INFO

Hego Euskal Herriko urteko lehenengo jaiotzak Iruñean eta Donostian izan dira

2023ko Hego Euskal Herriko lehenengo haurrak Iruñean eta Donostian jaio dira, ia ordu berean. Gero, Iruñean, Tuteran eta Gasteizen jaiotakoak izan dira urteko lehendabizikoen artean.

Ariadna Elisabeth Cabrera Velasquez 3.48an jaio da, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean (Nafarroako Gobernua)

Manex izan da Hego Euskal Herriko 2023ko lehenengo haurra, 00.40ean Donostiako Unibertsitate Ospitalean jaio da eta. Minutu bat beranduago beste mutiko baten jaiotza erregistratu da Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.

Manexen ama, Miren, larunbateko 22.00etan sartu zen ospitalean, Urtezahar gaueko familia-afari planak bertan behera utzi ostean, Eferi azaldu dionez. Erditze azkarra izan zen eta haurra bi ordu eta erdian munduratu zen, 3,140 kiloko pisuarekin, lehenerdiak «ontzat» eman duen esperientzia batean.

Hurrengo bi erditzeak Iruñean izan dira, 00.41ean eta 3.48an. Bigarrena Veronica Elisabeth Velasquez eta Richard Cabreraren hirugarren alaba izan da, Ariadna Elisabeth. Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez, ama-alaba osasun egoera onean daude.

Bestalde, Tuterako Sofia Erregina Ospitalean erregistratutako lehen erditzea 8.12an izan da eta Deborah izeneko neskato bat jaio da, Precius Osayande eta Osazee Edobor Tuterako bizilagunen laugarren alaba. Kasu honetan ere ama eta alaba ondo daude.

Goizeko 9ak aldera Arabako urteko lehenengo haurra jaio da, Muddafar eta Faribaren alaba.

Lizarrako García Orcoyen Ospitalean ez da jaiotzarik izan 2023aren hasieratik, eta datozen orduetarako ere ez da erditzerik programatu.