Altunaren magiak eta Tolosaren sendotasunak bat egin dutelako irabazi dute Astelenan
Peña II.a eta Mariezkurrena piloteoan nagusi izan badira ere, bere aurkariek baino huts gehiago egin dituzte eta horrez gain, Altuna aurrean jokoan sartu den bakoitzean erotu egin du bikote urdina. Ondorioz, bikote biak hiruna garaipenekin daude bi bikoteak sailkapen nagusian.
ALTUNA III - TOLOSA 22 - PEÑA II-MARIEZKURRENA 15
«Aurrean tanto bikainak egin ditut, baina nik uste Xabik –Tolosak– ere atzetik lan handia egin dsuela eta bikote bezala asko eman dugu», adierazi du Jokin Altunak Eibarren Peña.IIari eta Mariezkurrenari gailendu eta gero. «Nik uste bikote bezala joko asko batu dugula, baina Jokinek –Altuna III.ak– frontoia zutik jarri du, eta Altuna maila horretan dela bere atzelari izatea plazer hutsa da», gaineratu du Xabi Tolosak berak.
Bikotekideari loreak botatzea oso ohikoa da, baina kasu honetan, biek ala biek izan dute arrazoi osoa. Xabi Tolosak sekulako lana egin du Mariezkurrena bezalako jotzaile baten kanoikadak ia guztiak, bata bestearen atzetik, eraman eta ahal den neurrian Peña II.aren erremateak saihesteko. Alabaina, atzelariari berari kendu dion lanagatik eta bikote urdina nola erotu duen aintzat hartuta, Jokin Altunak bere egin du Astelena frontoia. «Pilotaleku honetan partida onak txarrak baino gehiago jokatu ditut, eta ez dut uste kasualitatea denik», gehitu du Amezketako aurrelariak. Kasualitatea izan ala ez, Tolosak egin duen lan bikaina are eta hobea bilakatu du Altunaren lanak eta magiak, azkenera arte gogotik saiatu diren Peña eta Mariezkurrenari irabazi eta, hiruna garaipenekin, sailkapen nagusian berdindu ahal izateko.
Urdinek, hala ere, beren larregizko hutsegieetan eraman dute penintentziaren erdia. Izan ere, Peña II.a akaso ausartegi abiatu da, bere atzelariaren joa erabat baliatu gabe. Hala, tantorik ia egin beharrik gabe, 4-0 aurretik jarri dira Altuna eta Xabi Tolosa, jokoan askoz asentatuago daudela erakutsiz. Alabnaina, hurrengio ahaleginean iritsi da urdinen lehendabiziko tantoa, txokoan airez Peña II.ak ederki utzita, aurrez, oraingoan bai, Mariezkurrenak zuloa ireki eta gero.
Aurreneko desoreka berehalako batean orekatu da, gainera. Altunari kanpora ihes egin dion erremate bat eta Peñak airez egin dituen hurrengo bi tantoei esker markagailua berdindu baitute, baina 4-5 aurreratu ere.
Altunaren erauntsia
Berehala hartu dute aurrea, ordea, gorriek. Peñak egin ahala galduz jarraitu du eta bosna berdindu ostean, berriz, Altunaren aurreneklo bi tantoak iritsi dira, amezketako aurrelariak txokoan oso bizi moztu eta gero, eskuineko eskua gero eta hobeto duela erakutsiz. aitaren batean 10-5 aurreratu dira gipuzkoar biak, Altunak airez egindako bi tantorekin eta Mariezkurrenak galduriko hirugarren pilotaren ostean. Alarma guztiak piztuta, urdinek hutsartea eskatu behar izan dute.
Berotu bada, berotu, Jokin Altuna, Peña II.a eta Marizkurrena airean eraman dituela aurreneko atsedenaldi luzera markagailua 12-5 iritsi dela partida, aurrelari amezketarrak bi ormakoarekin eta ezker gantxoz ber aurkariak dantzan erabili eta gero. Kontrastean, berriz, hasiera baten lanez gainezka ibili den Xabi Tolosak ikesle lanak egin ditu gehienbat, sakea eta sake-bueltari esker Altunak itzelezkoak eta bi egin baititu berak neurri baten atseden hartu ahal izan duen neurrian. Bada, azken emaitzari begira, neurri handi baten 8-0eko partzial horrek erabaki duela partida esan liteke.
