Lagunartean esango dio agur Andoni Aretxabaletak esku pilotari Markina-Xemeinen
Goizean pala, zesta eta eskuko partidak izango dira pilotalekuan, ondoren herri bazkaria eta arratsaldean festa Markina-Xemeingo kaleetara zabalduko da.
Urriaren 22an Bizkaia pilotalekuan izandako jaialdi batean esan zion agur «ofizialki» bere pilotari profesional ibilbideari, bere enpresak antolatutako omenaldi txikiarekin. Markinarrak, ordea, oso argi zuen etxean, Markinan, eta lagun artean beste agur bat izan nahi zuela eta hori bihar izango da, jaioterrian antolatu duten egun osoko egitarauaren baitan. Udazkenean gertatu zitzaion moduan, eskuko hatzean izandako hausturak ez dio despedida zuriz jantzita egiten utziko, baina ziur Unian eta Markina-Xemein osoan sekulako giroa izango dela bere ibilbide osoan bizipoza zabaldu duen kirolari honen inguruan.
Harro egon daiteke Andoni Aretxabaleta, joan den leku guztietan lagun handiak utzi dituelako eta horren erakusleiho izango da goizeko 11.30etatik 14.30ak antolatu duten pilota jaialdia. Hiru jokamoldeetan arituko dira bazkal aurretik izango den kirol ikuskizunean. Palaz hasiko dira eta jokatuko dutenen artean, Iker Camaño txirrindulari ohiak eta Asier Del Horno futbolari oihak bikote egingo dute Berasa eta Albizuriren aurka. Zestaz inguruko profesionalen arteko funtzioa izango da jarraian eta bertan arituko direnak Alex-Zabala eta Arbe-Salegi izango dira. Eskuzko binakako partida batek emango dio amaiera goizeko ekitaldiari eta bertan arituko direnak Pablo Berasaluze-Mikel Goñi eta Uriona-Erasun izango dira. Hasiera batean Ibai Zabala zen Urionaren atzelari aritzekoa, baina azkenean ezin izango du eta Baikon eta Asegarcen hainbat urtez kide izan zuen beste pilotari bat arituko da.
Pilotalekutik kiroldegira egingo dute handik, bertan herri bazkari bat antolatu baitute eta arratsalderako triki-poteoa izango da, giro bikaina ziurtatuta dagoelarik.