INFO

Jon Uriarte, lehiakor eta maila onean kazetarien aurkako bere lehen lagunartekoan

Berdinketa gertu izan dute komunikabideetako kideek bigarren zatian, baina Athleticeko ordezkariak 1 eta 0 gailendu dira Lander Hernandez harrobiko teknikariak lehen zatian egindako gol bati esker.

Kazetarien taldeak berdinketa lortzeko aukerak izan ditu. (@AthleticClub)

Jose Angel Iribar atezain mitikoak partida osteko hitzartzean azpimarratu duen bezala, kazetarien taldeak estu hartu ditu Athleticen ordezkariak gaur eguerdian Lezaman jokatu duten lagunartekoan. Zuzendaritza Batza berriak tradizioa berreskuratu nahi izan du azken bi urteetan pandemiaren eraginez ez baita norgehiagokarik izan.

Argi geratu da belaunaldi berriak indartsu datozela eta komunikabideetako 28 kide elkartu dira partida jokatzeko. Horien artean, bi emakume izan dira. EFE agentziako Ramon Orosa eta Radio Popular irratian ari den Fernando Valsegak zuzendu dute taldea. EITB, Mediapro, Relevo edo El Chiringuito programan lanean ari diren gazteek maila ona erakutsi dute. Batez ere, Danok Bat taldeko jokalaria izan den Edu Velascok.

Aldaketekin bigarren zatian nagusi izan dira eta berdinketa gertu izan dute kazetariek, baina Athleticen ordezkarien atezain izan den Aitor Ugarte prestatzaile fisikoak geldiketa bikainak egin ditu. Durangaldeko telebistako aurkezlea den Kevin Doylek izan du aukera argiena eta epaileak Marcako kazetaria den Ander Cotorroren gol bat balio gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako.

Lehen Mailan jokatu duen Eneko Boveda edo Bilbao Athleticeko jokalariak izandako Ander Lafuentek eta Oskar Alkortak osatu dute klubeko ordezkarien taldearen bizkar hezurra. Sestao Riverren aritutako Ander Vidalek ere zelai erdian jokatu du eta tamalez lesionatu egin da. Lehen zatian erraz gailendu dira, baloia nahi bezala mugituz eta harrobiko teknikaria den Lander Hernandezek egin du garaipenaren gola. Bizkarra hartu diote kazetarien defentsari eta ez du barkatu.

Partidako beste protagonistetako bat Jon Uriarte presidentea izan da eta debut ona izan duela esan daiteke. Azken egunetan gaixorik egon den arren, partida osoa jokatu du eskuin hegalean eta Markel Susaetak hainbeste aldiz erabilitako 14 zenbakia eraman du soinean. Trebea dela erakutsi du eta baita ere oso lehiakorra dela, etengabe korrika eginez eta hanka sartuz baloi erdibitu guztietan. Aldi berean, gola egiteko zorian izan da. Bi aukera garbi izan ditu lehen zatian eta bigarrenean gol pase on bat egin du.

Partida amaitutakoan jateko eta edateko aukera izan da Lezamako kirol instalazioetan eraikitako kafetegian eta lehen taldeko entrenatzailea den Ernesto Valverde, emakumezkoen taldeko teknikaria den Iraia Iturregi eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria gerturatu dira Athleticen Zuzendaritza Batzako hainbat kiderekin batera.

Jon Uriarte Athleticeko presidenteak maila ona erakutsi du. (@AthleticClub)
Jon Uriarte Athleticeko presidenteak maila ona erakutsi du. (@AthleticClub)