INFO
Entrevue
Juan Karlos Izagirre
EH Bilduren Donostiako alkategaia

«Oso inportantea da gauzak zer eta nola egin nahi diren galdetzea»

Juan Karlos Izagirrek (Donostia, 1963) Batzar Nagusiak utzi eta gertuko politikara itzuli nahi du, «politena» dela dioen horretara. EH Bilduren enbidoa jaso du, «gogotsu eta ilusioz», alkategai izateko. Badu lokatz horietan esperientzia, 2011-2015 legealdian izandakoa.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiarako alkategaia, Martutenen. (Jon URBE | FOKU)

Medikuntza utzi eta aurrenekoz politikara jauzi egin zuenean, 2011n, ezezaguna zen; gaur, hamaika urte geroago, Juan Karlos Izagirre aurkezteko hitzak kasik soberan daude. Geroztik, Donostia aldatu da eta hiriak orduan ez zituen aukerak eta erronkak ditu egun. Horiek kudeatzeko asmoarekin dator, betiere «herritarrekin».

Etxebizitza, turismoa eta mugikortasuna ditugu hizpide, besteak beste. Galdera, funtsean, honakoa dela dio: zein da nor bere auzoan zoriontsu bizi ahal izatea posible egiten duen Donostia? Hori argituta, nola heldu horretara da auzia. Eredu kontrajarriez mintzo da.

Gaur egungo eredua agortuta dagoela diozu. Zein da eredu hori, eta zein EH Bilduk proposatzen duen haize berria?

Badago kontzeptu bat oso inportantea politikan, eta da konexio batek egon behar duela. Uneotan deskonexio izugarria dago Gobernuak hartzen dituen erabakien eta Donostiak sentitzen duenaren artean. Hau esanda, guk uste dugu auzoz auzo egin behar direla gauzak. Galdegin behar dugu zer nolako Donostia imajinatzen dugun epe labur, ertain eta luzean. Badaude korapilo batzuk askatu beharrekoak. Eta gero dago ereduaren auzia. Hemendik hogei urtera zer nahi dugun galdegin behar diogu geure buruari.

Eta nolakoa da hiri hori?

Donostia oso lokalizatua egon da ardatz nagusi batean, eta izan da kostaldea: batez ere Antigua, Erdialdea, Parte Zaharra eta Gros, eta uste dugu Donostia askoz gehiago dela. 2011-15 legealdian saiakera egin genuen baztertuak zeuden auzoei kasu egiteko eta merezi zuten tratua emateko, eta zentzu honetan apustua garbia da bi ardatz mahai gainean jarrita.

Bata da Urumea. Gogoratu dezagun 2011n erabat ahaztuta zegoela ibai hori eta hiria hazi dela Urumeari bizkarra emanez konturatu gabe zer nolako potentziala duen. Lan serioa egin behar zela adierazi genuen orduan, baina oraindik lan asko dago egiteko. Ardatz honekin egiten duguna da auzo horiek, Riberasetik hasita, Loiola, Txomin eta Martutene berpiztu, eta ibaiaren balioa azpimarratu. Urumeak izan behar du leku bat Kontxa bezala, zeren aukera asko ematen ditu disfrutatzeko. Agian garapen txiki batzuk eginez, baina modu orekatuan eta errespetatuz Urumea, gune biziak sortzen lagunduko dutenak.

Beste ardatz dezente ahaztuta dauden auzo askorekin bat egingo lukeena, GI-20 saihesbidea eraldatzeko proposamena da, auzoentzat espazioa errekuperatuz, ez autoentzat.

Etxebizitzarena da Donostiak duen arazo larriena. Loiolako kuartelen lurren salmentak zer aukera irekitzen du zentzu horretan? Eta zer leku izan dezake parte-hartzeak?  

Etxebizitza eta Txominen kasua gogora ekarrita ikus daiteke garbi zein bi eredutaz ari garen. Martutenerekin batera oso leku degradatua zen, sufritzen ari ziren uholde handiak eta erantzunik ez zuten jasotzen. Auzo haietara joan ginenean esan genien konpartitzen genuela ahaztuta zeuden bi auzo zirela eta soluzioa emateko prest ginela, lehentasunez gainera, baino auzotarrekin egingo genuela. Eta auzotarrek oso ondo erantzun zuten. Beti esango dut Txomin eta Martutenen gertatu diren guztiak azkenengo zortzi urte hauetan izan direla bertakoek erakutsi zuten jarreragatik.

