INFO

Geo Barents itsasontziak 85 migratzaile porturatu ditu Italian, lege berrien ostean

Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen itsasontziak 41 migratzaile erreskatatu zituen eta merkataritza-ontzi batek salbatutako beste 44 jaso ostean, Italiari baimena eskatu zion porturatzeko.

Geo Barents itsasontzia. (MSF)

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundearen Geo Barents itsasontzi humanitarioari baimena eman diote gaur Tarentoko portuan (Apulia, Italia hegoaldea) 85 pertsonarekin porturatzeko.

Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen Gobernuak joan den asteazkenean onartu zituen GKE-en erreskateei buruzko arau berrien esparruan baimendutako lehen lehorreratzea da honakoa.

MSFk jakinarazi duenez, bart, Italiako agintariei egindako eskaera baten ondoren, Geo Barents ontziak erreskatatutako 41 migratzaile eta merkataritza-ontzi batek salbatu zituen beste 44 pertsona porturatu zituen.

Italiako agintariek berehala eman zuten Tarentoko portua lehorreratzeko baimena, Gobernuak onartutako politika berriaren arabera. Politika horrek ez du debekatzen ontzi humanitarioek migratzaileak salbatzea, baina zaildu egiten du haien lana.

Isunak

Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak berretsi duen dekretua ez errespetatzeak isunak ekarriko ditu eta, gainera, aukera ematen du «ontziaren atxiloketa administratiboa egiteko eta, debekatutako jokabidea berriro egitekotan, hura konfiskatzeko».

Isunen zenbatekoa zehaztu ez bada ere, tokiko hedabideek 50.000 euroko zehapena kalkulatu dute itsasontzientzat, eta 10.000 euro artekoa kapitainarentzat eta ontziaren jabearentzat, eskatutako informazioa ematen ez badute.

Legedi berriari aurre egingo diotela adierazi dute GKE batzuk. Tartean, Aita Marik uste du Melonik proposatutako arauek itsasoan babesik gabe pertsona asko utziko dituela, horiek salbatzeko aukerarik gabe. Hori dela eta, etorri daitezken isunei aurre egiteko laguntza eskatu du euskal ontziak.