INFO

Arata Isozaki arkitektoa hil da, Bilboko Uribitarteko dorreen egilea

Tokioko Arata Isozaki arkitektoa hil da, 91 urterekin. 2019an Pritzker arkitekturako saria irabazi zuen, eta bera da Bilboko Uribitarten dauden dorreen egilea. Karratutasunarekin eta hutsuneekin jolasten zuen bere obretan.

Arata Isozaki, Bilboko dorreen inagurazioan. (Monika del Valle | FOKU)

Arata Isozaki arkitekto japoniarra hil da 91 urte zituela. 2019an arkitekturako Pritzker saria irabazi zuen, eta bera izan zen Bilboko Uribitarteko dorreen egilea ere. Dorreetatik pasabide propioa eraiki zuen Calatravako zubiarekin lotzeko; eztabaida sortu zuen horrek.

Isozakik 14 urte zituenean jaurti zuten bonba atomikoa Hiroshima eta Nagasakira. Handik urte dezentera, Isozakik aitortu zuen «tragedia pentsaezin» hura izan zela bere bokazioaren iturburua, «eraikinak eta egiturak altxatzea historiak eragiten dizkigun zauriak sendatzeko modu bat» izan zitekeela ikusi zuela.

Tokion ikasi zuen arkitektura eta 30 urte bete baino lehen munduari bira behin baino gehiagotan emana zion, arkitektura mota guztiak ezagutzeko anbizioarekin. Bere estiloak, brutalismoaren eta postmodernismoaren artekoak, Pritzker Saria irabaztera eraman zuen 2019an, eta sari banaketan bere lanen ezaugarritzeen zergatiaren berri eman zuen: «Zero eremu batean hazi nintzen, hutsunearen ideiak markatuta».

Hirurogeiko hamarkadan, «Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko harreman sakon eta iraunkorra» sortu zuen lehen arkitekto japoniarra bihurtu zen, Pritzker Sariaren epaimahaiak adierazi zuenez.

Heterogeneotasuna eta tradizioa berrinterpretatzetik teknologia gorenera eramaten duen estiloa da berea, lehen diseinuetan erakutsi zuen bezala. Agerian geratu zen hori 1961ean proiektatu zuen ‘Aireko Hiria’ obrarekin, zeinarekin Tokioko kaosa arrazionalizatu nahi zuen, zuhaitzetan inspiratutako eraikinez osatutako antolamendu bertikal baten bidez.

Bere lan ezagunenak

Bere lan ezagunenen artean Bilboko Isozaki dorreak, Oita liburutegia, New Yorkeko Palladium diskoteka, Bartzelonako Sant Jordi jauregia, Milango Allianz dorrea edo Gunmako Arte Museoa daude. Karratutasuna eta hutsuneen jokoa dira ezaugarri azpimarragarrienak bere obretan.