INFO

Ahalik eta zuku gehien atera nahi dio Kopari Aitor Larrazabalen Gernikak

Bigarren Mailan ari den Leganes penaltietan gainditu ostean, Bizkaiko taldeak goraka egin du Ligan eta azken bost partidetan hamahiru puntu eskuratu ditu. Ospakizun bat bezala ulertzen dute Celtaren aurkako kanporaketa, baina lehiatzeko gogotsu daudela nabarmendu du Loiuko entrenatzaileak.

Aitor Larrazabal, Gernika taldeko entrenatzailea. (@GernikaClub)

Denboraldiko unerik goxoenean dago Gernika. Ehun urte bete ditu Bizkaiko taldeak eta hiribilduak jasandako bonbardaketa salatzeko Picassok egindako koadroa oinarri hartuta kamiseta berezi bat egin dute. Emaitzei dagokienez ere bolada onean dabiltza. RFEFeko Bigarren Mailaren sailkapenaren erdian kokatu dira eta Kopa txapelketan Celta hartuko dute. Urbieta herriko zalez gainezka egongo da gaur 19.00etatik aurrera jokatuko den kanporaketan.

«Oso pozik» dagoela nabarmendu du Aitor Larrazabal entrenatzaileak. Liga hasiera gogorra izan da bere taldearentzat eta klubeko arduradunek konfiantza mantendu izana eskertu du. «240 partida daramatzat Bigarren B mailan entrenatzaile bezala eta ez nengoen urduri. Nahiz eta jakin emaitzak onak ez direnenan entrenatzailea izaten dela beti kanporatzen duten lehenengoa», onartu du Athleticeko jokalari ohiak.

Larrazabalek aipatu duenez, sinetsita zegoen taldea egoerari buelta emateko gai zela. Denboraldi-aurre ona izan baitzuten eta lehen partidetan hainbat gauza ondo egin zituztelako. «Ez dut esango zorte txarra izan zenik; zenbait jokaldi erabakigarri gure kontrakoak izan ziren eta horrek kalte egin zigun», azaldu du.

Kopako lehen kanporaketan Leganes gainditzea lortu zuten eta Gernikako jokalariek konfiantza hartzeko baliatu zuten. Geroztik, Bizkaiko taldeak jokatu dituen bost partidetatik lau irabazi egin ditu eta beste bat berdindu. Entrenatzailearen hitzetan, partida horren aurretik ere ikusten zen taldea hobetzen ari zela, baina aitortu du mugarria izan zela futbolariek presioa gainetik kendu eta burua askatzeko.

Gernikaren hamaikakoa Urbietan jokatutako liga partida batean. (@GernikaClub)
Gernikaren hamaikakoa Urbietan jokatutako liga partida batean. (@GernikaClub)

Aipatu duen moduan, jokalari gaztez osatutako taldea da Gernika. Bertan daude Athleticek utzitako Ibai Sanz aurrelaria edo zuri-gorrien harrobian ibilitako Antonio Salado. Ezkerraldekoa Celtan dabilen Unai Nuñezen lagun mina da eta Urbietan elkarren kontra jokatuko dute. Txikitatik ezagutzen dute elkar, bata bestearen ondoan bizi baitziren eta batera joaten zirelako Lezamara entrenatzera.

Celta entrenatzaile berri batekin aurkeztuko da. Carlos Carvalho portugaldarrak Coudet argentinarra ordezkatu du etenaldiaren aurretik. Galiziako taldearen liga hasiera ez da ona izan eta horrek Kopan eragina izan dezake. Larrazabalen iritziz, Celtak ez du inolako erraztasunik emango eta jokalari guztiekin etortzea nahi du. Iago Aspas bezalako aurrelari bat Urbietan ikusi ahal izatea harro egoteko modukoa dela adierazi du.

Kanporaketa gainditzea oso zaila dela uste du eta «jai egun» bat bezala hartzen du partida. Ospakizun bat da berarentzat, alde handia dagoelako bi taldeen artean. Hala ere, ilusioz beteta daude Gernikan eta lehiatzeko prest. Galiziarrek irabazteko korrika egin beharko dute. Belar artifizialekoa da Urbietako zelaia eta baloiak bote ezberdina izatea ekartzen du. Hala ere, neurri aldetik ez dute arazorik izango egokitzeko.

