«Bizitzeko beste modu bat egia bihurtzeko unea» dela aldarrikatuko dute Elorrioko Topagunean
Gazte antolakundearen 10. urteurrenean, Elorrion egingo du Ernaik Gazte Topagunea, apirilaren 6tik 9ra bitartean. Egitaraua osoa aurrerago aurkeztuko badute ere, egingo dituzten zenbait hitzaldi eta kontzerturen berri eman dute aurkezpenean.
Elorrion apirilaren 6tik 9ra egitekoa den Gazte Topagunea eta haren egitarauaren zati bat aurkeztu ditu Ernaik. Hitzaldiak eta kontzertuak izango dira 10. urteurreneko hitzordu honetan: «Elorrio 3 egunez gurea egingo dugu, gazteon herria bilakatuko dugu, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren herria». Topalekua bizitzeko modu baten alde apustu egiten duten milaka gazte batuko dituen espazio autogestionatua izango dela baieztatu dute.
Ernairen 10 urteko ibilbide honen balantzea egin dute bozeramaileek, aurrera begira: «Bestelako etorkizun bat imajinatu eta egia bihurtzeko momentua da». Belaunaldi krisi baten aurrean gaudela adierazi dute, bizi baldintzen «erabateko prekarizazioaren aurrean». Gaineratu dute ez direla geldi geratuko eta euskal gazteriaren bizitzeko modua aldarrikatu dute, «komunitatean antolatzen dena, munduari begirada kritikoz begiratzen diona, harremantzeko espazio osasuntsuak eraikitzen dituena eta noski, aisialdirako espazio propioak egiten dituena».
Egitarau oparoa antolatzen ari dira urteurreneko Gazte Topagunerako, eta esku artean daukatenaren zati bat aurreratu dute. Besteak beste, honako hitzaldiak egongo dira: Jordi Borras eta Kattalin Miner, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Eraitz Saez de Egilaz eta Lur Albizu, Jule Goikoetxea, Garbiñe Aranburu... Jorratuko dituzten gaien artean daude gazte belaunaldiaren erronkak, ekologismoa, hezkuntza eta antifaxismoa, migrazioa, komunikazio politikoa, lodifobia edota euskal kultura. Musika eskaintza zabala ere izango da, Merina Gris, Lukiek, Zetak eta Sua taldeen kontzertuekin, adibidez.
Bertaratzen direnek hainbat zerbitzu izango dituzte eskura, hala nola, jantokia, kanpalekua edota furgonetak uzteko aparkalekua. Bono fisikoez gain, badago sarrerak Bibe plataformaren bidez lortzeko aukera.