INFO

Duela 14 urte eraitsi zuten Aralarreko guardetxea berriz noiz eraikiko zain daude

Ia ehun urtez egon zen Aralarreko guardetxea, duela 14 urtetatik eraitsita dago. Hamaika saiakera edo intentzio egon dira berriro ere eraikitzeko, baina sekula ez da gauzatu. Lakuntzako Zabalarte mendi taldeak berriro ere aldarriari eutsi dio.

Aralarreko Guardaetxea, 2005ean hartutako irudi batean. (Lander Fdz. Arroyabe | FOKU)

1910ean sortu zen Aralarreko guardetxea, bertan basozaina bizitzeko asmoarekin. Urte luzez ezagutu dute mendizaleek magalean guardetxea, eta Zufiaurre-Amorena familia. Baita bertako salda beroa, eta lagun zein ezagunen elkarrizketak ere. 14 urte igaro dira, mendizaleen nahiaren gainetik Nafarroako Gobernuak guardetxea bota zuenetik. Ordutik hamaika aldarri eta promesa faltsu egon dira tarteko, baina ez da berriro eraiki.

Lakuntzako Zabalarte mendi taldeak berriro ere aldarriari eutsi dio, «Aralarreko guardetxe berria noizko?» galderari erantzun nahi diote, lehenbailehen. Txanogorritxuren ipuin klasikoa baliatu dute egoera azaltzeko: Otsoa amonaren etxera Txanogorritxu baino lehenago iritsi zen, amona jan zuen, eta ondoren biloba. Gertakarien azalpena jarri nahi izan dute mahaigainean: «Egun hartan ez zegoen basozainik median Txanogorritxu laguntzeko, bere etxetxoa oso urrun zuelako. 14 urte guardetxetik gabe. Aralarreko guardetxe berria noizko?».

2009an aldatu zen inguru hartako paisaia. Izan ere, Zufiarre-Amorena familiaren etxea bota, eta horren ordez panel bat jarri zuten, eraikin berriaren eraikitze proiektua jasotzen zuen panelak. Inoiz gauzatu ez zen proiektua, bide batez. Garai hartan Begoña Sanzberro zen Landa Garapen eta Ingurumen saileko Nafarroako arduraduna, eta baiezkoa esan arren, ez zuen aurrera urratsik egin.

Bederatzi urte beranduago, 2018an, Aralarren Batasunak, Ingurumen sailak agindutakoa bete gabe urteak ematen zituela ikusita, proposamen bat egin zion Isabel Elizalde orduko sailburuari. Juan Ignacio Urkia arkitektoarekin ingurumenarekiko proiektu jasangarri bat enkargatzeko konpromisoa mamitu zuten, eta 2018ko martxoan eskuragarri zegoen dokumentuaren arabera basozainaren etxolaren aurrekontua 81.121,34 eurokoa zen.

Arkitektoak guardetxe berriaren aurreproiektua sinatu zuen, Aralar mendilerroko KBEaren erabilera publikoarekiko balioaniztasun- eta errespetu-irizpideari jarraiki. Barrualdea egiteko eta ekipatzeko lanak 544.471 eurokoak ziren. Aralar Batasuneko presidenteak egindako ibilbide historikoaren arabera, lehen urratsa izan zen. Nafarroako Gobernuak 2018ko urrian lizitatu zuen obrarik errazena, baina deialdia hutsik geratu zen. Eragiketa 2019ko abuztuaren 21ean errepikatu zuen, 112.032,39 euroko oinarrizko prezioarekin. Emaitza antzekoa izan zen.

Eta erantzunik ezean, guardetxea zegoen landa eremuak berdin jarraitzen du, eta baita mendizaleen gogoak ere: hutsik. 2021eko Nafarroako aurrekontuetan sumatu zen hurrengo saiakera EH Bilduren eskutik. Landa Garapenean, Podemosekin batera bultzatutako aurrekontuetan 150.000 euro bideratu ziren Aralarren guardetxe bat eraikitzeko. Aurrekontuan onartu bai, baina guardetxerik ez da eraiki gaur gaurkoz.

Sartu berri gara 2023an, eta Lakuntzako Zabalarte mendi taldeak beste behin salatu du guardetxerik gabe jarraitzen dutela.