INFO

Etorkinen aldeko sostengu besta antolatu du Bizi! elkarteak urtats arratsaldean Baionan

Bizi! elkarteak urteko azken eguna nahi du baliatu du pertsona migratzaileen aldeko elkartasuna hauspotzeko. Hala, abenduaren 31n, urtats arratsalde solidarioa antolatu du Patxoki ostatuan. Bestak utziko dituen etekinak osorik harrera bermatzen duten elkarteei emanen dizkiete.

Emmanuel Macron presidenteak eta bere Barne ministro den Gerald Darmaninek migrazioaren aurka aitzineratzen dituzten politikak salatzeko martxa egin zuten, abenduaren 17an, Baionan. (Bob EDME)

Abenduaren 31n, eguerditik hasita eta gaueko zortziak arte Bizi! elkarteak etorkinen sustenguz besta antolatuko du Baionan.

Ez da lehen aldia urteko azken eguna baliatzen duela elkarteak urte osoan zehar jorraturiko elkartasun lana besta giroan bururatzeko.

Are, urtats arratsalde solidarioa bere laugarren ediziora helduko da aurten.

Bizi!k agiri baten bidez jakitera eman duenez, aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere egirauan ez dira eskas pintxoak eta mahamiak, arno beroa, haurrendako animazioak eta musika.

Ekitaldia Patxokin iraganen da, Baionako Tonneliers karrikan.

Ekimen horren karietara, Bizi!k orotarazi duenez, «migrazioaren ibilbidean» kokatzen den Euskal Herria «harrera lurralde» bilakatu da bertako herritar eta elkarte anitzek «migratzaileekin lan egiten dutelako», lehenik eta behin «harrera duina» bermatzeko eta hortik harago «elkartasun eta senidetasun ardatz izango dituzten politikak gautzeko».

Foroak, eztabaidak, sostengu martxak, salaketa ekimenak, omenaldiak zein gogoetak plantan eman ditu azkenekotan den urtean zehar 2018an sortu zen Bizi! elkarteko Migrant.e.s taldeak.

Lurraldeko herritar mugimenduekin auzolanean, «justizia sozialari, herritarren oinarrizko beharren asetzeko eskubideei eta klima aldaketaren erronkei» egokituriko dinamiketan jarduten duela taldeak gogorazi du Bizi!k.

Era berean, abenduaren 31n antolaturiko urtats arratsalde solidarioan lortuko diren etekinak osorik eskainiak izanen direla etorkinei harrera egiten eta laguntza ekartzen dieten elkarteei nabarmendu du.

Bizi!k gonbidapena helarazi dio herritar orori urtats arratsaldea partekatze unea bilakatzeko eta, besta giroaz gozatzearekin batera, Ipar Euskal Herrian bizi diren etorkinei eta erbesteratuei harrera duina egiten dieten elkarteei esku kolpea emateko.