Gorka Iraizozen laguntza

Aitor Larrazabalek 51 urte ditu eta dagoeneko eskarmentu handia du futbolaren munduan. Hamalau denboraldi egin zituen Athleticen kamiseta defendatzen eta entrenatzaile bezala Lemoa, Amorebieta, Barakaldo, Marbella edo Salamanca bezalako taldeetan aritu da. Kirol zuzendari ere izandakoa da Athleticen duela hamarkada bat eta Barakaldon ere ibili zen alor horretan lanean. Ezkerraldeko taldean bizi izandakoa gogorra izan zen, maila galdu baitzuten eta arlo ekonomikoan ere oso gaizki zebilelako kluba. Horregatik, iaz arnasa hartu behar izan zuen eta futbolaren mundutik pixka bat aldentzeko erabili zuen Larrazabalek.

Indarberriturik, Gernikak egindako proposamena gogotsu hartu du eta Gorka Iraizoz dauka orain alboan, bigarren entrenatzaile bezala. Lezaman ezagutu zuten elkar, nafarra atezaina zenean eta bizkaitarra, kirol arduraduna. Barakaldon batera ibili ziren lanean lehendabiziko aldiz, Iraizoz atezainen entrenatzaile moduan aritu baitzen.

Iraizoz Altamira atezainarekin entrenamendu batean. (@GernikaClub)
Iraizoz Altamira atezainarekin entrenamendu batean. (@GernikaClub)

Nafarra une latza bizitzen ari da orain, aita zendu berri baita. 41 urte ditu eta berak ere esperientzia handia du futbolari gisa. Espanyolekin, Athleticen eta Gironarekin urte mordoa eman ditu Lehen Mailan. Eibarren eta Gernikan Hirugarren mailan aritutakoa ere baita. Etorkizunean entrenatzaile izateko gogoa ere badu.

Hiribilduko taldeak penaltietan irabazi zuen Leganesen aurka eta bere lana nabaritu zen. Larrazabalek adierazi duenez, madrildarrek Ligan nola botatzen zituzten jaurtiketak begiratu zuten, eta bere jokalariek astero egiten dituzte halako probak lan saioetan. Ohituta daudela dio.

Jon Altamira atezain gernikarraren gaua izan zen. Herri osoa zegoen hari begira eta atepean inoiz baino handiago bilakatu zen. Larrazabalek Altamirari ematen dio meritu osoa. Jokalariak hunkituta ospatu zuen garaipena eta berriro errepikatzeko gogoz egongo da. Badaki ametsak egia bihurtzea posible dela bere herriko taldearekin.

Gernikaren helburua Kopari ahalik eta zuku gehien ateratzea da. Eta posible bada, aurrera egitea eta horri Ligan puntuak batuz jarraipena ematea.

Semea Zaragozan

Jokalari garaian Aitor Larrazabalek txupete batekin ospatzen zituen golak semeari eskaintzeko. Gaizka futbolaria bilakatu da eta Zaragozan ari da jokatzen aurten. Orain dela aste pare bat buruan kolpe bat jaso zuen partida batean eta ospitalera eraman behar izan zuten. Sustoa baino ez da izan eta azken jardunaldian berriro bueltatu da.

Bilbao Athleticen 9 gol egin ondoren, lehen taldera iritsi zen Gaizka Garitanorekin 2019an. Hala ere, ez zuen aukera gehiegirik izan. 11 partidatan bakarrik parte hartu zuen eta Zaragozara joan zen.

Aurreko ikasturtean Amorebietan aritu zen utzita eta maila bikaina eman zuen eskuin hegalean jokatuz bosteko defentsa batean. Hiru gol ere egin zituen. «Ezusteko galanta izan zen postu horretara hain ondo moldatzea», onartzen du bere aitak. 25 urte bete ditu abenduan eta Zaragozan ere lateral bezala ikusten dute orain arte izan dituen entrenatzaileek. Indartsua da, abiadura dauka eta hainbat jokalarirekin gertatu den moduan defentsan jokatzera egokitzeko gaitasuna dauka.

Gaizkak bere bidea egin beharra daukala futbolean aipatzen du Aitor Larrazabalek. Bigarren bueltan gehiago jokatzeko aukera izatea espero du eta hamaikakoan postua bereganatzea.

Gaizka Larrazabal Aitorren semea da eta Athleticen lehen taldean jokatu zuen. (@AthleticClub)
Gaizka Larrazabal Aitorren semea da eta Athleticen lehen taldean jokatu zuen. (@AthleticClub)