INFO

Hiriburuko Ametza ikastola elkartasunari esker berotuko da negu honetan

Energiaren prezio emendaketaren aitzinean, Ametza Ikastola elkarteak bere egoera larriaz deiadarra jo zuen joan zen azaroan. Konponbide iraunkorrak xerkatzen dituen bitartean negu honetarako behar adina baliabide eskuratu duelako Hiriburuko ikastetxeak elkartasuna eskertzeko mezua zabaldu du.

Ametza ikastolako sarreran ezarritako banderoka ikastetxea berotzeko jaso duten laguntza eskertuz. (Guillaume FAUVEAU)

Energiaren prezio emendaketaren aitzinean, Ametza Ikastola elkarteak bere egoera larriaz jo zuen deiadarra jo zuen iragan urteko azaroan.

Fakturaren gainkostuak kinka larrian ezarri zuen Hiriburuko ikastetxea. Are, berogailua itzaltzeko hautua egin behar izan zuen elkarteak.

Zorionez, Hiriburuko ikastetxeak negu honetarako aterabide bat atzematea lortu du Euskal Herriko hainbat txokotatik heldutako diru emaitzari esker.

Ezaguna bazen Arrasateko Arizmendi ikastolak eginiko kanpainari esker 5.500 euroko laguntza jaso zuela urte hondarrean Ametza ikastolak .

Izan ere, geroztik beste hainbat eragilek ere elkartasunarean aldeko hautua egin dute.

Ametza ikastolako elkarteak agiri baten bidez zehaztu duenez, Arizmendi (Arrasate), Aranzadi (Bergara), Anoetako Herri Ikastola eta Kaskarotenea (Ziburu) ikastetxeen aldetik jasotako elkartasunaren gehigarriz elkarte ugari, esaterako Errobiko joaldunak, baina baita lantegi zein norbanako batzuek ere, haien laguntza eman diote Hiriburuko ikastetxeari.

«Baldintza normalak segurtatzea»

Ametza Ikastolak «bihotz bihotzetik eta emozio askorekin eskertu nahi du eskuzabaltasun hori». Finean, bildutako laguntzak haur zein irakasleei «eskolaldi eta lan baldintza normalak segurtatzea» ahalbideratuko duelako.

Joelle Eiherabidek, Ametza Ikastola elkarteko kolehendakariak, sektore ezberdinetatik bilduriko sostengu horren garrantzia nabarmendu du. «Harrituak eta hunkituak izan gira ikusi dugularik Arizmendi ikastolak Arrasaten ekimen desberdinak antolatu zituela prentsan zabaldu ginuen deiaren ondorioz, baina ondotik beste ikastola batzuk antolatu dira, elkarte ugari, enpresak, kolektibitateak eta norbanako ezezagunak», adierazi du Eiherabidek.

Elkartasun keinu horiek ahalbideratu badute ere Hiriburuko ikastolak baliabide adina izatea negu honetan ikastetxea berotu ahal izateko, ikastetxeak mobilizatzen segituko du aitzina begira aterabide iraunkorrak xerkatzeko, Julien Rebotier elkarteko kolehendakariak gehitu duenez.

«Berehala beharko dugu lan egin, indar guztiak bildu, datorren negurako gizatasunezko baldintzak segurtatzeko», azaldu du. Energiaren prezioen krisiari aipamen  eginez, «egungo gertaerek ongi erakusten diguten bezala, anitzek ber arazoak parekatu beharko dituzte» azaldu du.

Ametza ikastolaren elkarteko bulegoko kideak hainbat erakundeengana hurbilduko dira datozen urteetan «energiari lotuak diren kostuen ttipitzearen alde egin litezkeen moduak» ikertzeko.

Epe laburrean bilkura bat antolatzekotan dira energia horniketarren gaineko sakoneko arazoari aipatzeko.