INFO

ENBAk Madrilgo Ministroen Kontseiluaren neurrien balorazio «gazi-gozoa» egin du

Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) joan den asteartean Madrilgo Ministroen Kontseiluak hartutako neurrien balorazioa egin du. Zenbait punturen alde badago ere, nondik hobetu ere badagoela adierazi du.

ENBA sindikatuak ontzat jo ditu hartutako neurri batzuk, eta bete batzuk kritikatu ditu. (ENBA)

ENBA sindikatuak Madrilgo Ministroen Kontseiluak asteartean ezagutzera emandako neurrien balorazio «gazi-gozoa» egin du. Ez du ontzat jo arraina, okela eta jogurta oinarrizko elikagaien zerrendatik kanpo utzi izana. Gainera, bere ustez, elikagaien prezioa jaitsi dadin ezinbestekoa da ekoizleak dituen kostuak murriztea eta baserritarrek ekoizpenerako ezinbestekoak dituzten produktuen BEZa jaistea, hala nola, «pentsua, erregaiak edo ongarriak». Salatu dute arlo horretan ere ez dela ezer egin.

Halaber, ENBAren ustez «elikagaien katea betetzeko, kate osoaren gardentasuna areagotu eta katebegi bakoitzaren marjinak arautu beharko lirateke» eta kexu agertu da arlo horretan ere ez delako neurririk hartu. Salatu duenez, erregaiak zeukan deskontua kendu diete «elikagaiak eraldatu eta saltzen dituzten baserritarrei, banaketa lanetan darabilten ibilgailuaren A gasolioa litroko 20 xentimoko diru-laguntza gabe geratu baita».

Gaineratu du erabat bidegabea dela landa eremuetan bizi diren biztanleek ere erregairako laguntzarik ez izatea. Izan ere, garraio publikoa «eskasa» da edo ez da izaten zenbait tokitan.

Edonola ere, ondo hartu dute hainbat produkturi BEZa kendu edo jaitsi izana eta baita familientzako 200 euroko bonuak ere. Garraioari dagokionean, B gasolioa behar duten ibilgailuak darabiltzaten nekazari profesionalei erregaien deskontua aplikatzea eta garraio publikora zuzendutako laguntzak ere ontzat jo ditu. Horretaz gain, ongarrietan izan den prezio igoerari aurre egiteko jasoko duten laguntza zuzena ere egokia iruditu zaio; 22 euro jasoko dituzte hektareako.