Donostia oso lokalizatua egon da kostaldean, eta horrek desorekak sortu ditu. Gure apustua garbia da, bi ardatz gehituz: Urumea eta GI-20 saihesbidea

Egin zen etxebizitza apustu bat, eraiki zen plana auzotarrekin batera. Ia %75a publikoa zen guk egindako lehen planifikazioan, helegite batzuk tarteko %68an gelditu bazen ere. Eta Udalarena zen lursail bat %100 publiko egin genuen, alokairuzko etxebizitzak eskaintzeko. Loiolako berria oso ona da, eta lortu dutenak zoriondu behar dira, baina hau esanda, zera galdetu behar dugu: zer egin nahi dugu horrekin? Oso inportantea da zer eta nola galdegitea. Lehenengo pausua da ingurukoekin egotea gabeziak zeintzuk diren ezagutzeko.

Uste dugu edozein garapen urbanistikok kontuan izan behar duela etxebizitzaren beharra batetik, baina sortzen diren gune berri horiek behar dute izan gune biziak, auzo bizigarriak egiteko, atseginak, eta hori lortzen da ekipamendu eta zerbitzu onekin.

Zein da, hortaz, zuen proposamena?

Ezin da legeak esaten duena errespetatu eta kito, apustua egin behar da eta beharrezkoa da, Donostian 20.000 pertsona daude etxebizitza baten zain. Beraz, publikoa izan behar du, eta honen baitan soziala. Tasatuak ahal den gutxiena. Legeak aukerak ematen ditu horretarako, zeren legeak ematen duena da minimoa, maximoa zuk jartzen duzu, betiere kontuan hartuta operazio horietan kontuek koadratu egin behar dutela.

Alokairuen gehienezko prezioa ezartzeko legerik gabe, zein eskumen du udal batek?

Udalaren konpetentziak dira direnak, baina zuk har ditzakezu neurri batzuk saiatzeko ez daitezen igo gehiegi, eta beste erakunde batzuek har ditzakete beste erabaki batzuk. Nahiz eta ez jarri zifra maximo bat, ezar daiteke ‘normaltzat’ hartzen den zifra bat, espekulazioan erortzen ez dena, eta herriz herri edo auzoz auzo egin daiteke. Eta gero fiskalitatearen bidez, dela Aldundiaren eskumena, prezio horretatik gora kobratzen dutenei zerga politika zigortzaile bat ezarri.

Turismoa. Denok gara turista eta sektore garrantzitsua da. Nor aberasten den eta zer kalte eragiten dituen da auziaren muina?

Turismoa interesgarria da, eta ekonomikoki dirua sortzen du, Donostian Barne Produktu Gordinaren %15a da, asko da. Balio du gure hiria eta gure kultura eta jatorria ezagutzera emateko. Nazioarteko Turismoaren Erakunderen definizioaren arabera, turismoa ‘jasangarria’ da lortzen denean hartzen diren neurriak hura bultzateko kaltegarriak ez izatea ez hiriarentzat, ez ingurumenarentzat, ez herritarrentzat. Turismoak Donostian hartu duen joerak kaltetzen du nolabait herritarren, zerbitzuen... bizi kalitatea? Nik uste dut erantzuna baiezkoa dela; orduan, hori birplanteatu egin behar da.

Auzi honek berehalako erantzun batzuk behar ditu eta beste batzuk denbora bat beharko dute lantzeko.

Adibidez?

Luzamendu bat egokia da gainezka dauden lekuetan, uste dut turista, bisitari eta bertakoen artean elkarbizitza errazteko neurriak har daitezkeela. Bertako auzokideek berriz ere errekuperatu dezaten pertenentzia sentimendu hori, auzoaren parte direla eta gustora daudela. Eta epe ertain batean eredu turistikoa bera ere mahai gainean jarri behar da birpentsatzeko zer eskaini nahi diogun etortzen denari, eta non eskaini nahi diogun.

Beti esango dut Txomin eta Martutenen azken zortzi urte hauetan gertatu diren guztiak izan direla bertakoek erakutsi duten jarreragatik.

Turista taldeak mugatu, bai multzoen kopuruan, bai talde bakoitzak hartzen dituen bisitarien kopuruan, zerbitzu zein ekipamenduetan dauden gabezien aldetik ere azterketa egin…. Eremu hauetan herritarrek ikusi behar dute dituzten arazoei aurre egiten diegula neurri zehatzekin.

Eta bultzatu behar dena da etxebizitzen izaera nagusia, dela bizitzeko; honenbestez, birplanteatu beharko genuke apartamentuak eta abarrak irekitzeko baimenak azken urteetan nola eman diren.

Turismoaren baitan sektore potentea da ostalaritza, Donostian lobbytik ere baduena. Arriskutsua da honekin sartzea?

