INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Baserritarrak Areatzan direla, indartsu itzuli da San Tomaseko azoka Bilbora

San Tomas egunean Bilbon egiten den azokak berrikuntza bat ekarri du aurten: ez dute posturik jarri Plaza Berrian. Hala ere, jende ugari batu da goiz goizetik hasita eta, eguraldia lagun, giro onak bete du Bilboko Areatza.

Jende ugari gerturatu da Bilboko San Tomaseko azokara. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kexu agertu ziren baserritarrak Bilboko Udalak postuak aurten Plaza Berritik ateratzeko erabakia ezagutzera eman zuenean. Hasieran, ostalarien eskaerei erantzuten ari zirela adierazi zuten, baina Plaza Berriko tabernariek gezurtatu egin zituzten adierazpenok eta postuak plazan jartzearen alde agertu ziren. Polemika horretaz gain, greba eguna dute gaur Bizkaibusen eta, beraz, zailtasunak izaten ari da jendea Bilbora heltzeko.

«Plaza Berrian beti saltzen dugu hemen baino gehiago», dio Bego Olazabalagak. Sasikoetxe Txakolina Areatzan ari dira saltzen aurten, ordea. Ez dute lehenengo aldia kokaleku horretan: «Konfinamenduaren aurreko urtean Plaza Berrian egon ginen, gainontzekoetan hemendik». Olazabalagak azaldu duenez, postuak banatuta egonda jendeak joera handiagoa izan du Plaza Berrira joateko. Denak toki berean egonda, espero du bezero guztiak Areatzan pilatzea eta, beraz, salmentak mantentzea.

«Plazako ostalari gehienak postuak hemen jartzearen alde gaude», argitu du ‘Bertoko Berria’ tabernako Amaia Guillamonek. Taloak saltzen ari da gaur, baserritarrez jantzita, baina aurten ez dauka San Tomaseko azoka taberna aurrean. Plazari bizitasuna ematearen aldekoa da Guillamon «Plaza hau enblematikoa da eta ondo dago hemen ekitaldiak egitea».

Euskal Nekazarien Batasuna haserre agertu zen Bilboko Udalak hartutako erabakiarekin, Plaza Berrian ez egoteak nekazariei kalte egiten diela eta. Gainera, aurten ez dituzte animaliak bizirik salduko. Zenbait berrikuntza ekarri ditu, beraz, aurtengo San Tomas azokak.

Matzorri okindegiak ere jarri du postua azokan. Lourdes Matzorriagari ez zaio gaizki iruditzen denak Areatzan egotearena: «Horrela jendea leku bakarrean pilatzen da». Beti egon izan dira bertan eta gustura ari dira aurten ere. «Badirudi eguraldi honekin jendea animatu dela», adierazi du Matzorriagak.

Jendez lepo egon da Areatza goiz goizetik hasita eta orduek aurrera egin ahala behera egin du bezeroen adin tarteak. 11.00ak aldera dagoeneko zaila zen postuetara iristea. Plaza Berrian, aldiz, jendea bazegoen, bai, baina ez zeukan zer ikusirik aurreko urteetako giroarekin. Guillamonek dio ez dutela ulertzen Udalak plazatik edozein ekitaldi atera nahi izatea: «Uste dugu dela zenbait goi-kargu hemen bizi direlako, bestela ez dakigu zergatik izan daitekeen».

Aldarrikapenak ere, azokara

Polemika horretaz gain aldarrikapenentzat tokia ere izan da azokan. Goizean egin duten ekitaldian bertan, udaltzainek inposatu dieten egutegiaren aurka protesta egin dute, oholtza lana betetzen ari zen kiosko aurrean kartelak erakutsiz, Arregi zinegotziaren dimisioa eskatzen zutenak, besteak beste. Bizkaiko zahar etxeetako langileak greba egiten ari dira, ELAk deituta, eta elastiko berdez jantzitako langileak ere presente egon dira azokan.

Horretaz gain, Bizkaibuseko lau enpresa emakidadunetan egun osoko greba egiten ari dira gaur eta, ondorioz, zailtasunak izaten ari dira Bilbora gerturatzeko. Hala ere, jendez lepo dago Areatza zein Arriaga ingurua eta giro paregabea sortu da. Hainbat trikitilari dabiltza kalejiran azokatik eta ia edozein tokitatik entzun daitezke soinu-txikien doinuak. Aizkolari erakustaldia ere eskaini dute azokaren eta Zazpi Kaleen arteko bidean.

Zuzeneko harremana

Jaia da askorentzat San Tomaseko azoka eta lan eguna beste askorentzat. Vitoriano Goiti Izurtzatik etorri da postua jartzera, ogia eta barazkiak saltzen dituzte. «Lan asko egin behar da zerbait ateratzeko, baina beno, ezer emango ez baligu ez ginateke etorriko», azaldu du. Delikatetxe lehendabizikoz dabil San Tomas eguneko azokan, duela urtebete hasi zuten haien jarduna eta oiloengandik datozen produktuak saltzen dituzte, hala nola, saldak eta hanburgesak, Edurne Garciak azaldu duenez.

«Jendea gerturatzen da eta galdetzen dizu ea zer daukazun eta abar, ez dauka zer ikusirik beste azoka batzuetan egoten den jende kopuruarekin», adierazi du Garciak. Nabarmendu du uneoro dagoela bezero ugari, beste toki batzuetan ez bezala. «Jendeak badauka bestelako goxotasun bat ekoizleekin, zuzeneko harremana da», dio Garciak, eta gaineratu erakusleihoa dela haientzako azoka: «Ez gara bizi azoketatik ateratzen dugun etekinarekin, hona erakustera gatoz, jendeak ezagutu gaitzan».

Joana Larak barraskiloak saltzen ditu eta Bizkaian Gabonetan jaten den produktua izanik, ezin aproposagoa zaio data hau salmentarako. Gainera, Garciak bezala, nabarmendu du aukera ematen diela erosleekin bestelako harremana sortzeko: «Horrelako azokak garrantzitsuak dira, batetik, tradizioa ez dadin galdu eta bestetik, ekoizleak bezeroari zuzenean saltzeko».

Era berean, abagune paregabea da erosleek produktua nola egiten den ikus dezaten, Olazabalagak azaldu duenez: «Azoka batetik bestera ibiltzen garenez, bezeroek jarraitzen gaituzte eta galdetzen digute ea txakolina prozesuaren zein zatitan dagoen, adibidez». «Nola egiten den jakin barik, esan daiteke garestia dela, baina jakinda, ulertzen da» eta beraz, erosleek bestelako balioa ematen diote produktuari.

Ikusgarritasunagatik batzuek, salmentengatik besteek, ia 200 ekoizlek jarri dute postua San Tomas eguneko azokan, eta milaka pertsonak gozatu dute haren inguruan sortutako giroarekin.