INFO

Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago

Astearte honetan aurkeztu dute Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa eta parte hartzeko epea martxoaren 2ra arte irekita dago.

Gasteizko Txosnak osatzen duten kolektiboek 2023ko Banda Lehiaketa aurkeztu dute. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Ezagunak ez diren taldeei oholtzaren gainean aukera bat eman» nahi diete Gasteizko Txosnek. Horretarako, aurten ere Banda Lehiaketa antolatu dute. Parte hartzeko epea martxoaren 2ra arte irekita dago eta irabazten duen taldeak Gasteizko jaietako egun batean txosnetan jotzeko aukera izango du.

Astearte honetan egindako aurkezpenean zehaztu dutenez, edozein taldek hartu dezake parte txapelketan, webgunean izena emanez, martxoaren 2an 15.00ak arte jada irekita dagoen epearen barruan.

Taldekideen datuak txertatzeaz gain, gutxienez hiru abesti -hauen artean gutxienez bat euskaraz- eta gehienez bost -gutxienez bi euskaraz- igo beharko dira. Argazkiak, bideoak eta taldearen sare sozialak ere igo ahalko dira.

Behin izena emateko epea amaituta, Gasteizko Txosnek sailkatu diren zortzi taldeak iragarriko dituzte eta martxoaren 9tik 19ra bitartean bozkaketa fasea zabalik egongo da. Honekin, lau talde finalera iragoko dira.

Lau horietatik bat ikuslegoak aukeratutakoa izango da. Gainerako hiruak Gasteizko Txosnetako epaimahaiak erabakiko ditu. Lauetatik bat gutxienez Arabakoa izan beharko da, eta lau horietatik ere batek gutxienez emakumeen presentzia izan beharko du.

Finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute Jimmy Jazz Gasteiz aretoan, martxoaren 30ean. Irabazle irtetzen dena txosnetan kontzertua eskainiko du jaietako egun batean eta 500 euroko saria jasoko du.