INFO

Ondarroa eta Elorriotik Saharara; premiak entzun eta elkartasunez erantzun

Aurten hirugarrenez bidaia antolatu du Ondarroako Yaalah elkarteak Aljeriako sahararren kanpalekuetara. 17 lagun joan dira oraingoan, elkarteko kideak zein Elorrioko ikasle ohi batzuk, bai eta udan saharar umeak hartu dituzten zenbait familia ere.


Datorren urtean 5. urtemuga izango du Ondarroako Yaalah elkarteak. Hainbat ekimen bultzatzeaz arduratzen da, Euskal Herriak berezkoa duen Sahararekiko elkartasuna bideratuz.

Sahararren delegazioarekin harremanetan jarri eta 2018an egin zuten lehenengoz Ondarroatik Sahararako bidea, Josu Etxaburu presidenteak NAIZi azaldu dionez. 2021. urtean egin zuten bigarrena, 4x4 ekimenaren baitan. Orduan, ibilgailuak ez ezik, material ugari eraman zuten kanpalekuetara, hala nola eskola materiala eta jantziak.

200.000 bat lagun bizi dira Aljeriako desertuan, Saharako gatazkak hala behartuta. Etxaburuk azaldu duenez, basamortuak ezer gutxi egiteko aukera ematen du, jana bilatzeko, adibidez. Hori dela eta, kanpotik jasotako laguntzei esker lortzen dituzte elikagaiak. «Rabuni da Tinduf eskualdeko kanpalekuetako hiriburu administratiboa, bertara heltzen dira baliabideak eta handik banatzen dituzte gainontzeko kanpalekuetara. Hara ere joaten gara bidaia egiten dugunean», azaldu du Etxaburuk.

Bir Ganduz herrira heldu dira aurten ere, abenduaren 2tik 10era. «Elkarteko kideak joan dira, bertan abian ditugun proiektuen jarraipena egiteko eta baita udan saharar umeak hartu dituzten familia batzuk eta Elorrion nire ikasle izandako sei gazte ere», zehaztu du Etxaburuk. Saharar umeak hartu dituzten familientzat garrantzitsua da haurraren jatorria ezagutzea, hartara haren ohitura eta izaera hobeto ulertu ahal izateko. Gainera, «hango familiek goxo hartzen dute hemengo familiak ezagutzea».

Gazteentzat, ordea, sahararrek bizi duten egoeraren berri izateko oso baliogarria da ekimena. Materialak eramaten dituzte, bai baina «hara zoazenean argi uzten dizute gatazka politiko bat dagoela, gatazka armatu bat ekarri duena eta horregatik bizi behar dutela kanpaleku batean». Kontzientzia hartuta, ikusitakoa zabaltzen dute gazteek Euskal Herrira itzulitakoan, Etxaburuk azaldu duenez.

«Konfiantza zubiak» eraikitzen dituzte hango administrazioarekin, haiek agindutakotik abiatuta lan egiteko. «Alkatearekin eta Dairako kontseilua deritzonarekin batzen gara heldu bezain laster», azaldu du Etxaburuk, azpimarratuz denak ez badira, gehiengo zabala, andrazkoak direla. Arlo desberdinetan diharduen jendea batzen da bilerotan eta horri esker, elkarteko kideek aukera dute behar zehatzen berri izateko: «Haurtzaindegiko arduradunak esan zigun ur biltegi bakarrarekin ezin zituela haurrak hidratatuta eta garbi mantendu, eta beste hiru eraman genizkion».

Paternalismotik ihesi

Ohikoa izaten da norberaren errealitatetik begiratu eta munduko beste puntan dituzten beharren inguruk ondorioak ateratzea, inori ezer galdetu gabe. Ez da hori, inondik inora ere, Yaalah elkartearen jarduteko modua, ekin orduko entzuteko tartea hartzen baitute. «Haien premietatik abiatzen gara, haiek markatzen dituzte lehentasunak», eskola materiala dela, arropak direla edo ‘Emakumeen Etxea’ hartzeko eraikina dela.

«Hutsetik eraiki dugun lau gelako eraikina da», argitu du elkarteko presidenteak azken honi buruz. Izan ere, emakumeak kanpalekuetako bizitza politiko zein sozialean garrantzi eta eragin handia badute ere, ez zeukaten haien premiei preseski erantzungo zien espaziorik. Etxabururen hitzetan, «emakumeei esker irauten du bizitzak kanpalekuetan».