INFO

Amazonen Trapagarango biltokietan LABek deituriko grebak 60.000 pakete utzi ditu banatu gabe

Trapagaranen Amazonek dituen biltegietan LABek deitu duen grebak 60.000 pakete banatu gabe geratzea ekarri du, sindikatuak jakinarazi duenez. Ostiral honetan beste greba egun bat izanfo dute; LABek negoziaziorako deia egin dio enpresaren zuzendaritzari.

Amazoneko langileak Bilboko kaleetan. (Monika DEL VALLE)

Trapagaranen Amazonek dituen biltegietan LABek deitu duen grebak 60.000 pakete banatu gabe geratzea eragin du, sindikatuak jakinarazi duenez. Urriaren 17an eta azaroaren 28an beste bi lanuzte egin zituzten.

Amazonen azpikontratetako 300 furgoneta baino gehiago ez dira atera banaketa egitera, biltegiko langile gehienek LABen grebarako deialdiarekin bat egin dutelako. «Gaur, enpresak 25.000 paketeko atzerapena pilatu du eta bihar, aurreikuspenen arabera, 35.000 pakete ez dira banatuko. Beraz, bi egunetako grebaren ondorioz, 60.000 pakete banatzeke geratuko dira», azaldu du LABek.

Grebalariek kalejira egin dute gaur Bilbon, plaza Eliptikotik Zirlkularreraino. Ostiralean aste honetako bigarren greba eguna izango dute eta Trapagarango biltegiaren aurreran elkarretaratzea deitu dute 8.00etatik aurrena.

«Gaurko greba eguna arrakastatsua izan dela esan dezakegu, eta horren isla garbia izan da Amazoneko sei azpikontratek (Vayven Delivery, S.L., E-Box Last Mille, S.L., Flash Delivery, S.L., Besaide Logistics, S.L., City Logistic, S.L. eta Grusar Logistica y Distribucción, S.L.) banatzaileei etxean geratzeko agindu dietela», gaineratu du LABek.

«Joan den astelehenean, abenduaren 19an, Amazon enpresa batzordearekin batzartu zen eta ez zuen ezer esanguratsurik eskaini. Zentroko hitzarmen bat egitea bideragarria ez dela adierazi zuen eta negoziazioa hautsitzat joz altxatu zen. Eskaintzen duten gauza bakarra asteburuetako atsedenaldiak hobetzea da, eta LABentzat hori ez da nahikoa. Hori gutxi balitz, atzo gauean enpresak plantillari mehatxuzko mezua bidali zion, segurtasun pribatua handituko zuela eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatu zuela esanez. Mehatxuak mehatxu, lehen greba eguna arrakasta bat izan da», ziurtatu du sindikatuak.

Biharko greba egunari begira, LABek enpresaren zuzendaritzak erantzukizunez jokatzea eta negoziazioaren aldeko hautua egitea espero duela adierazi du. «Bestela, langileei uzten dien aukera bakarra mobilizazioa da», nabarmendu du.