INFO

Eleuterioren txabola, Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua

Eleuterio Goikoetxea eta Gillerma Uriartek eraiki zuten Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua. 100 urte bete dira 2022ko uztailean, eta mendeurrenaren harira liburu bat idatzi du Jon Urutxurtuk ‘Eleuterioren txabola (Gorbeia) 1922-2022’ izenburupean.

Igiriñao-1922: Eleuterioren txabola inauguratu berri (Indalecio Ojanguren)

Uztailaren 9an bete ziren 100 urte Gorbeian Eleuterioren txabola eraiki zenetik. Eleuterio Goikoetxea izan zen sortzailea, eta egungo ikuspegitik «mendiko turismoaren aitzindaritzat» jo daiteke, berak eraiki baitzuen 1922an Igiriñaon (Gorbeia) Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua. Mendeurrenaren harira, Jon Urutxurtuk liburu bat idatzi du txabolaren eta Eleurterioaren eta bertan ibilitakoen historia eta istorioekin.

Testuez gain, 65 bat argazkik, mapek, planoek eta marrazkiek osatzen dute 100 bat orrialdeko liburua. Urutxurtu idazleak, ikerketa-lan hau egiteko hainbat arrazoi plazaratu ditu: «100 urte betetzea batetik; bestetik, sasoi hartarako bere ekimenak izan zuen izaera aitzindaria, eta azkenik Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua izana».

Izandako arrakastaren ondorioz, pixkanaka handitzen joan zen Eleuterioren txabola. 1923an egin zuten lehen eraikina Aldundiak emandako dirulaguntzekin eta 1927an, berritu eta handitu egin zuten. Idazleak azpimarratzen du elkarlanean aritzea izan zela Eluterioren asmoa: «Negozio pribatu gisa eraiki eta zabaldu zuen Igiriñaoko aterpe-ostatua, eta Zeanuriko udal agintariei eskatu zien Gorbeiara sartzeko azpiegiturak hobetzen ahalegintzeko eta mediko elkarteekin eta Euskal Medizale Federazioarekin elkarlanean aritzeko».

Gizon fededun eta erlijiosoa zen, eta horregatik eraiki zuen aterpetik hurbil Elurretako Amaren ermita -gaur egun ere bertan dagoena-, udan, igandeetan eta jai egunetan artzainek eta bisitariek meza entzuteko aukera izan zezaten zabaldu zuen.

“Lenago il” batailoiko gudariak Igiriñaoko mendiko aterpe-ostatuan
“Lenago il” batailoiko gudariak Igiriñaoko mendiko aterpe-ostatuan

 


Eleuterio deserrian, Gillerma Gorbeian

Eleuterio Goikoetxearen aita, Felipe Goikoetxea rotatxetar sendiaren administratzailea izan zen eta semeak kargu hori aitarengandik heredatu zuen. Kultur munduan eta politikagintzan izan zuen protagonismoa semeak: Zeanuriko Dantzariak taldeko ordezkaria izan zen, eta baita EAJko kidea ere. Zeanuriko udalean zinegotzia izan zen, eta 1931ean alkate aukeratu zuten aldeko 9 botorekin eta boto zuri batekin. Beraz, II. Errepublikako Zeanuriko lehen alkatea izan zen.

1936ko gerra heldu zen orduan, atxilotu eta Larrinagako espetxean kartzeleratu zuten. Ondoren, deserriratu egin zuten eta Oñan (Burgosen) egon zen. Eleuteriore atxiloaldi eta deserri garaian, bere emaztea, Gillerma Uriarte egin zen txabolaren kargu. Emakume indartsua eta nortasun handikoa zela esaten dute ezagutu zutenek, ezbehar askori eurre egitea egokitu zitzaiola.

zkerretik eskubira: Gillerma altzoan Iñaki semearekin; Eleuterio Goikoetxea eta Andoni semea; Valentina, Eluterioren arreba, eta Marie, Eleuterioren ama.
zkerretik eskubira: Gillerma altzoan Iñaki semearekin; Eleuterio Goikoetxea eta Andoni semea; Valentina, Eluterioren arreba, eta Marie, Eleuterioren ama.


Hamar seme alabaren ama eta mendiko aterpe-ostatu baten arduradun izan behar izan zuen Gillerma Uriartek senargaia espetxeratutakoan. Ordurako aterpe-ostatuaren zati bat salduta zuen bikoteak, izan ere 1942an, Espainiako Mendizale Federazioko Euskal Ordezkaritzak aterpe-ostatua erosteko proposamena egin eta Goikoetxea-Uriarte sendiaren nahien aurka, bi atal saldu eta hirugarrenarekin geratu zen sendia.

Federazioak 10.000 pezeta ordaindu zizkion, beste 12.000 erositako atalak egokitu eta berritzeko erabili zituen, eta 1943ko uztailean berrinaguratu zuten. Tarte horretan Eleuterio eta bere familiak, zegokien zatiarekin jarraitu zuten aurrera. Eta Eleuterio kartzelan zein deserrian zen bitartean, Gillermak eutsi zion negozioari bi alabaren laguntzaz.

Eleuterioren heriotza eta txabolaren salmenta

1956an hil zen Eleuterio, eta familiak 1957an Bilbao Alpino Clubari saldu zion txabolaren bere partea. Eta urte berean Federazioak bere jabetzapean zituen bi zatiak salgai jarri zituen: bata Juventus S.D-k erosi zuen, eta bestea Iberduerok.

Gaur egun Igiriñaon jarraitzen du garai batean Eleuterioren txabola izan zenak; hiru zatitan banatuta dago, eta zati bakoitzaren jabeak honakoak dira: Iberdrola (Arnotegi Mendi Talea), Bilbao Alpino Club eta Juventus S.D.