Zer esan bikote urdinari buruz? Astelenako ikusleak txundituta eta miretsita jardun duten bitartean, hauek beren lekua nola berreskuratu asmatu ibili direla, ezin baita esan gaizki jokatu dutenik, baizik eta Altunak ez diela ez ongi ezta gaizki ere jokatzeko aukerarik eman.
Halakoren baten, 12-6koa ezarri dute urdinek. Aspaldiko partez Mariezkurrenak egundokoak eman dizkio pilotari eta Tolosari arnas apur bat eman nahian sotamanoa txapapera joan zaio Altunari. Ostean, Peñak sakez eta airez tanto bana lortuta, 12-8ra hurbildu dira, baina ezin izan dute gehiago hurreratu, txokotik zabalera ezker airez, azpitik gora jota ordea, tanto ikaragarri batekin erantzun baitie Altunak.
Dinamika ezberdinduak
Tanto laburrak, gorrientzat; tanto luzeak; urdinentzat. Hor Astelena pilotalekuko partidaren sekretua, baldar xamar esateko. Aurrean amaitzeko aukerei muzin egin gabe, gorriei irabazteko aukera bakarra lana beltz egitea ikusi dute Peña II.ak eta Mariezkurrenak, baina Altunak aurkariak nola nahastu asmatu du, eta Xabi Tolosak hain ezatsegina den lan zikin hori polito bete du Mariezkurrena lako jotzaile ikaragarri baten aurrean.
Hala, tanto luze batzuek ere gorrien alde erortzen hasi dira, eta lau tantoko aldea eusteaz gain, zabalntzea ere erdietsi dute Altunak eta Tolosak, aurkarien hutsegite bana baliatuta. Baina galdu bezsala, egin erew egin dituzte tantoak urdinek, eta aurrean zein atzean tanto batzuek amaitu ostean, lau tantoko langa hori apurtzea lortu dute behin behinean. Xabi Tolosari behera alde egin dion bigarren pilotaren ostean, markagailua 16-13 dela, atsedenaldia eskatu behar izan dute gorriek.
Ez die kalterik egin, 18-13 jarri baitute Astelenako markagailua azken atsedenaldi liuzeari begira. Urdinek defentsa bikaina ere badutela erakutsi duten arren, Mariezkurrenak pilota bat eramateke laga du Peñarekin izan duen gaizkiulertu baten erruz. Azken honek, berriz, erresto txar batekin tantoa opari eman die gorriei. Bada, urdinen joak arriskua bere baitan izanagatik, partidaren azken txanpara Altuna III.a eta Tolosa neurketa mendean dutela iritsi dira.
Eta ez dute barkatu. Urdinek kale pare bat egin dute eta horrek azken tantoetan 22rako bidea erraztu die. Baina garaipena, azken baten, bikote bezala eman dute sendotasunak eta Altuna III.aren magiak bat egin –21-15eko bi ormakoa eredutzat hartuta, lau koadro eta erditik, atzeratz korrika ziholala bota baitu Amezketakoak– dutelako lortu dute.
PARTIDAKO FITXA
Jokoaren Iraupena: 61.06 minutu.
Pilotakadak: 518.
Sakez: Altunak 1 eta Peñak 1.
Egindako tantoak: Altunak 10 eta Tolosak 0; Peñak 8 eta Mariezkurrenak 3.
Galdutakoak: Altunak 2 eta Tolosak 2; Peñak 6 eta Mariezkurrenak 6.
Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 4-5, 5-5, 12-5; 12-6, 12-8, 13-8, 13-9, 14-9, 14-10, 16-10, 16-11, 16-13, 18-13; 18-14, 19-14, 19-15, 20-15, 22-15.
Gorabeherak: Sarrera bikaina eta giro aparta Eibarko Astelena pilotalekuan, tartean Mikel Oyarzabal Realeko futbolaria. Dirua parean, Peña II.a eta Mariezkurrenaren alde. Aurreneko sakea ere, urdinentzat izan da.