INFO

Kopa: Berrogei urte, dozena erdi titulu eta lau itxaropen berri

Realak eta Athleticek bat egin dute Alavesekin eta Osasunarekin, astearte honetatik ostegunera arte Kopako final zortzirenak jokatzeko. 40. edizioa ospatzen ari den lehiaketan, euskal futbolak sei aldiz ospatu du garaipena, hiru talde gipuzkoarrek lortuta.

Hiru kanporaketa gainditu ditu Osasunak bere bigarren parte hartzean. (CA OSASUNA)

Kopako final zortzirenak jokatuko dira gaurtik ostegunera arte lau euskal taldeen parte hartzearekin: kanporaketa honetan debutatuko duten Real eta Athletic, Alaves eta aurreko hiru kanporaketak gainditu dituen Osasuna. Txapelketa 40. ediziora heldu da Barcelonaren tiraniaren eraginpean, gorri-urdinek eskuratu baitituzte azken sei trofeoetatik bost. Epe honetan ihes egin dien bakarra, 2019koa, Realak dauka.

Donostiarren garaipena izan zen euskal futbolak Kopan lortu duen azken arrakasta. Guztira 20 talde saiatu diren arren, lau hamarkadetan edizio bakar batean kale eginez, sei besterik ez dira heldu finalera –17 aldiz jokatu dute denen artean–, sei titulu eskuratuz hiru kluben artean.

Beren historia txapelketarenarekin batera hasi zen, 1983an. Oraindik estatu mailako Ligarik gabe, lurraldekako txapelketetan lehiatzen zen... existitzen ziren lurraldeetan. Bizkaian bi talderekin abiatu zen: Ollaran eta Txorierri Neskak –Sondika, nahiago bada–. Bigarren honek irabazi zuenez buruz burukoa, Kopan lehiatu zuen lehen talde euskalduna bilakatu zen, Andaluziako, Aragoiko, Balearretako, Gaztelako, Madrileko, Kataluniako, Galiziako eta Tenerifeko txapeldunekin lehen edizioko parte hartzea osatuz. Ez zuen zorte handirik izan, eta garai hartako talde handiaren kontra porrotarekin debutatu zuen; lehen hiru edizioak irabazi zituen Karbo Deportivoren aurka, alegia.

Hurrengo urtean Karbok Amasorrain Ikastola –Añorgaren hazia– gainditu zuen finalean, baina gipuzkoarrek debuteko oroitzapen goxoak dituzte: batez ere Riazorren finalaren joaneko partida ikusteko bildu ziren 4.000 zaleak eta, are gehiago, bueltakoan Atotxan lagundu zituzten 7.000 zaleak. Gainera, porrotaren ordaina hartzeko aukera izan zuten hurrengo urteotan: hiru titulu eta beste lau finalekin, Añorgak Barcelona, Espanyol eta Levante besterik ez ditu aurretik palmaresean. Final bat Astigarragan galdu zuen; bi garaipen eta zilar batekin palmares polita ere osatu zuen Oiartzun betiko aurkari lagunaren aurka.

Euren azken garaipenetik 26 urte itxaron behar izan ziren kopa Euskal Herrira ekartzeko, berriro Gipuzkoara, oinean Realaren izena irarrita zuela. Bitartean, beste dozena bat talde ilusionatu zen txapelketarekin. Gernika, Sondika, Iturrigorri, Bilbao, Adiskideak, Anaitasuna, Corella, Lagunak, Eibartarrak eta Athletic, seguruenik Koparekin harreman trumoitsuena duen kluba. Talde zuri-gorriak 19 ediziotan parte hartu du; erdietan baino gehiagotan lehen kanporaketa galdu izan du eta, urte askotan Estatu espainiarreko futbolean toki hegemonikoa izan duen arren, birritan besterik ez da finalera heldu, bakarra irabazi barik. Lagunakek ere ez zuen lortu, hiru final jokatu arren. Ez eta Eibartarrak-ek, beren final bakarrean, nahiz eta urte hartan behintzat ordaina hartu zuen Superkopa irabazirik.

Euskal futbolaren ordezkaritza handitu zen iaz, Eibarren, Alavesen eta –aurretiko hiru kanporaketekin hasten den formatu berriari esker– Osasunaren debutarekin. Orduan ez bezala, gorritxoek orain hirurak gainditu dituzte eta final zortzirena jokatuko dute Sadarren, Barcelonaren aurka.

Gipuzkoarrak

Euskal futbolaren Kopako titulu guztiak talde gipuzkoarrek lortu dituzte: Añorgak hiru ditu, eta bi Oiartzunek; azkena Realak eskuratu zuen 2019an. Finalera iritsi ziren Lagunak, Athletic eta Eibartarrak ere, baina ez zuten garaipena erdietsi.