INFO

«Zegama-Aizkorri maratoia herri bat elkartzen duen ekimena da: herria oinarri eta xede duena»

Gaur egin dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 22. edizioko aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian Turismo zuzendariak, Zegamako alkateak eta Zegama-Aizkorri maratoiko antolatzaileak. Proban izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da, 12:00etan.

Pasa den urteko Zegama-Aizkorri mendi maratoiko irudi bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren aurkezpena egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian. «Herri bat elkartzen duen ekimena da: herrian oinarrituta, eta herria helburu duena», halaxe definitu du Joseba Izagirre Zegamako alkateak jada klasiko bat bihurtu den lasterketa. Aurtengoa 22. edizioa izango da, eta maiatzaren 14an, igandean, lehiatuko dira korrikalariak. Proban izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da, urtarrilaren 16an, 12:00etan, rockthesport.com plataforman, eta urtarrilaren 26an itxiko da.

Urtero maratoiak aurreinskripzioen errekorra hausten du, eta iazko edizioan antolatzaileek 12.500 eskaera baino gehiago izan zituzten. Lasterketa, baina, 500 partaidera mugatuta dago, eta horietatik 225 zozkatzen dira. Beste 125 dortsal ere gordetzen dira aurreko bi edizioetan denborarik onenak egin dituztenentzat; 25, emakumeentzat eta 100, gizonentzat. Dortsalen zozketa otsailaren 24an izango da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaz gain, egun horretan ere 16 eta 18 urte bitarteko gazteek aukera izango dute Zegama-Aizkorri Junior Traileko 12. edizioan lehiatzeko. Horrez gain, maiatzaren 12an Zegama-Aizkorri kilometro bertikaleko 9. edizioa egingo da, eta 16:00etan emango zaio irteera lehendabizikoari. Azken bi lasterketa horietan izena emateko epea urtarrilaren 30ean irekiko da, 12:00etan. Kilometro bertikalaren inskripzioa otsailaren 9an itxiko da. Juniorrenak, aldiz, ez du itxiera datarik izango, 100 dortsal zozkatzen direlako, eta kopuru horretara ailegatzean automatikoki ixten delako inskripzioa.

Aurkezpeneko prentsaurrekoan Iker Goiria Gipuzkoako Aldundiko Turismo zuzendaria izan da lehena hitza hartzen, eta azpimarratu du Zegama-Aizkorri mendi lasterketa berezi egiten duela bertan arnasten den giroak: «Herriak dena ematen du lasterketa ondo joan dadin, eta pasio osoz egiten dute, gainera». Turismo aldetik, Goiriak adierazi du «maratoiak munduan kokatzen» gaituela, eta «txirrindularitzan Tourrak duen adinako harrabotsa» duela Zegamako lasterketak.

Horrez gain, Turismo zuzendariak azaldu du lasterketa sortu zenean ekimena abiatzeko arrazoi nagusia izan zela herria «dinamizatzea»: «Zegamako herria biztanleria galtzen ari zen, eta lasterketa sortu zuten pixka bat hori mugiarazteko. Hain justu, horrek ematen du lurraldean egotea nahi dugun oreka: barne turismoa mugitzea, eta jasangarri egitea. Zegama-Aizkorri gure lasterketa kutuna da turistak erakartzen dituelako». 2002an egin zen aurrenekoz Zegama-Aizkorri mendi maratoia.

Bere aldetik, Joseba Izagirre Zegamako alkateak, Goiriak esandakoari erantzunez, adierazi du «garai bateko beharrak, elkarlanak, irudimenak, eta ilusioak» eragindako ekimena dela, eta nabarmendu herri txikien eguneroko borroka dela «geroa bermatzea». «Herritarrak herriarekin identifikatuta sentitu behar du, eta horregatik da gure helburu nagusia da herritarrak Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ardatz izatea», azpimarratu du Zegamako alkateak.

Horrez gain, Izagirrek esan du lasterketak erdigunera ekartzen dituela, haren ustez, «zoritxarrez», gizartean galtzen ari diren zenbait balore: auzolana, parte-hartzea, sakrifizioa... Lasterketa bukatu eta hurrengo egunean, Zegamako alkateak adierazi du haien lehentasun nagusia dela «parajea, gutxienez, lehen bezain garbi eta erakargarri uztea».

Ibilbidea, ohikoa

Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri maratoiko antolatzaileetako bat denak azaldu ditu lasterketaren nondik norakoak. Ibilbideari dagokionez, ez da ezer aldatuko, eta ohiko moduan egingo da. Bestalde, Aierbek azaldu du antolatzaileek emakumezkoen parte-hartzea bultzatzeko asmoz, zozkatzen diren 125 dortsalen artean, 25 emakumeentzat izango direla, nahiz eta izena emateko eskaeretan emakumeak %16a izan. Aldi berean, lasterketako antolatzaileak azpimarratu du juniorretan gero eta neska gehiagok parte hartzen dutela, eta, beraz, denbora kontua dela neskak mutilen kopurua berdintzea.

Horrez gain, Aierbek nabarmendu du ahalegin berezia egiten ari direla plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzeko, eta erabiltzen dena birziklatzeko. «Publizitatea jartzen dugun hesietan, plastikoaren ordez trapuzko materiala erabili genuen iaz, datorren urteetan ere erabiltzeko. Berdina egin dugu seinaleztapenetan geziak jarrita. Erabiltzen diren ur botilak ere birziklatu egiten ditugu, eta iaz, esaterako, eskolako umeentzat boligrafoak egin genituen material horrekin».

Zentzu horretan ere, maratoiko antolatzaileak azpimarratu du ikusleek ere nork bere harri-koskorra ekartzen duela: «Lasterketa bukatzen denean talde batek errebisatzen du ibilbide guztia, geratu den zaborra jasotzeko, eta pasa den urtean eskukada bat jaso zuten, huskeria bat, alegia. Ikusten da jendea kontzientziatuta dagoela alor horretan, eta hori harro sentitzeko modukoa da».

Lasterketak duen berezko «nortasun berezia» ere goraipatu du Aierbek, eta horri eustearen garrantzia azpimarratu: «Korrikalari askok esanda, Kilian Jornetetik hasita, Zegamak nortasun berezia du. Gainerako lasterketa handiekin alderatuta, denek antolakuntza profesionala dute, eta sentimendu aldetik, ez du mezu berdina ez korrikalarientzat ezta ikusleentzat ere. Eta hori Zegaman nabaritu egiten da».

Bi urtez bertan behera geratu ondoren, munduko mendi maratoirik esanguratsuena 2022an itzuli zen errekor edizio batekin: Kilian Jornetek eta Nienke Brinkmanek lortu zuten garaipena 2017ko errekorrak hautsiz, 3:36.40 eta 4:16.43 denborarekin, hurrenez hurren. Eta audientzia errekorra ere izan zen: maratoiaren lehen emanaldi osoa zen hartan, Youtubeko historian bistaratze gehien izan zituen gaztelaniazko trail lasterketa bihurtu zen. Mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izan zen zuzenean Teledeporte, Euskal Irrati Telebista (EITB), TV3-Esports3 eta ingelesez eskaini zuen Golden Trail World Series bere Youtubeko katearen bidez. NAIZek ere streaming bidez eman zuen, antolakuntzak zabaldutako seinalearen bidez.