INFO

Presoen etxeratzea egia bihurtzeko ikur berria, bazter guztietara zabaltzeko

Euskal presoen urruntzea eta dispertsioa martxan jarri zenetik 34 urte igarota politika horren bukaera hurbil dela, «Etxera bidea gertu» mezua egia bihurtu dadin ikur berria aurkeztu dute alor desberdinetako zenbait eragilek.

Irudi berria Miramonen aurkeztu dute hainbat eragilek. (Jon URBE | FOKU)

Agertoki berria aurreikusten dute euskal presoen aferan, 2023ko urte hasieran urruntze politika amaitzea espero dute, eta agertoki berri batek ikur berriak sortzea dakar. Euskal presoen etxeratzea helburu izanik, aldarrikapenerako irudia moldatu dute, esanahiari hobe heltzeko asmoz. Euskal Herriko mapa kendu diote, baina geziei eutsiz: «Geziek erakutsi diguten bideari jarraiki, etxera bidea gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da». Donostiako Miramon parke teknologikoan elkartu dira alor desberdinetako zenbait kide euskal presoen etxeratzean konpromisoa erakutsi, eta Bilbon urtarrilaren 7an egingo den mobilizaziora dei egiteko.

Xabier Euzkitze eta Iholdi Beristainek hartu dute hitza. Gogoratu dute 34 urte luze igaro direla urruntze politika indarrean jarri zutenetik, eta «sufirmendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria» eragin duela. Sakabanaketaren eraginez, astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman dituela zenbait euskal herritar, eta «itzulbiderik gabeko» ondorioak ere ekarri dituela: espetxeetara joan-etorrietan errepidean hil diren 16 pertsona.

2023.urtearen hasieran urruntze politikaren amaiera espero dute. Hori adierazteko eta egin beharreko bidean indarra jartzeko ere baliatu dute agerraldia. «Presorik gehienak Euskal Herrian daude, zama handia kendu dugu gainetik, baina salbuespen politikak indarren jarraitzen» duela mahaigaineratu dute. Horregatik, «trabarik gabeko bide bat» aldarrikatu dute, gradu aldaketak eta espetxe baimenak salbuespenik gabe ezartzeko eskatu, legea bete dadila, azken batean.

Egindako aurrera urratsak goraipatu dituzte, eta urte luzeetako lana balioan jarri: «Ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik haien familienak ere urratzen zituen urruntze politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko».

Ikur berria agertoki berrira hobe moldatzen dela iritzita aurkeztu dute, eta «etxera bidea gertu mezua egia bihurtzen hasteko garaia» dela aldarrikatu. Horretarako ikur berria bazter orotara heltzearen nahia dutela adierazi dute, «denok barneratu» eta «etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurrei amaiera emateko». Bidea elkarrekin egiten jarraitzeko, larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko dei egin dute.

Herri babesa eta borondatea

Askotariko eremu ideologiko eta profesionaleko pertsonak elkartu dira eta adierazi dute «egiazko bakeak eta egiazko bizikidetza lortzeko urratsak egin nahiak» batzen dituela.

Alor ezberdinetako Euskal Herriko 40 lagun ezagun baino gehiago elkartu dira gaur goizeko agerraldian. Sareko zein Etxerateko kideak egon dira, Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Xochitl Karasatorre eta Gorka Garcia, beste hainbaten artean. Kirol mundutik, Axi Muniain, Lur Errekondo, Oihana Azkorbebeitia eta Ioritz Etxeberria. Josu Txapartegi ‘Txapas’ eta Pello Armendariz musikariak ere berten izan dira, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreekin batera. Iñaki Lasagabaster  eta Amaia Izko abokatuak ere Miramonen ziren. Beñat Gaztelumendi eta Amaia Agirre bertsolariek kantatu dute ekitaldiaren hasieran.