INFO

Mendizale bat helikopteroz erreskatatu dute Adarra mendian

Adarra mendian zebilen 42 urteko mendizalea helikopteroz erreskatatu dute haren lagunek Larrialdietako Zerbitzura Andoaindik deitu ondoren. Gailurrean zegoela hankan zauria egin zuen eta ez zuen jaisteko aukerarik. Andoaingo futbol-zelaira eraman zuten eta handik anbulantziaz Donostiako Ospitalera.

Adarra mendian aurreko batean egindako erreskatea. (ERTZAINTZA | EUROPA PRESS)

42 urteko mendizale bat erreskatatu behar izan zuten atzo Adarra mendian, 17:10ak aldean, haren lagunek SOS Deiak 112 Larrialdietako Zerbitzura deitu ondoren Andoaindik. Donostiako Ospitalean ingresatu zuten zauriak zaintzeko.

Mendizalea Adarra mendiaren gailurrean zegoen zauria egin zuenean hanka batean. Gauzak horrela, jeisteko aukerarik gabe gelditu zen. Ondorioz, helikoptero batek, Ertzaintzako baliabideek lagunduta, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten Adarraren puntatik.

Zauritua ezin zenez mugitu eta istripua gertatu zen lekura iristeko zailtasunak ikusita, Lakuako Gobernuko larrialdiei aurre egiteko teknikari batek koordinatu behar izan zituen erreskate-lanak. Hori dela eta, Erreskatean Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero batek eta Mendiko Taldeak, Hernaniko Ertzain-etxeko baliabideek eta suhiltzaileek parte hartu zuten mendizalearen erreskatean.

Azkenik, 42 urteko mendizalea zegoen lekura iritsi zirenean, helikopteroak jaso eta Andoaingo futbol-zelaira eraman zuten. Ondoren bertan zain zuen anbulantziak Donostiako Ospitalera eraman zuen, han medikuek lesioak tratatzeko.