INFO

Bizkaiko ekoizpena, udako lehorteak baldintzatuta

Bizkaiko zazpi sagardotegiek botilako salmenta berreskuratzea lortu dute, baina erdira murriztu dute aurtengo sagardoaren ekoizpena.

Jose Antonio Zamalloa kezkatuta agertu da larrialdi klimatikoa dela eta. ( Monika DEL VALLE | FOKU)

Azken hiru urteak ez dira batere errazak izan sagardogileentzat. Pandemiak eragindako murrizketei Ukrainako gerrak sortutako krisialdia gehitu zaie eta, hori gutxi balitz, larrialdi klimatikoak gauzak zailago jarri dizkie. Izan ere, Bizkaiko sagardogileen elkarteko lehendakari den Jose Antonio Zamalloak azaldu duenez, udako lehorteak guztiz baldintzatu du aurtengo sagar uzta eta, ondorioz, ekoizpena erdira murriztu da.

«Azkeneko uda oso beroa izan da, muturrekoa, ez du ia euririk egin. Azkenean zuhaitzek ez dute aguantatu eta sagarra lurrera jausi da. Ondorioz, bildutako kopurua erdira jaitsi da», azaldu du Zornotzako Uxarte sagardotegiko arduradunak.

Sagarraren egoerari buruz, hemen ere lehorteak izan du eragina. «Urte askotan izan dira sikateak, baina azkenean beti egiten zuen euria edo ekaitzen bat eta konpontzen zen nolabait. Baina aurtengoa oso muturrekoa izan da, eta ez da egoera txar hori konpontzeko aukerarik izan».

Beste toki askotan bezala, Bizkaian ere bilketa aurreratu behar izan dute, baina horrek ez du egoera konpondu. «Nahiz eta bilketa aurreratu, sagarra ez dugu egoerarik onenean bildu, normala baino hilabete lehenago heldu delako. Eta hori kasurik onenean, ze esan dizudan moduan, asko eta asko lurrera jausi da», azaldu du Zamalloak.

«Oraingo egoerak susmo txarra ematen dit, neguak ez direlako negu, eta denok dakigu zuhaitzek hotza behar dutela atsedena hartzeko. Gabonetan 13-15 gradutan bagaude, zuhaitza udaberrira heltzen da jakin barik ze urtarotan dagoen. Gutxieneko hotz orduetara ez bagara iristen, desastre bat izan daiteke».

Egoera zail horretan egindako sagardoaren ezaugarrien inguruan, Zamalloak dio kontzentratuagoa eta sendoagoa izango dela, baita graduazio handiagokoa ere. Era berean, aurreko urteko sagardoarekin alderatuta, «ezaugarri mingotsak» gehiago nabarmenduko direla adierazi du eta, aldiz, fruta ezaugarriak, gutxiago.

Aurtengo sagar ekoizpenaren inguruan, Bizkaiko sagardogileen lehendakaria kezkatuta agertu da larrialdi klimatikoaren eraginagatik, ez bakarrik udako lehorteengatik, baita negu epelengatik ere. «Oraingo egoerak susmo txarra ematen dit, neguak ez direlako negu, eta denok dakigu zuhaitzek hotza behar dutela atsedena hartzeko. Gabonetan 13-15 gradutan bagaude, zuhaitza udaberrira heltzen da jakin barik ze urtarotan dagoen; horregatik derrigorrezkoa da negua negu izatea. Gutxieneko hotz orduetara ez bagara iristen, desastre bat izan daiteke», nabarmendu du.

Eta une honetan, beldur da egoerak ez duen hobera egingo. «Ez dakit aldaketa klimatikoa edo ziklo aldaketa den, baina boleto guztiak ditugu berriro urte txar bat izateko».

Bezeroa, edateko gogoz

Iazko uztako sagardoaren salmentari buruz, Zamalloak dio hasieran uste zuena baino hobeto joan dela. Izan ere, pandemiaren murrizketek jaitsiera nabarmena eragin zuten, eta 2022ko hasieran sagardogileak ez ziren oso baikorrak. Hala ere, udan nahiko ondo saldu dutela onartu du Zornotzako sagardogileak.

«Orokorrean botilan ondo saldu da. Eguneroko kontsumoan ez da aldaketa handirik izan, baina iaz herrietako jaiak eta txosnak berreskuratu zirenez, hor bai nabaritu dugu kontsumoa igo egin dela. Ikusten da jendea sagardoa edateko gogoz dagoela», dio Zamalloak.

Kontsumo igoera hori sagardotegian bertan ere nabaritu dute. Uxarte upategia urte osoan zabalik dago asteburuetan, eta hango arduradunak dioenez, «sagardotegi denboralditik kanpo eta urtea amaitu arte, ondo egin dugu lan».

Orain zabalduko den denboraldian, jendeak sagardoa edaten jarraitzeko gogoarekin jarraituko duen itxaropena du Zamalloak, eta dei egin du bertako eta kalitatezko produktu hau kontsumitzera. Zentzu horretan, Bizkaiko sagardogileak ikerketa batzuk egiten ari dira produktu berriak merkaturatzeko. «Elkarte moduan urtero saiatzen gara zenbait ikerketa egiten, Zallako upategi esperimentalaren laguntzarekin; eta une honetan merkatuan ezer ez badugu ere, gure asmoa da etorkizun labur batean produktu berriren bat aurkeztea».