorturiko Safer egiturarekin.