Ez, noski ezetz! Ostalaritzaz hitz egin behar da, bizirik dagoen sektorea da eta ekarpen handia egiten du. Zein auzo edo herritan ez da beharrezkoa bizitza propioa egiteko! Sektore bezala bere arazoak ditu eta horiek ere aztertu behar dira, adibidez sortzen duen lan mota, lan baldintzak ez direlako onenak. Entzun egin behar zaie, baina hemen ere batzuen interesek ezin dute interes orokorraren aurka joan.

Martutene eta Txomineko prozesu parte hartzaileak ditu hizpide alkategaiak. (Jon URBE I FOKU)

Trafikoak uda honetan arazo handiak eragin ditu, haserreak bezainbeste. Akaso heldu da garaia galdegiteko auto pribatuek zein punturaino heldu behar duten erdiguneraino?

Galdera hori aspalditik ari dira egiten Europako hiruburuetan. Heme bi gauza daude. Batetik, hartu dira erabaki batzuk inorekin kontsultatu gabe, eta horrek eragin ditu haserre handiak. Baina galdera potoloa beste bat da: zer egin behar dugu mugikortasunarekin orokorrean, eta zer egin behar dugu epe motzean? Tendentzia da trafikoa gutxitzea. Hainbeste lur-azpiko aparkaleku daude hirian! Eta horiek jarraituko dute hor egoten, baina zein erabilera eman, noraino murriztu behar den erabilera eta nola egin behar dugun alternatiba bat eskaintzeko pentsatu behar dugu. Alternatibak dira disuasio-aparkalekuak eta garraio publikoa indartzea.

Auto pribatuaz goaz atetik atera. Erdigunera hauen sarrera debekatzea uste duzu erabaki ausarta izateaz gain, ez litzatekeela begi onez ikusiko?

Aparkalekuak Urgullen azpian jarriko balira ere beteko lirateke. Orduan horrek eskatzen du hausnarketa bat. Joera da aparkalekuak gero eta gutxiago, sartzea kotxeak gero eta gutxiago, kutsakorrak badira zer esanik ez, garraioa indartu… Kontuan izanda ere behar batzuk daudela, eta ezin dela itxi eta debekatu trafiko guztia, ez behintzat leku guztietan.

[Aparkalekuen] eskaintza murriztu beharko da bai ala bai, eta hor gelditzen den espazioak erabili beharko dira beste gauza batzuetarako, adibidez azaleran dauden kotxeak behean aparkatzeko, banaketarako guneak sortzeko, edo zergatik ez, bizikletak barruan gordetzeko, aparkaleku duinetan.

Azken hauteskundeetan EH Bildu bigarren indarra izan zen Donostian. Zer sensazio dituzu 2023ko maiatzerako?

Konbentzituta gaude norabide berri bat markatuta joan ginela udaletxetik eta norabide hori berriz aldatu dute. Mahai gainean jar dezakeguna, eta gainera behartuta gaude egitera, beste aukera bat da. 2011-15 aroa mediatikoki oso bortitza izan zen, baina erakutsi genuen gauzak beste modu batean egin daitezkeela eta beste Donostia bat posible dela. Izandako esperientzia da abiapuntua.

Zer esango zenioke zalantzati dagoen hiritarrari?

Konfiantza guztiarekin eta dugun esperientziatik beldurrik gabe diot auzoz auzo konpromisoak hartu eta elkarlanean egingo ditugula proposamenak, bai jaso, landu eta ekin. Alkate on bat da esfortzu bat egiten duena herritarrekin eraikitzeko, eta horretarako jende potentez inguratu behar zara, jende baliogarria beharreazkoa da aldamenean.

Eta politikagintzak, zer irakatsi dizu?

Niretzat politika oso gauza inportantea da, tresna ezin hobea da herritarrok gauzak aldatzeko, arazoei soluzioak bilatzeko. Baina badugu arazo bat, eta da politika dagoela oso desprestijiatua. Horregatik, politikaren beraren balioa azpimarratzea gure helburuetako bat ere bada. Zintzotasuna falta da, faltan somatzen dut. Eta ikasi dut aurretik banekiena: presio asko daudela eta askotan bat esan eta bestea egiten dela, baina uste dut saiatu garela horri buelta ematen. Politika herritarrekin egiten eta egiten ditugunak esaten, eta esaten ditugunak egiten ditugula, eta ezin badira egin, esplikatzen zergatik ezin den.

EH Bilduk proposatzen du dagoen leku guztietan aldaketa bat, beharrezkoa delako bai hiri bezala eta jendarte bezala ere. Maila guztietan aldaketa bat behar dugu. Eta badago lobby asko aldaketarik ez duena nahi, horiek alde ez dira egongo, baina herritarrak dira horiek ere. Ikusi behar dute aukerak daudela eta beste Donostia bat posible dela.