INFO

Hezkuntza Ikuskaritzako bulegoak afixekin estali ditu Azterketak Euskaraz kolektiboak

Azterketak Euskaraz kolektiboak ekintza berria egin du, frantziar Hezkuntza Ministerioko Ikuskaritzak Euskal Herrian dituen bulegoetan afixak ezarriz.

Argazkian, Baionako Marracq auzoan Hezkuntza Ikuskaritzan duen egoitzaren ataria afixez josita. (@AzterketakEuskaraz)

2022. urte amaitu zen bezala hasi da urte berria. Seaskak oraindik erantzunik ez du jaso, euskal hautetsien delegazioaren laguntzaz, Parisen azterketei buruz pausaturiko eskaerei buruz.

Baxoa eta Brebet azterketak zer hizkuntzan idatziko dituzten ez dakite, beraz, ikastoletako irakasle eta ikaslek.

Alta, Unibertsitatera joan aitzin ikasleek egin behar duten froga prestatzeari ekin zioten aspalditik, hala nola, Baionan Seaskak duen Bernat Etxepare lizeoan.

Abenduaz geroztik Baxo xuria antolatu dute, ikasleek martxoan abiatuko diren frogak ahal den eta hobekien prestatu ahal dezaten.

«Zentzuzko epe batean» erantzun bat emango zuela azterketen gainean iragarri zuen Antton Kurutxarri Euskal Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakari buru zuen delegazioarekin, iazko irailaren 14an, elkartu zen Hezkuntza Ministerioko ordezkaritzak.

Alta, geroztik inolako erantzunik ez da heldu. Are, EEPren arduradunek zein euskal hautetsiek beraiek eginiko desmartxek isiltasun harresi horrekin topo egin dute.

Horrendako, EEPren lehendakaria berak eta egiturako bertze bi lehendakariordek haien «ulermen eza adierazi dute «gertaerak hartzen ari diren norabideari dagokionez» adierazi zuten abenduan plazaraturiko agiri batean.

Donapaleu, Baiona eta Donibane Lohizunen afixen kolaketa

Egoera ez aurrera ez atzera dagoen honetan, Hezkuntza Ministerioaren «mespretxu horren aitzinean» ekintza burutu zuten bart, Hezkuntza Ikuskaritzaren bulegoen aitzinean, Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek.

Hala afixekin estali zituzten Donapaleu, Baiona eta Donibane Lohizunen Hezkuntza Ikuskaritzak dituen bulegoetako sarrerak.

Agiri baten bidez kolektiboak «beste behin ere hitza jan duen» frantses Gobernuak «entzungor segitzen duela» salatu du kolektiboak, «mespretxu horren aitzinean Euskal Herria ez dela geldirik geldituko» ohartaraziz.

«Azterketak euskaraz lortu arte borrokan segituko dugu», iragarri du iazko kurtso osoan zehar mobilizazioak burutu zituen kolektiboak.

Oroitzearren, Parisko Hezkuntza Ministerioan euskal delegazioak egin zuen bileratik hiru hilabete igaro zenean, azaroaren 14an Bordelera joan ziren Seaskako ikasle, irakasle eta ikasleak.

Hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla nabarmentze aldera Hezkuntza Ordezkaritza eta Giza Eskubideen plazaren artean giza katea egin zuten.

Bertatik iragarri zutenez, Brebet eta Baxoa azterketen auziaren gainean erantzun bat jaso ezean berriz ere mobilizatzeko urratsa emateko prest ziren.