Athleticek zelai erdian leku bat egiteko asmoa dauka Iñigo Ruiz de Galarretari
30 urte egingo ditu datorren abuztuan eta libre iritsiko litzateke Mallorcatik. Belauna hiru aldiz hautsi duen arren, goi mailan ondo moldatu daitekeela erakutsi du azken denboraldietan. Bestalde, Iñigo Martinezek ez du taldekieekin batera entrenatu Lezaman egindako lan saioan.
Ireki berri den neguko merkatuan ez da mugimendurik espero Athleticen. Egotekotan irteerak izango lirateke, minutu gutxi jokatzen ari diren hainbat jokalari baitaude. Ander Capa eta Jon Morcillo dira eskaintzak jaso ditzaketenak eta baita Unai Vencedor bezalako jokalari bat. Gaztea da, 23 urte egingo ditu otsailean, eta tokia galdu du Valverderekin. Zelai erdirako azken aukera bezala geratu da. 7 partidatan bakarrik parte hartu du aurtengo denboralditan. 155 minutu izan dira eta guztietan aulkitik atera da.
2027rarte dauka kontratua eta hurrengo urtean beste taldekide bat gehituko zaio zelai erdian toki bat egiteko lehian. Komunikabide ezberdinek ziurtzat ematen dute Iñigo Ruiz de Galarreta Athleticera itzuliko dela datorren udan. Mallorcak jarraitzeko proposamena egin dio eta Osasunak berarengatik galdetu omen du. Jagoba Arrasatek ondo ezagutzen du, Numantzian batera aritu baitziren orain dela urte batzuk.
Eibartarrak 30 urte egingo ditu abuztuan eta libre itzuliko litzateke talde zuri-gorrira. Lezamako harrobian hezitakoa da eta lehen taldearekin 9 partida jokatzera iritsi zen orain dela hamarkada bat. Marcelo Bielsak bere gaitasunak eta dohaiak nabarmendu zituen ezagutu zuenean eta debutatzeko aukera eman zion.
Lesio larriak izan dituen jokalaria da eta kosta egin zitzaion bere tokia aurkitzea. Hiru aldiz apurtu du belauna, baina behin da berriro altxatu da. Iazko denboraldian jasan zuen azken lesioa eta bere maila berreskuratu du dagoeneko. Mallorcan erakutsi du Lehen Mailan lehiatzeko jokalaria dela.
Ruiz de Galarretak ibilbide luzea izan du goi mailara iristeko. Mirandes, Zaragoza, Leganes, Numantzia, Bartzelona B eta Las Palmas taldeetan aritutakoa da Bigarren Mailan.
Johaneko lapurtarrari jarraika
Athleticen kirol arduraduna den Mikel Gonzalezek lan mardula egiteko dauka datozen hilabeteetan. Dozena erdi bat jokalarik kontratua amaitzen dute denboraldi amaieran. Egoera horretan aurkitzen dira De Marcos, Raul Garcia eta Balenziaga bezalako beteranoak, Iñigo Martinez, Oier Zarraga eta Asier Villalibre. Aldi berean, Ander Herrera eta Ander Caparen luzapena baldintzatuta dago. Utzita dauden Nolaskoain, Imanol, Prados, Artola eta Unai Nuñezen kasuak ere aztertu beharko ditu.
Eraldaketa bat egiteko garaia dela esan daiteke eta taldea indartzeko jokalarien atzetik ari da kluba. Gabon sasoian argitaratu denez, Bordeleko Girondins taldearekin Bigarren mailan jokatzen ari den Johaneko Jean-Louis laterala jarraitzen ari dira. Baionan jaioa da 2004an eta Athleticekin probak egindakoa da. Aviron taldean jokatzen zuenean txapelketa batean parte hartu zuen talde zuri-gorriarekin. Eskuin hegaletik zein ezkerretik joka dezake.
Girondins taldean beste baionar bat ere ari da jokatzen. Marvin de Lima deitzen da eta Johaneko bezala 2004an jaioa da. Erasoko jokalaria da, 1,64 metro neurtzen ditu eta gol bat egin du parte hartu duen bost partidetan.
Anoetara begira
Athleticek Reala bisitatuko du larunbat iluntzean (21.00etatik aurrera). Talde zuri-gorriak zazpigarren postuan amaitu du 16. jardunaldia 26 punturekin eta txuri-urdinak hirugarrenak dira sailkapenean sei puntu gehiagorekin.
Zaila izango da Iñigo Martinez partida jokatzeko moduan egotea. Joan den astetik taldekideekin batera entrenatu gabe dabil lesio baten ondorioz eta gaur ere ez du lan saioan parte hartu. Asteazkenean jai eguna izango dute eta ostegun goizean eta ostiral arratsaldean derbia prestatzen arituko dira buru-belarri. Ikusiko da atzelari ondarrutarrak aukerarik daukan Anoetan jokatzeko, behintzat deialdian sartzeko. Yerayk eta Vivianek bikain bete dute ondarrutarraren hutsuenea eta Athleticek ez du golik jaso Ligako azken bi partidetan.