INFO

Nafarroako eskola publikoetako ikasgeletako ratioak jaisteko eskatu dute sindikatuek

Hezkuntzaren sektoreko mahaia osatzen duten sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, osoko bilkuraren hasieran, gehiago luzatu gabe, eskola publiko guztietako ratioak jaisteko exijitzeko. «Premiazko eskaera» dela nabarmendu dute.

Ratioen jaitsiera eskatu dute sindikatuek Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuraren hasieran. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hezkuntzaren sektoreko sindikatuek Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dute ostegun honetan elkarretaratzea, «premiazko eskaera bat» mahai gainean jartzeko: herrialdeko eskola publiko guztietako ikasgeletan ratioak jaistea.

«Ratioen jaitsiera hezkuntza kalitatea ziurtatzeko» leloarekin egin dute protesta, Parlamentuko talde guztiekin mintzatu ondotik. Erran dutenez, bilera horietan ez dute eskaeraren aurkako jarrerarik topatu.

Sektoreko mahaia osatzen duten sindikatuen artean dago LAB. Hala kontatu du twitterren protestaren berri:

 

 

Hala azaldu dute irakurri duten agirian: «Beharrezkoa da, behingoz, ikasgeletako ratioak txikitzea, horrek erruz hobetuko bailuke Nafarroako hezkuntzaren kalitatea».

Behar bereziak

Ikasgelako ikasle gutxiago egoteak laguntza bereziak behar dituzten haur eta gazteen egoerari mesede eginen liekeela defendatu dute. Hezkuntza pertsonalizatuagoa jasotzen ahalko lukete eta hala bere ikasketa prozesua ez ezik, ikasleria guztiarena ere hobea izanen litzateke.

Ikasgelak eta zentroak ixtea ere ekidingo litzateke. Gero eta haur gutxiago jaiotzen den eta irakasleen aldaketak handiak diren garai honetan, langileria egonkortzen lagunduko luke.

Horregatik guztiagatik, «premiazko» ikusten dute Nafarroako Gobernuak esku hartzea eta gehiago luzatu gabe ikasgeletako ratioak jaistea.

20 ikasle gelako

Zehazki, haur hezkuntzan, ikasgela bakoitzeko gehienez 20 ikasle egotea aldarrikatu dute, pandemiako ikasturteetan bezala. Gainerako hezkuntzaren etapetan poliki-poliki ratioak jaisten joatea defendatu dute.

Kontuen Ganberaren txosten baten arabera (2022ko urriaren 21ekoa), Nafarroa da Estatu mailan ikasteko zailtasunak dituzten ikasle gehien dituen komunitate autonomoa. 9.734 ikasletik %37k dute laguntza bereziaren beharra.

Azterketa berak dioenez, eskola publikoetan daude ikasle horietako gehienak eta, sindikatuen ustez, Hezkuntza sailak erantzun bat eman behar du, besteak beste ikasgelako ikasle kopurua mugatuta.